2024 IRA. 16 Gaur X urte Gaur 43 urte Tene Mujika idazle eta politikaria hil zen 1981eko irailaren 16an zendu zen Robustiana Mujika, goitizenez Tene, euskal idazle eta politikaria Deban. Duela 43 urte hil zen Tene Mujika. (Maitane AZURMENDI | Wikimedia Commons) GAUR8 Duela 43 urte zendu zen Robustiana Mujika Egaña, Tene izenaz ezaguna, 1981eko irailaren 16an, 93 urte zituela. Idazle eta politikaria izan zen. Besteak beste, Emakume Abertzale Batzako lehendakari izan zen. 1888ko maiatzaren 2an jaio zen Mujika, Deban. Jaiotze eguneko santuaren izena jarri zioten aitak hala hitzeman zuelako, Robustiana. Izenari euskal kutsua eman nahian, Robustene hartu zuen, eta kontrakzioa eginez Tene. Gaztetatik aritu zen politikan eta literaturan. 1935ean Emakume Abertzale Batzako lehendakari izendatu zuten. 36ko gerraren ondoren, bere jarduera txikiagotu zen eta ‘Deva’ aldizkarian narrazio motzak argitaratu zituen. Batik bat Debako pertsonaiei eskainitako artikulu txikiak dira. Jaietako programan urtero idazten zuen eta 1964an lehen saria lortu zuen ‘Ondarroako Lore-Jokoetan’, euskal baserri-bizitzari buruzko kontaera poetiko onena izateagatik. Bere lanagatik, harreman estua izan zuen Polentzi Markiegi, Debako alkatearekin, Jose Antonio Aguirrerekin, Telesforo Monzonekin, bai eta Leizaolarekin ere. Hainbat hedabide eta argitalpenetan atera zituen argitara idatzitakoak Mujikak. Esate baterako, ‘Euskal Esnalea’, ‘Euzko-Deya’, ‘Gure Herria’, ‘Euskerea’, ‘El Dia’, ‘Euzkadi’, ‘Agur’, ‘Luzaro’, ‘Goiz-Argi’ eta ‘Deva’. 36 Gerra bitartean erbestera joan zenean testu asko galdu zituen, bere ahizpak, beldurtuta, erre zituelako. Bere jarduera literarioagatik eta Kardaberaz Elkarteko kidea izateagatik 1975ean Euskaltzaindiko Ohorezko kidea izendatu zuten. 1984ean Debako Udalak Tene Mujika lehen Literatur Lehiaketa deitu zuen eta 26 urtez jarraian burutu zen. 2006an Elkar argitaletxearekin batera Debako Udalak Tene Mujika lehiaketa Tene Mujika Beka bihurtzea erabaki zuen.