2015 URT. 31 analisia Ez zen garai elkorrik zulo beltzean Larraitz Ariznabarreta Mondragon Unibertsitateko irakasleak «Exilioa Po(e/li)tiko(a) da?» hitzaldia eskaini zuen unibertsitate bereko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan. Hemen, mahaigaineratu zituen galdera eta erantzunetako batzuk Badu oraindik euskal kulturak eta euskal kolektiboak klandestinitatearen beharrik? Badauka exilioaren beharrik? Kritikoa den pentsamendu guztia exiliotik bakarrik egin liteke, hau da, klandestinitatetik bakarrik? Erakundeetatik kanpora bakarrik egin daiteke, alegia? Larraitz Ariznabarreta Mondragon Unibertsitateko irakasleak eginak dira galderok. “Exilioa Po(e/li)tiko(a) da (?)” hitzaldia egin zuen unibertsitate bereko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan. «Instituzionalizazioak eta berrinstitu-zionaliziazioak –gaur egungo garaiek– guregan eta gure inguruan sortzen dituzten korapiloen inguruan hausnartzeko, exilioak balio oso nabarmena daukala iruditzen zait». Detektibeen lanerako jakinmina piztu zitzaion exilioaren garaian zer gertatu zen aurkitzeko. «Zulo beltz batekin» egin zuen topo, eta Martin Ugalderen obraren bidez murgilduta argitu zuen zulo beltz hura. «Detektibe batek nahi balu benetan zulo beltz horretan zer dagoen ikusi, ez dakit Ugalderen obra aztertzea baino bide egokiagorik dagoen». Ugalderen diskurtsoari, literaturatik barik, soziologiatik begiratuta, Ugalderengan «metafora perfektu bat» aurkitu zuen exilio garaiaz. Gutxi idatzi da ikergai duen gaiaren gainean: «Kanonean exilioaren gaia ikerketa kulturalen erdigunean dago, klabeetako bat delako. Gurean, badaude salbuespenak, baina gurean oso gutxi egin da hori». Besteren artean, EAJren diskurtsoa aztertzeko, instituzionalizazioa nola gertatu zen ulertzeko eta orduko eta egungo subalternitatea ulertzeko balio du zulo beltzean murgiltzeak. Zein klabe ematen dizkigu 36ko gerra ondorengo exilioak? Nola bizi dugu gure historia hori? Zer bizi dugu poesia idazteko zerbait bezala? Galdera horiek ere egingo zituen. Balio poetikoari balio iradokitzailea erantsi zion: «Gure errealitateaz hausnartzeko ate asko irekitzen dizkigu». Exiliora joan behar izan zuten gizon eta emakumeek boterearekin izan zuten harremanean arreta jartzea ere garrantzitsutzat jo zuen. «Guri baliagarri zaizkigun zein klabe daude botereari aurre egiteko?». Ukazioaz hausnartzeko ere «indar ikaragarria» dauka gaiak: «Zer ekartzen du identitate bat ukatzeak? Zer dakar norbaiti esateak ‘zu ez zara zu zinena, uste zenuen hura; ez daukazu eskubiderik zu zinen hori izateko’?». Eta exilioa disidentzia da beti. Zein klabe daude disidentzian? Zein klabe egon ziren frankismo garaian exilioan egon ziren horietan? «Exilioa beti da galtzailea; disidentea da, eta galtzailea da». Han eta hemen Espainiako errepublikan osatutako gobernuak gerrarekin batera exiliora jo zuen. Nola joan ziren pasaporterik gabe Francok gerra garaituta zuenean? Euskal pasaporteekin, Igarobide deitzen ziren. Nola sartu ziren Venezuelan euskaldunak zirela erakutsita bakarrik? Venezuelari komeni zitzaiolako euskaldunak bertara sartzea. Milaka sartu zituen, hiru barku oso, euskaldunak eta kristauak izateagatik bakarrik. «Hor daude gure identitate ikurrak: kristauak, zintzoak, langileak… Horrek funtzionatu zuen pasaporte moduan». Ingalaterrara ere joan ziren asko eta asko. Herri xehea joan zen mundu berri batera, Euskal Herria utzi beharraren minez, eta, aldi berean, han bizitza bat topatu beharrez. «Han eta hemen bizi behar horretan, zerk mantendu zituen elkarrekin? Zerk mantendu zituen helburu komun batean? Asko euskarari esker, jakina, eta asko kolektibo horrek mantendu zuelako exilioan zegoen gobernuarekiko leialtasuna». Gobernua ez zen era konpaktuan mantendu, haustura dezente gertatu ziren gobernuaren barruan, interesak banandu egin zirelako gobernu kideen artean, besteak