2024 UZT. 30 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen Emily Brontë britainiar idazle handia Emily Brontë gaurko egunez sortu zen, 1818an, Thorntonen, Ingalaterrako Yorkshire konderrian. Bi urte zituela familia Haworthera joan zen bizitzera. Han hil zen, 30 urterekin, 1848an. Urtebete lehenago argitaratu zuen ‘Wuthering Heights’ (Gailur ekaiztsuak), literatura ingeleseko klasikoa. Emily Brontë idazle handiaren marrazki bat. (WIKIPEDIA) GAUR8 Aitaren eraginez, giro intelektual batean hazi eta hezi ziren Brontë anai-arrebak. Hiru urterekin gelditu zen Emily amazurtz, eta barnetegi batera bidali zuten ahizpekin batera. Bi ahizpa zaharrenak tuberkulosiak jota hil ziren bertan, eta Charlotte eta Emily atera egin zituzten bertatik.Gelditzen ziren lau anai-arreben arteko harremana estutu egin zen, eta bizi ziren inguru latz hartan irudimenezko bi erreinu asmatu zituzten.1844rako Emilyk bere gaitasun poetikoa erakutsi zuen, bere istorioen liburuxketan gordetzen zituen elegiazko idatziekin; ‘To Imagination’, ‘Remembrance’ eta ‘Anticipation’, adibidez.1846an bere ahizpa Charlottek, kasualitatez, Emilyk idazten zituen olerkiak aurkitu zituen. Orduan, hiru Brontë ahizpek elkarrekin olerki liburu bat argitaratzea erabaki zuten. Emakumezko idazleei buruzko aurreiritziak eragozteko, hirurek gizonezkoen ezizenak erabili zituzten; Currer Bell, Ellis Bell eta Acton Bell, izengoitietan ahizpen inizialak gordez.Liburua oharkabean pasatu zen, baina Brontë ahizpek ez zuten horregatik amore eman, eta eleberri bana idatzi zuten. Hala, 1847an Emilyren ‘Gailur ekaiztsuak’ argitaratu zen, eta egitura berritzaileak kritikariak harritu zituen arren, literatura ingeleseko klasiko bilakatu zen. Azken urteetan Branwell neba zaintzeaz arduratu zen. Emilyk ere beti izan zuen osasun hauskorra eta tuberkulosiak jota hil zen.