GAUR8
Gaur X urte

Gaur 109 urte jaio zen Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta idazlea

Gaur, 2024ko abuztuaren 20a, Koldo Mitxelenaren jaiotzaren 109. urteurrena ospatzen dugu, XX. mendeko euskal hizkuntzalaritzan eta kulturan eragin handiena izan zuen pertsonaietako bat. Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia fakultateko irakasle eta Euskaltzaindiko kide izan zen.

Koldo Mitxelena euskararen bateratze prozesuaren ardatz izan zen.
Koldo Mitxelena euskararen bateratze prozesuaren ardatz izan zen. (UPV/EHU)

Gaur 109 urte Koldo Mitxelena Elissalt euskal hizkuntzalari eta idazlea jaio zen Errenteriako artisau familia abertzale batean.

Hogeita bat urterekin joan zen gudari. Santoñan preso hartu zutelarik, heriotzara kondenatu zuten. El Dueso, Bilboko Larrinagan eta Burgosen egin zuen espetxealdia. Burgosen igaro zituen bost urteak latina, grekoa, frantsesa eta ingelesa ikasteko baliatu zituen.

Errenteriara itzuli eta zituen aurrekari penalak tarteko ezinezkoa zitzaion lan finko bat aurkitzea. Urte batzuk geroago, Galeuska berrantolatzen hasi zirela-eta, bigarrenez eraman zuten espetxera.

1948an atera zen kartzelatik, Matilde Martinez de Illarduyarekin ezkondu eta libretik matrikulatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letrak fakultatean.

1958an Euskal hizkuntza eta Literaturako Larramendi katedra hartu zuen Salamancako Unibertsitatean.

Euskararen arloan etapa berri bat zabaldu zuen Mitxelenak. 1952an sartu zen Euskaltzaindian eta erakundeak 1968ko urriaren 3, 4 eta 5erako deitu zuen euskararen batasunari buruzko batzarra Arantzazun, eta horretan hartu zuen parte Mitxelenak, euskara batuaren oinarriak ezarri zituena. Irakaskuntzan egindako bideak Sorbonako Unibertsitatean eta Salamancako Unibertsitatean eskolak ematera eraman zuen Koldo Mitxelena.

Azken urteetan, 1978tik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen eta euskal filologoen lehen promozioak prestatzen jardun zuen.