GAUR8

Hezeguneen Munduko Eguna ospatzeko jarduerak antolatu ditu iganderako Urdaibai Bird Centerrek

Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko dute igandean Urdaibai Bird Centerrek, naturgune horien garrantzia nabarmentzeko. Eraztun zientifikoak jartzeko saio batekin abiatuko dira jarduerak, doakoak izango dira guztiak baita sarrera ere.

Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko du Urdaibai Bird Centerrek igandean.
Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko du Urdaibai Bird Centerrek igandean. (Urdaibai Bird Center)

Urdaibai Bird Center zentroak zenbait jarduera antolatu ditu iganderako, otsailaren 2rako, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta lakuako Gobernuarekin elkarlanean, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta naturgune horien garrantzia nabarmentzeko. Sarrera doakoa izango da egun osoan, baita proposatutako ekimen ezberdinak ere.

Ohar bidez ingurumen zentroko arduradunek jakinarazi dute jarduerak 10.00etan hasiko direla, eraztun zientifikoak jartzeko jardunaldi batekin. Adin guztietakoko jendeari zuzendutako proposamena da.

Ordu erdi geroago, 10.30ean, padura ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu da; lekuak mugatuak dira eta, beraz, ezinbestekoa da 699 839 202 telefonora deituz erreserba egitea.

Nabarmendu dute hezeguneek «gozatzeko asko» eskaintzen dutela urteko sasoi honetan, «negua nagusitasuna galtzen eta udaberria esnatzen ari delako». Hegaztiak hegoaldetik iristen hasten diren garaia da, iparralderantz egiten dituzten bidaia luzeetan, zehaztu dute.

«Mokozabalak hezegunean gelditzen dira atseden hartzeko eta jatekoa bilatzeko. Udaberriko lehen zeinuak agertzen dira, ahateek beren galarik eta kolorerik onenak janzten dituzte emeen gorteatzeko, txori kantariek kontzertuak eskaintzen dituzte beren lurraldeak iragarri eta bikotea aurkitzeko. Hezegune osoa esnatzen da urtaro berrirako prestatuz», adierazi dute uneak duen berezitasuna azpimarratuz.

«Laster, Muxarrek (Urdaibaiko arrano arrantzale negutarra) Urdaibai utziko du eta iparraldeko bere umatze-lekuetara joango da», gogoratu du hegaztien behatokiak, eta gonbidapen modura, galdera zirraragarri bi bota ditu: «Babestuko al dugu padura bera ez dagoen bitartean? Leku lasai eta babestu bat ikusiko duzu datorren urtean zure pausalekutik?»