beste. Bigarren Mundu Gerra igaro arte egin zen saiakera konpaktu izaten jarraitzeko. Exiliatuen artean botere harremana berregituratzeko unean, batzuei, iruditu zitzaien leialtasuna errepublikako gobernuari zor zitzaiola, eta euskaldunek, aldiz, legitimitate errepublikanoa onartu zuten, baina leialtasuna Euskal Gobernuari, Agirreren gobernuari, izanda. Orduan, euskal abertzaletasun kodea mantendu zutenek –ANVkoek, EAJkoek, Jagi-Jagikoek…– marko errepublikar espainola hartzen zuten euren askatasuna ahalbidetu zuen marko moduan, baina leialtasuna –diziplina– Eusko Jaurlaritzari bakarrik zor zioten. «Subalternitateak era desberdinean eraiki ziren, eta gezurra da Espainiako exilioa uniformea izan zela». Euskal Gobernuak Liga Internacional de los Amigos de los Vascos sortzea lortu zuen, mundu osoan internazionala zen liga bat zen: Frantzian abiatu zen, eta Ingalaterrak, AEBek eta Hego Amerikako herrialde pila batek hartu zuten parte. Sare horretan gobernuak aliantza «oso estrategikoak» lortu zituen bere jendea exiliora bidaltzeko. «Gerra hasi zenetik Agirrek oso-oso argi zeukan aliantza internazionalen beharra. Gaur egun fikzioa ematen du kontatzeak, baina mundura enbaxadore lanetan bidalitako jendea zeukaten». Mundu zabalean errepublikaren aldeko interesak zeuden, eta horrek lagundu zuen. Herrialde guztietara ez ziren ideologia berekoak joan. «Bazegoen interes bat eta erabaki estrategiko bat horren atzean». Aitortza egin zitzaion gobernu horri, eta gobernu horrek jarraitu zuen erbestean egonda ere helburu taktiko batzuk mantentzen egitura horrek jarrai zezan sendo. Martin Ugaldek Jose Antonio Agirreri 1959an Euzko Gaztedi-n eginiko elkarrizketa batean, artean Franco erortzear zegoela uste zutenean, herrian sartzeko eta gobernatzen hasteko antolatuta zeudela adierazi zuen Agirrek. «1959an aliatuengan eta aliatuek Franco botatzen laguntzean esperantza zeukatela erakusten du. Egitura bat zegoen, eta aitortza eta leialtasun batzuk zeuden». «Deserosoa» «Zergatik ez dago exilioa presente exilioaren gaur egungo ikuspegi horretan?», galdetu zion entzuleetako batek Ariznabarretari, iritzi eske. Interpelazioa izan zuen lehen arrazoi: «Exilioak guztiok interpelatzen gaitu. Klaberik ez badaukagu hori ulertzeko, interpelazioak K.O. uzten gaitu». EAJ izan zuen bigarren arrazoiaren oinarri: «Uste dut EAJri oso arrotza egiten zaiola exilioak itzultzen dion hori. Kolektibo bat iritsi zen erresistentzia identitate batetik proiektu identitario bat eraikitzera. Proiektu identitario bat eraiki nahi zuen Franco oraindik ohean zenean. Eraiki zuen proiektu identitate bat eta instituzionalizazioa muntatu zuen. Zein interpelazio mota da exilioak erakusten diona? Deserosoa». Exilioaz hitz egiteko garaia trantsizio garaia izan zela uste du Ariznabarretak: «Orain exilioaz hitz egiteak fikzioa ematen du». Trantsizioa «isiltasunaren gainean» eraiki izanak horretan eragin duelakoan da. «Orain inork ez du esaten trantsizioa eredugarria izan zenik. 30 urte pasatu ditugu hori entzuten. Nik ez diot garaia orain ez denik, baina garai bat pasatu da. Horrek azaltzen ditu azken 30 urteotan herri honetan pasatu diren gauza asko: nori iruditzen zitzaion paradigmatikoa trantsizioa, nori ez, zer egin zen hain paradigmatikoa ez zela erakusteko…». Euskal Herrian exilioak «oso-oso pisu nabarmena» du. «Batzuei astunegia egiten zaien pisu bat». Oso gutxi entzuten ditu Euskal Herrian exilioari buruz hitz egiten, eta «oso kuriosoa» egiten zaio. «Agian da distantzia nahikoa ez daukagulako ikusten dugun horren inguruan edo oso korapilatuta gaudelako ispiluak bueltan dakarkigun irudi hain hurbileko horretan, baina funtsean badago. Garai honetako Euskal Herrian azken urteetan politika egiteko era batzuek eragin dute jendeak kanpoan bizi behar izatea. Horrek pisu bat dauka gugan. Ez dakit horren inguruan zenbat hausnartzen dugun».