2015 OTS. 02 Alpinismoa Highlands Eskoziako neguko bideetan mugimendu «bero» eta bikaina Eskozian, Greg Boswellek eta Guy Robertsonek osatutako sokadak X/10 zailtasuneko bi bide eskalatu ditu astebetean: «The Greatest Show on Earth» eta «Range War». Biak ala biak lehen igoerak izan dira. Ian Parnell eta Pete Harrisonek ere Galesen neguko X gradua sinatu dute. Andoni ARABAOLAZA Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu eskoziar eskalada eta haren inguruan jartzen dituzten graduak (hots, eskala) Europako mendebaldeko alpinista zein eskalatzaileentzat arrotza eta ia «ulertezina» gertatzen dela. Berdin dio harkaitzean zein neguko bideetan egiten diren jardueraren inguruan aipatzen dituzten zailtasunak; guri buruhauste bat baino gehiago eragiten dizkigute. Orriotan, estilo horretan egiten diren eskaladen berri eman dizuegu, eta oraingoan ere azken denboraldi honetan sinatu direnen inguruan aipamen batzuk dakarzkizuegu. Guztiak ala guztiak, esan bezala, neguko jarduerak dira. Oro har, Eskoziako mendien zein pareten ezaugarriak ikusita, ohartuko gara egiten diren eskaladak ez direla luzeak; hots, luze gutxitako igoerak izaten dira. Baina, halaber, eskalada horren garrantziaz jabetzeko, aipatutakoari pare bat eite gehitu behar dizkiogu. Batetik, esan behar dugu ingurumari gogorra dela; oso hotza eta haizetsua. Eta bestetik, azpimarratu behar dugu alderdi hartan indarrean jartzen duten estiloa. Soilik datu adierazgarri bat: paraboltak debekatuta daude. Eta, agian, benetan argitu dezakeen beste aspektu bat orriotan (ikus daitekeelako) dituzuen argazkiak dira. Beraz, irudi horiekin eta jarraian emango dugun informazioarekin irakurleak bere ondorioak atera beharko ditu. Hauxe da, beraz, Eskoziako neguko eskalada kokatzeko jarri ditugun hainbat lerroburu. Ondoren, herrialde horretako hainbat murrutan izan diren eskalada bikain batzuk zuenganatuko ditugu. Hasteko eta behin, azken asteotan protagonista bihurtu diren bi alpinista aipatu behar ditugu: Greg Boswell eta Guy Robertson. Bada, biek ala biek, astebetean, X/10 zailtasuneko bina bide poltsikoan sartu dituzte. Lehena, Coire Gormen zabaldutako marra berria: «The Greatest Show on Earth». Sortu berri duten marra berriari 4 izar eman dizkiote. Bide hori Robertsonek behin baino gehiagotan aztertu zuen, eta, azkenean, baldintza egokiak ikusi ondoren, asmoan buru-belarri sartu ziren: «Eskalatu gabe zegoen murru bat da, behealdean sabai handi batekin. Horretaz gain, zintzilik dauden hainbat izotz kandela eta hainbat bloke solte ditu. Eta, gainera, aseguratzeko ez duzu ziurtasun osorik». Protagonistek aurreratu dutenez, zailtasun handienak marraren lehen zatian aurkitu zituzten. Adibidez, lehen luzean izotza bazegoen ere torlojurik ezin izan zuten jarri: «Luze gogor hori eskalatu ondoren, ohartu ginen bigarrena are gogorragoa zela. Lehen izotz zutabean Gregek bi gako txar jarri zituen, ondoren bloke arriskutsu bat saihestu zuen eta amaitzeko sabaiari ekin zion. Nik, berriz, komeriak pasa nituen. Sabaiaren oinarrira heldu eta ohartu nintzen nire azken segurua oso urrun zegoela eta erlaitz baten kontra jotzeko arriskua nuela. Baina, azkenean, sekzio hori nik ere gainditu nuen». Zailtasun handienak igaro ondoren, alpinistok adierazi dute aurretik geratzen zitzaizkien luzeak gozatzeko modukoak zirela. Boswellek ere honako hau gehitu nahi izan du: «Inolako zalantzarik gabe, eskalada zoragarria izan zen. Gainera, kontuan hartu behar da Eskozian inoiz egin dudan luze gogorrenetariko bat bistan sinatu dudala». Maila jaitsi gabe «The Greatest Show on Earth» bidea egin ondoren, egun batzuetara protagonistok beste X/10 zailtasuneko proposamen bat egin zuten. «Range War» du izena, eta Dubch Loch alderdian da. Berez, bide hori zabalduta zegoen: «Hainbat kidek adierazi ziguten marra hori udan E4 gradukoa dela, baina oso hezea eta zikina dela. Eta gehitu ziguten neguko baldintzetan oso aproposa eta gogorra izan zitekeela mistoko abentura bat izateko. Horrela bada, xede horren aukera aprobetxatu genuen». Bidearen lehen luzean, eskalatzaileek aldaera bat egin zuten neguko igoera bat egiteko askoz egokiagoa iruditu zitzaielako: «Bigarren luzean beste sabai batekin egin genuen topo, eta aurreko egunetan eskalatu genuen bidean bezala sabai horrek kilimak egin zizkigun: «Berriro Greg sokaburu zen. Gure gainean izotz gortina arriskutsu bat genuen. Urduri jarri nintzen. Zati teknikoa eta eroria zuena zen, eta gainera oso ezegonkorra. Baina Gregek oso ondo eskalatu zuen, eta sabaiaren gainean zegoen kobara heldu zen». Marraren bigarren zatian ez zuten apenas arazorik izan, eta, protagonistek azken hiru urteotan zuten xedea sinatzea lortu zuten. Hitz gutxitan esanda, Boswell eta Robertsonek astebete borobila izan dute. X/10 zailtasuneko bina bide eskalatu dituzte, eta, gainera, Boswellek bi marra horien luze zailenak bistan egin ditu. Galesen ere bai Eskoziatik salto egin eta Gales aldera abiatuko gara, herriade horretan ere aipatzeko moduko jarduera bat izan delako. Jakina denez, Eskozia eta Gales oso ezberdinak dira; hots, ez dituzte neguko baldintza berberak. Galeseko neguko bideak, adibidez, oso azkar urtzen dira: «Oso gutxitan egoten dira baldintza egokietan, eta guk zorte handia izan genuen. Marra efimeroak dira; oso bereziak». Neguko eskalada aipagarriena Ian Parnell eta Pete Harrisonek sinatu dute. Eskalatutako bideak soilik bi luze eta 60 metro ditu, eta hura gainditu ostean, X, 9 zailtasuna jarri diote. Hori bai, eskalatzaileok gogora ekarri nahi dute bide horrek ez duela iltze bat bera ere. Harrisonek aurreratu du bidearen giltza tentea dela, erori pixka batekin, zulo txiki eta txarrak dituela eta aseguratzeko oso gogorra. Aipatu behar da, marra hori bistan egin dutela. ESKOZIA. Greg Boswellek eta Guy Robertsonek, astebetean, X/10 zailtasuneko bina bide eskalatu berri dituzte. Boswellek, gainera, bistan sinatu ditu.