2015 OTS. 02 Blokea Munduko proposamen gogorrenetarikoa Daniel Woods, oso sasoiko, «The Process» lehena sinatzen Nazioarteko espezialista askok Bishopeko bloke horren atzetik jardun dute, baina eskalatzaile estatubatuarrak korapiloa askatu egin du. Woodsen ustetan, V16 edo 8c+ zailtasuna izan dezake. «The Process» munduko bloke gogorrenetarikoen artean dago. Andoni ARABAOLAZA «The Process» mega xede bezala aurkeztua izan da behin baino gehiagotan. Muturreko korapilo horren atzetik munduko blokeko espezialista sasoikoenak ibili dira. Bai, azken lau urteotan Kevin Jorgesonek, Carlos Treversik, Dan Beallek... jo eta su jardun dute. Eta, beraz, ez dago inolako zalantzarik urtarrilaren 18an Daniel Woodsek lortutakoak lehen lerroan jarri duela. Eta, zergatik hori? Bada, zailtasunari dagokionez, Woodsek aurreratu duelako V16 (estatubatuar eskala) edo 8c+ (Fontainebleauko eskala) izan daitekeela. Hots, egun graduaren inguruan askatu den munduko proposamen gogorrenetarikoa. «Bai, helduleku oso txikiak dituen 8c+ zailtasuneko blokea izan daiteke; uste dut proposamen hori egokiena izan daitekeela. Hala eta guztiz ere, oraindik `Goia' [hilabete honetan saiatuko da] eta `Bugeleisen sit» blokeak sinatu behar ditut `The Processen' azken proposamena baieztatu aurretik. Hori bai, ez dut zalantzarik poltsikora sartu berri dudan bloke hau inoiz egin dudan eskalada psikologikoena izan dela», aipatu du 25 urteko espezialistak. Aurreratu dugu «The Process» Bishopen (AEB) dela, Hain zuzen ere, Grandpa Peabody izeneko highball edo bloke garaian. Gogora dezagun, duela urtebete, bloke berean, Woodsek «Lucid dreaming» blokearen (8c) lehen errepikapena egin zuela. Bada, bere alboan aipatu dugun mega xede hori askatu du, eta «The Process» izena jarri dio. Ondoko irudian ikusten den bezala, «The Process» «Social distorsion» blokearen luzapen bat da. Azken bloke horrek, berez, azken bolada honetan «Blood meridian» izena hartu du. Azken hau lauza batean amaitzen da, eta «The Process»-en 8b+ graduko beste hiru mugimendu egin behar dira. Eta amaitzeko, behin desplometik irten ondoren, 7c+ zailtasuneko beste zazpi mugimendu gainditu behar dira; guztiak ala guztiak plakan. Eta, jakina, sei metroko garaiera duen «The Process» goitik irteten da. Baina denbora luzez probatu ondoren, estatubatuarrak azkenean korapiloa askatu du. Urtarrilaren 18an izan zen, gauez gainera: «Gau hura oso berezia izan zen. Bloke horrekin urduri nengoen, baina era berean bakean. Dan Beallekin batera makina bat saio egin ditut. Egun argiz bero egiten duenez, `The Process'-en baldintzak oso txarrak dira, eta, horregatik, gaueko saioari ekin genion. Horrek guztiak azpiegitura bitxi bat eskatzen du. Hainbat kidek baieztatu ziguten prest zirela gu laguntzeko; hots, fokuak, kopetako-argiak... erabiltzeko. Hainbeste `argitasunekin' nire sentsazioak ez ziren batere lasaiak, kopetako-argiarekin gauez eskalatzea pixka bat surrealista zelako. Behin korapiloa askatu ondoren, txalotu behar dut Danen jarrera; marra hori egingarria iruditu zitzaiolako, garbitu zuelako eta gainerako eskalatzaileekin partekatu duelako». Bai, Woodsek oso hitz onak izan ditu Beallekin; izan ere, azken eskalatzaile hau «The Process»-en saio gehien egin dituena izan delako. Bloke gogorrenak Eskalatzaile estatubatuarrak berak aurreratu du «The Process»-en zailtasun egokiena 8c+ dela, baina oraindik gradu horretako beste pare bat korapilo eskalatu nahi dituela. Kirol eskaladan ez bezala, boulderrean graduaren kontuak ez du eboluzio bera izan. Espezialista batzuek diote nolabaiteko «beldurra» dagoela muturreko blokeetan proposamenak egiteko. Hau da, 8c+ bat proposatzen denean, ia kasu gehienetan plus hori kendu eta 8c graduan geratzen da. Horrela bada, momentuz, 8c+ da blokean dagoen zailtasunik gorena, eta horregatik batzuek diote Woodsek «The Process»-en egin duena beste maila batean sartu duela. Gogora dezagun, estatubatuarrak azken xede hori sinatu aurretik 8c zailtasuneko 19 bloke patrikan zituela; horietako 10, lehen igoerak izan dira. Eta hori guztia gutxi ez eta, 8c horiek guztiek ez dute dekotaziorik izan; beste era batera esanda, ez dira graduan jaitsi. Beraz, ondoriozta daiteke Woodsek «The Process»-en inguruan eginiko proposamenak bide egokia hartu duela. Blokeko muturreko zailtasunari begiradatxo bat ematen badiogu, konturatuko gara 8c+ bezala proposatu diren guztiek ez dutela kontsentsurik jaso. Batzuk dekotatu egin dira, eta beste batzuk, ordea, zeharkaldi luze bezala hartu dira. Muturreko graduaren inguruko aipamen txiki batzuk. «The wheel of life»-k (Australia) 60 mugimendu ditu, eta blokearen ezaugarriak baino kirol eskaladako bide batenak ditu. Eta 8c+ bezala proposatu eta 8c zailtasunean geratu direnak batzuk-batzuk badira: «Tonino´78» (Italia), «The story of two words» (Suitza), «Memento» (Austria), «Terremer» (AEB), «Lucid dreaming» (AEB)... Bada, azken bloke hori aipatu dugunez, aurreratu behar dizuegu kirol eskaladan egun dugun protagonista sasoikoenetariko batek, Alex Megosek, bloke horren hirugarren igoera egin berri duela; hots, Paul Robinson eta Woodsen atzetik. Bitxia egiten bada ere (oro har, xede gehienak oso saio gutxitan ateratzen ditu), eskalatzaile alemaniarrak «Lucid dreaming» blokea egiteko makina bat ekinaldi behar izan ditu: «Amets bat bezalakoa izan da, baina azkenean lortu dut. Uste dut inoiz egin dudan blokerik gogorrena izan dela. Eta, jakina, denbora gehien eskatu didan proiektua. Aitortu behar dut bloke hau egin nuen egunean baldintzak oso kaskarrak zirela. Batez ere, hezetasun handia zegoen, eta goiko plakan eskalatzea ez zen batere erraza izan. Sekzio horretan tentsio uneak bizi izan nituen. Berez, hiru mugimendu gogor ditu, eta guztiak ala guztiak era perfektu batean egin behar dituzu. Blokearen mugimendu gogorrena bigarren saioan atera nuen, baina gogor borrokatu behar izan nuen plakan zeuden mugimenduekin. Ez dira zailak, baina, aurreratu dudan bezala, oso hezeak zeuden. Guztira, hamaika eguneko lan saioa egin dut; beraz, bai, kosta egin zait». ZAILTASUNA. Woodsek aurreratu du 8c+ gradua izan daitekeela. Halere, gaineratu du oraindik muturreko beste pare bat bloke probatu nahi dituela, azken iritzia eman aurretik.