GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoen Buruz Burukoa

Battitte Ducassouk aginte makila atera du

Itsasuko gazteak ez zion inongo aukerarik eman Peio Larralderi. 0-1 galtzen hasi zen, baina hortik aurrera erabat nagusitu eta aurkaria gainditu zuen.


DUCASSOU 40

LARRALDE 21

Battite Ducassouk bere bizitzako lehen Buruz Burukoa irabazi zuen, eta 23 urterekin argi eta garbi utzi zuen asko jantz ditzakeela oraindik, nahiz eta aurrean zuena bera baino bi urte gazteagoa den.

Atzoko finala ez zen ikusgarria izan, baina datu esanguratsu asko utzi zituen, eta onak gainera. Historiako finalik gazteena izan zen atzokoa, 23 eta 21 urteko bi gazte izan baitziren aurrez aurre. Aspaldiko partez, gainera, sarrera guztiak agortu eta ehunka ikusle geratu ziren kanpoan sartu ezinik. Etorkizunari begira benetan berri pozgarria da hori.

Partidak berak ez zuen emoziorik izan. Ducassou zen faboritoa, eta Itsasukoak ez zuen barkatu. Aurrean erabat nerbioek jandako aurkaria izan zuen, eta ez zuen batere estutu. Hala ere, egin beharreko guztia bikain egin zuen eta ongi merezitako txapela jantzi zuen.

Orekarik gabe

Berdinketa bakarra izan zen markagailuan, banakoa. Larralde ere izan zen aurretik markagailuan, baina behin baino ez; hortik aurrera atzetik izan zen. Ducassouk 11-1eko partziala lortu zuen, eta horrekin sekulako aldea eskuratu zuen. 11-2koa jarri zuen Moderneko markagailuan.

Hortik aurrera nahi bezala eraman zuen finala. Saketik hamabost kintze egin zituen, ia erdiak, eta hasierako jokaldiarekin horrenbeste tanto egiten direnean ez dago galtzerik. Gainera, saketik Larraldek beste kintze bat ere oparitu zion, falta bat egin baitzuen, eta horrela ezin izan zuen gazteenak irabazi.

Ducassouk berea egiten jarraitu zuen, eta 27-11koarekin sekulako aldea egon zitekeela ematen zuen, baina Itsasukoak ez zuen dena berak egin nahi eta erritmoa jaitsi zuen. Peio Larraldek hori baliatu zuen markagailua itxuratzeko, atzokoan ez baitzuen beste ezertarako aukerarik izan.

Amaieran denak gustura atera ziren Modernetik. Final ona ez izan arren, trinketeko esku pilota profesionalak loraldi berri bat izan dezaken zantzuak agertu dira aurten, eta etorkizunari begira horixe da garrantzitsuena.

Sarrerarik gabe

Baionako Modernek betekada latza izan zuen, erabat bete baitziren harmailak, sarrera guztiak agortuta. Ehunka ikusle geratu ziren sartu ezinik.