Mikel Idoatek baikor ekin dio tratamendu berriari
Ez du eperik jarri nahi, baina itxaropentsu dago berandu baino lehen kantxetara itzuli ahal izateko.
Mikel Idoateri iazko irailaren 25ean egin zioten ezker eskuko ebakuntza Bilbon. Aurrez ere arazo dezente izan arren, San Fermin Torneoan hautsi zitzaion erabat ezkerra, eta uda osoa sendagilez sendagile eta masajistaz masajista eman zuen, irtenbide baten bila. Azkenean, ordea, ebakuntza egitea beste erremediorik ez zitzaion geratu, fibrosia sendatu eta arazoak sortzen zizkion «polea A1» izeneko azaltxoa kentzeko.
Ebakuntza ongi irten zen, eta orduan berriz ere pilotan jokatzeko epea bizpahiru hilabetekoa izango zela pentsatzen zuten. Baina eskuak ez du nahi bezala erantzun denbora horretan eta Idoateren berragerpena atzeratzen joan da. «Orain hilabete eta erdi hasi nintzen pilota ukitzen. Pilota goxoarekin ondo ibili naiz, baina gogorrarekin hastean mina sentitu nuen. Hasieran aurrerapen handiak egin nituen, baina gero estankatu egin nintzen», azaldu digu.
Hala ere, eta osatze prozesua nahi baino konplexuagoa izaten ari den arren, Txantreako pilotariak baikor jarraitzen du, orain jasotzen ari den tratamendu berriak emaitza hobeak emango dituelakoan. «Orain beste tratamendu batekin hasi naiz eta dena ongi irteten bada hiru aste barru edo berriz hasiko naiz pilotarekin probatzen. Ez dut esperantza galtzen eta berandu baino lehen itzuliko naizela espero dut».
Hori bai, kasu hauetan ohikoa izaten den moduan, Idoatek nahiago du epe zehatzik ez jarri eta apurka-apurka lanean jarraitu. «Pentsa ezazu, nik Eguberrietarako jokatzen egon nahi nuen eta hori aspaldi pasatu zen. Azkenean hobe da data zehatzik ez jartzea, zeren eta hilabete esan, hilabete pasatu, eta epe horiek ez badira uste bezala betetzen gogorra egiten da horri buelta ematea», onartzen du.
Bien bitartean, lan fisikoa egiten jarraitzen du Iruñeko pilota taldearekin batera. «Fisikoki hilabete asko daramatzat lanean, eta ea orain beste pauso bat ematea lortzen dudan. Zentrum-en jarraitzen dut entrenatzen, topera beste pilotariekin batera». Dioenez, gainera, on egiten dio beste kirolariekin batera lan egiteak: «Batetik, kirola asko gustatzen zaidalako eta ongi sentiarazten nauelako, eta bestetik, itzultzen banaiz, fisikoki behintzat ongi prestatuta egon nahi dudalako».
Zuzenbide ikasketak bukatzeko ez zaio asko falta aurrelari nafarrari -«martxotik ekainera dauzkat azkenengo ikasgaiak»-, eta kontatzen duenez, pilota partidak ikusteko gogoa ere ez du galdu. Are gehiago, beste modu batera jarraitzeko aukera ere eman omen dio lesioak. «Pilota asko ikusi dut, lesionatu nintzen egunetik gainera, eta gozatu egiten dut. Azkenean beste ikuspuntu batetik jartzen zara begira: jada ez zaude pentsatzen ea zure hurrengo aurkariak zer egin duen edo horrelako ezer, plazer hutsagatik ikusten duzu eta hori ere ederra da».
Euskal Federazioaren espedizioa berriz ere San Frantziskora
Xabier Urbieta (Usurbil), Xabier Erostarbe (Zazpi Iturri), Aitor Atxotegi (Soraluze) eta Ibai Bolinaga (Soraluze) izango dira aurten Euskal Pilota Federazioarekin batera San Frantziskora bidaiatuko duten lau pilotariak bertan bi neurketa jokatzera. Federazioak kirol irizpideen arabera egin nahi zuen hautaketa, baina pilotari batzuk profesionaletan dira jada -Altuna edo Urruzola, esaterako-, eta beste batzuek beste arrazoiengatik uko egin behar izan dute. Gaur goizean ziren irtetekoak, lehenik Frankfurtera eta handik AEBetara, eta bertan egongo dira datorren asteazkenera arte. A.A.
Binakako Txapelketari dagokionez, bi material aukeraketa egingo dituzte gaur. Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Barriola 11.30ean elkartuko dira Gasteizen; Berasaluze II-Zubieta eta Urrutikoetxea-Beroiz (edo Ibai Zabala) 16.00etan Bilbon. Tolosako biak, bihar 11.30ean.
Espero zen moduan, Asegarcek atzo baieztatu zuen Aimar Olaizolak ez duela jokatuko igandean Bilbon, eta bere lekua Mikel Urrutikoetxeak hartuko duela. Goizuetarrak eskuin sorbalda inguruan gainkarga muskularra du eta hirugarren astez jarraian baja izango da.