GARA
DURANGO

Ikama antolakundeak unibertsitatera salto egingo du, sortu eta lau urtera

Bere jarduera eremua zabalduko du Ikama (Ikasleria Martxan) gazte antolakundeak eta bigarren hezkuntzatik unibertsitatera salto egingo du. Lanbide Heziketan ere jardungo du aurrerantzean, baina erritmo lasaiago batean. II. Kongresuko ponentzia aurkeztu dute Durangon.

Ikamak kongresuaren ponentziaren berri emateko Durangon egin zuen ekitaldia.
Ikamak kongresuaren ponentziaren berri emateko Durangon egin zuen ekitaldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Unibertsitatera eta Lanbide Heziketara ireki du bere lan eremua Ikama antolakundeak, atzo Durangon iragarri zuenez. Sortu eta lau urtera, bere lehenengo kongresuko ponentzia aurkeztu zuen antolakunde ezkertiar eta independentistak eta, zehaztu zuenez, «euskal hezkuntza sistema publiko komunitarioa» lortzea izango du helburu.

Euskal Herriko hezkuntzaren eta ikasleriaren egoeraren analisi sakona jasotzen du Ikamaren ponentziak. Ahulgune gisa aipatzen dira, besteak beste, curriculum propiorik ez izatea eta Estatu espainolarena eta frantsesarena «inposatzen» direla. Beraz, ohartarazten dute hezkuntza sistema «irauli ezean», euskal kulturak eta euskarak «arriskuan» jarraituko dutela.

GAZTEEN ZAPALKUNTZA

Ikasleei dagokienez, gazte izateagatik zapalkuntza jasaten dutela deitoratu zuten Ikamako kideek Durangon. Bigarren Hezkuntzan, adibidez, irakaslea eredu hartzen denez, ikasleak ez dira subjektu politiko gisa aitortuak, beraien esanetan. Unibertsitatean, aldiz, ikasleak jatorrizko herri edo hirietatik lekualdatu beharra seinalatu zuten eta horrek dakarren ikasketen garestitzea eta lan prekarizatuak egin beharra. Lanbide Heziketan zikloak laburrak dira eta «antolatzeko baldintza egokirik ez dago», gaineratu zuten.

Beraien xedea «ahalik eta ikasle gehienen errealitateak aldatzea» den heinean, «errealitate materiala eta subjektiboa zapaldua duen ikasle ororengana» zuzenduko dira.

LAN DINAMIKOA

Lan egiteko moduari dagokionez, formakuntzarako tresnak eta erabakiak hartzeko mekanismoak, kongresuak, bozkatzeko aukerak eta Bilgune Nazionala, esaterako, jarriko ditu martxan Ikamak. Bestalde, kongresua lau urtean behin egingo du, bi urtean behin hurrengo biurtekora begirako plan politikoa osatuko du eta ikasturte bakoitzerako plangintza ere egingo dute.

Antolakuntza kudeatzeko Aparatu Nazionala sortuko dute, barnean hainbat lantalde izango dituena, bakoitza zeregin batera bideratuta.