Aldarriak
Lehen liburua du Jule Goikoetxeak, «Tractatus» izendatu du; Wittgensteinek idatzitako obraren izenkidea da, beraz. Ez dakigu handik edan duen Goikoetxeak, baina filosofiaren zorrotik bota du hautsa poema hauek osatzeko (aipuak ez dira gutxi), zibilizazioaren gaineko gogoeta aldarrikatzailea mamitzeko.
Lehen liburua izan arren, nago ez direla bere lehen poemak, nago disko gogorrean badituela sortak, badituela gogoetak, aldarrikapenak, mezuak. Poema landuak dira, barrenetik ateratzen diren aldarrikapen jantziak. Tratatu honetan emandako aleak behin baino gehiagotan irakurri behar dira, norberaren ulermenak ideia osa dezan.
Azkenaldian ohituak gaude poema narratiboak irakurtzera, mezu ezkutuak izan arren, esanahi zuzena dutenak. Hemen halako alerik ez da, halako asmorik ez dago, eta alde horretatik, barnerakoi itxura har dezakete irakurlearen begietara, baina alez ale, mezua azaleratuko zaigu, interpretazioa orriz orri doa eraikitzen, finean, guztietan, aldarrikapen usaina antzematen baita. Lerro batzuk azpimarratu ditut eta, ohartu naiz, atzeko azalean, lerro horiexek agertzen direla; alegia, eta nire misioa /kaosa zeharkatzea da /identitatea ezarri eta /absurdoa biribiltzea /zure gisako ugaztunek /jarrai dezaten /zentzuan bizi eta eternoki /egietara jolasten.
Uste dut lerro horiek ongi adierazten dutela liburuan gordetzen dena. Asko dira bigarren pertsonan idatzitako aleak, edo bigarren pertsonari idatzitakoak. Bigarren pertsona horretan bada zibilizazio kutsu bat, eta aldarriak bidaltzen dizkio ohar sexual eta erotikoetan, guda-oihuetan eta maitasunezko xuxurletan. Ezarritako arauen barnean jokatu beharrak akiturik, zentzuaren aginduetara ibiltzen aspertuta, norabideratu egin nahi du gizakia.
Ez du agerpen hutsala egin Goikoetxeak eta, behin plazan agertuta, gezi gehiago jaurtiko dituelakoan nago.