2015 URT. 26 Zortzimilakoak | Nanga Parbat neguan Bosgarrenean ere, bertan behera utzi du Tomasz Mackiewicz poloniarrak ezin izan du Nanga Parbat neguan igo. 6.500 metroko garaieran istripua izan eta saihets bat hautsi du. Elisabeth Revolekin egiten ari zen saioa; 7.800 metrora heldu ziren. Andoni ARABAOLAZA «Nanga Parbat neguan igotzeko egiten ari nintzen saioa bertan behera utzi behar izan dut. Artesi handi bat igarotzen ari nintzen bitartean, elurrezko zubia hautsi eta 50 metroko eroria izan nuen. Horren ondorioz, saihets batean eta hanka batean min hartu dut». Horrela mintzatu da Tomasz Mackiewicz poloniarra; hain zuzen ere, azken bost urteotan zortzimilakoan neguan saiatu den protagonista nagusia. Bost aldiz, bai; bost negu jo eta su jardun du poloniarrak, eta, beste behin, burumakur itzuli da etxera. Alabaina, aurten ere saio ederra egin du. Elisabeth Revol frantsesarekin lotu zen sokara, eta biak ala biak gai izan ziren 7.800 metroko garaierara heltzeko. Hautatutako bidea, berriz: 2000. urtean Reinhold Messner eta Hanspeter Ensendle saiatutako bidea. Txalotzeko moduko ekinaldia izan da, orain arte zortzimilako horretan bigarren altuera handiena sinatu dutelako. Zbigniew Trzmiel poloniarrak soilik igo zituen metro gutxi batzuk gehiago 1997. urtean, baina «Kinshofer» marratik. Mackiewicz eta Revolek astebete egin zuten saio horrekin. Laugarren kanpalekua 7.000 metrora atondu zuten. Kanpalekua 200 metro gorago jarri nahi zuten, baina oraindik ez zeuden girora ondo egokituta eta baldintzak ere gogorrak ziren. Poloniarrak adierazi duenez, ekinaldi horretan 7.800 metrora heldu ziren: «Garaiera horretara heltzeagatik pozik nago, baina gaua heltzeko gutxi falta zen eta atzera egin genuen. Gailurra egiteko 300 metroko desnibela falta zitzaigun, baina kontuan hartu behar da tontor hori 2 kilometroko distantziara genuela. Ezinezkoa zen aurrera egitea». Istripua Protagonistak kanpaleku nagusira jaisten ari ziren, besteak beste, atseden hartzeko eta beste saio bat prestatzeko. Baina horretan zirela, 6.500 metroko garaieran poloniarrak istripua izan zuen: «Elisa aurretik zihoan, oso arina da eta ez zuen elur zubia hautsi. Nire lehen urratsarekin, berriz, puskatu egin zen, eta 50 metroko erorikoa izan nuen. Kolpe gogor asko hartu nituen eta ez nintzen gai izan neure kabuz handik ateratzeko. Elisa izan zen artesiaren iluntasunetik irteten lagundu zidana. Zauri horien ondorioz, bi egun behar izan nituen kanpaleku nagusira heltzeko. Saihets bat hautsita dut, eta agian birika bat zulatuta. Hanka batean ere min hartu nuen. Baina bizirik nago. Pena handia izan dut, beste saio bati ekiteko prest nengoelako». Bien bitartean, beste alpinista batzuek Nanga Parbat igotzen dihardute: Daniele Nardik bakarka «Mummery» espoloitik eta talde errusiar batek «Schell» marratik. Azken hauek 7.150 metrora iritsi dira. Poloniarra Tomasz Mackiewicz etxera itzuli da istripu baten ondorioz. Bere bosgarren denboraldia zuen Nanga Parbaten. Elisabeth Revolekin jardun du. Istripua. 6.500 metroko garaieran, poloniarra 50 metroko artesi batean erori eta saihets bat hautsi zuen. Revolen laguntzarekin irten zen.