GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 61 urte, Martin Luther King-ek bere amets iraultzaileak goratu zituen Washingtonen

«Ez da atsedenik eta lasaitasunik izango Amerikan, pertsona beltzek herritar gisa dituzten eskubideak bermatuta izan arte». Hala adierazi zuen Martin Luther King-ek 1963ko abuztuaren 28an, ‘I have a dream’ diskurtso famatuan. Gaur 61 urte betetzen dira ‘Askatasunaren eta Lanen aldeko Martxa’ Washingtonera iritsi zela.

Martin Luther King, ‘Amets bat dut’ hitzaldia ematen. (WIKIMEDIA)

1963ko abuztuaren 28an, gaur 61 urte, Martin Luther King apaiz afro-amerikarrak Washingtoneko ‘Askatasunaren eta Lanen aldeko Martxa’ gidatu zuen. Ordura arte gizartean bidegabekeriak izan ziren nagusi, bereziki beltzen kontra, eta King-en egintzak Estatu Batuetako dinamika arrazista aldatzen lagundu zuen hurrengo urteetan.

Kingek gidatutako mugimendu baketsuan 250.000 pertsonak parte hartu zuen, eta Eskubide Zibilen Legea (1964) eta Boto Eskubidearen Legea (1965) onartu zitzaten hauspotu zuen. Araudi horiek arraza, genero, erlijio eta jatorriaren ondoriozko diskriminazioa debekatzeko diseinatu ziren, eta mugarri bat ezarri zuten AEBetako gutxiengoen eskubideen aldeko borrokan.

Martxaren amaieran, King-ek bere diskurtso famatua zabaldu zuen jendaurrera: ‘I have a dream’ [Amets bat daukat]. Horrela, Martin Luther Kingek azaldu zuen garaia zela «segregazioaren haran ilun eta atsekabetutik arraza justiziaren bidezidor eguzkitsura igotzeko». «Ez da atsedenik eta lasaitasunik izango Amerikan, pertsona beltzek herritar gisa dituzten eskubideak bermatuta izan arte», nabarmendu zuen National Mall-en batu zen jendetzaren aurrean.

1964an, Bakearen Nobel Saria jaso zuen King-ek, arrazakeriaren kontrako eta eskubideen aldeko borrokan egindako lanarengatik.