‘Hamahiru Arrosak’ fusilatu zituzten Madrilen duela 85 urte
1939ko abuztuaren 5ean hamahiru neska gazte fusilatu zituzten beste 50 gizonekin batera. ‘Hamahiru Arrosak’ jarri zioten izena talde horri, erdiak Juventudes Socialistas Unificadas taldeko militanteak.
Espainiako Gerra Zibila amaitu ostean, 1939ko abuztuaren 5ean, erregimen frankistak Madrilen fusilatu zituen hamahiru emakume gazteek osaturiko taldea. 18 eta 29 urte zituzten fusilatuak izan ziren gazteek, eta gehienak Juventudes Socialistas Unificadas (JSU) taldeko kideak ziren. Izatez, hamalau ziren fusilatutako emakumeak, Antonia Torre Yela ere fusilatu baitzuten 1940ko otsailaren 19an.
Armada frankistak Madril hartu eta gerra amaitu ostean abiatu ziren ezkutuan Juventudes Socialistak Unificadas taldea ezkutuan berrantolatzen. 1939ko uztailaren 27an, Isaac Gabaldonek, bere alaba eta gidariarekin batera bidaiatzen zuen autoaren aurkako atentatu bat eman zen, Extremadurako errepidetik zihoala, Talavera de la Reinatik gertu. Gabaldon komandantea, atentatuan hil zena, Madrilgo bosgarren zutabeko kide ohia zen eta, une hartan, kargu garrantzitsua zuen errepresiozko aparatu frankistan.
Abuztuaren 4an, lehen gerra-kontseilu sumarisimoa ospatu zen Madrilen; bertan, 67 salatuen artetik 65eri heriotza zigorra ezarri zieten, denak JSUko kideak, eta hurrengo egunean horien artetik 63 fusilatu zituzten. 63 horien artean zeuden ‘Hamahiru Arrosak’ eta beraien hilketak izan zuen oihartzun gehien.
‘Hamahiru Arrosak’ Carmen Barrero Aguado, Martina Barroso García, Blanca Brisac Vazquez, Pilar Bueno Ibañez, Julia Conesa Conesa, Adelina García Casillas, Elena Gil Olaya, Virtudes González Garcia, Ana Lopez Gallego, Joaquina Lopez Laffite, Dionisia Manzanero Salas, Victoria Muñoz García eta Luisa Rodríguez de la Fuente dira.
El Bercial deituriko Getafeko (Madril) auzo batean ‘Hamahiru Arrosen parkea’ deituriko parke bat dago, hamahiru emakume gazte haien omenez.