2015 OTS. 09 PATAGONIA | Aldi berean Paineko Dorreen zeharkaldia egin duen lehen sokada Paula Alegre, Esteban Degregori eta Oriol Barok hiru erpinak lotzeko hiru egun behar izan zituzten. Hirukotea zeharkaldi hori lortzen lehen sokada izan da. Atzetik, beste sokada batek ere lortu zuen xede hori. Andoni ARABAOLAZA Argentinako zein Txileko Patagonian ohiko denboraldiak aurrera jarraitzen du. Oraingo honetan, Txileko erpinetan egingo dugu geldialdia; hain zuzen ere, sona handia duten Paineko Dorreetan. Izan ere, hiru dorre horien zeharkaldia sinatu duen lehen sokadari erreparatzeko. Protagonistak honakoak dira: Paula Alegre, Esteban Degregori eta Oriol Baro. Jarduera burutzeko, hirukoteak hiru egun behar izan ditu. Atzetik, eta oso denbora gutxira, Iñaki Coussirat eta Juan eta Cristobal Señoret anaiek ere kateatze hori poltsikoratu zuten. Hauek ere zeharkaldia hiru egunean bukatu zuten. Bi sokadek, gainera, bi bibak partekatu zituzten. Beste era batera esanda, zeharkaldia une berean hasi zuten, baina bide ezberdinak hautatuz. Bigarren talde horrek pixka bat beranduago bukatu zuen, baina horren arrazoia da eskalatu zituzten bideak zailagoak zirela. Ez da lehen aldia hiru dorreak, Iparra, Erdikoa eta Hegoa, lotzen direna. Aurretik asmo hori bitan erdietsi da. Eta bietan ala bietan, bakarka poltsikoratu da. Lehena, Steve Schneider estatubatuarra izan zen, 2002an. Bestea, Pedro Cifuentes, 2013an borobildu baitzuen xede hori. Paineko Dorreen skyline izeneko jarduera hori egiteko, lehen hirukoteak Schneiderrek eginiko bideari jarraitu zion; hots, Ipar Dorrean «Monzino» bidea, Erdikoan «Bonnington-Williams» eta Hego Dorrean «Aste». Beste sokadak, berriz, Cifuentesek eskalatutako ia ibilbide bera egin zuen: Ipar Dorrean «Spirito libero» eta «Cuenca es unica», Erdikoan «Bonington-Whillans» eta Hego Dorrean «Aste». Eguraldi ona Protagonista guztietatik batek, bederen, Cristobal Señoretek, zeharkaldia egiteko grina berezia zuen. Protagonista honek aitortu duenez, xede horren atzetik urte asko egin ditu: «Hiru dorre horiek kateatzea eskalatzaile batentzat egundoko abentura da. Duela bi urte hiru erpin horiek eskalatu nituen denboraldi batean, baina, jakina, lotu gabe. Iaz, berriz, Sebastian Rojasekin batera zeharkaldi hori borobiltzeko saio bat egin nuen, baina eguraldi gaiztoa izan genuen eta gure asmoak bertan behera utzi genituen. Zorionez, aurten eguraldi leiho on bat izan dugu, eta zeharkaldia egiteko ia eragozpenik ez dugu izan». Bi taldeek batera lehen urratsa egin zuten. Xede horretan sokada eran lehenak izan direnek adierazi dute zeharkaldiaren giltza Erdiko Dorrea eskalatu ondoren dagoela: «Behin gailur hori eginda, hego aurpegitik rappelatu genuen; hor dago eskalada osoaren giltza. Bestalde, aipatu behar dugu xedearen hirugarren egunean, Hego Dorretik jaisteko Cifuentesek utzitako rappel batzuetatik jaitsi ginela». Hiru eguneko jarduera, beraz, bi taldeentzat. Gogora dezagun, Schneiderrek 51 ordu besterik ez zituela behar izan. PAINEKO DORREAK. Hiru erpinen zeharkaldiak beste bi errepikapen izan ditu. Sokada eran sinatu duten lehenak Paula Alegre, Esteban Degregori eta Oriol Baro izan dira.