Mikel Ibargoien
KIROL KAZETARITZA

Kirolak, emakumezkoen ahots eta lumarekin kontatuak

Kirol kazetaritza betidanik izan da gizonen gotorleku. Urte batzuk atzera apenas topa zitekeen emakumerik kirol erredakzioetan eta bidea ireki zuten emakumeek gogor borrokatu behar izan zuten haien balioa erakutsi eta ordura arte oso matxista zen mundu batean lekua egiteko. Egun erreferente bihurtu diren emakumeek harresi hura eraitsi zutenetik egoera normalizatzen ari da pixkanaka, nahiz eta gizonek gidaturiko alor bat izaten jarraitzen duen kirol kazetaritzak.

Iniestak pasea Neymarri, brasildarrak Messirekin jokatu du; kontuz, argentinarra oso arriskutsua da-eta zelaiko azken metroetan. Atzean utzi du Pepe, Ramos irten zaio bidera, baina hau ere primeran gainditu du, Keylor Navasen aurrean bakar-bakarrik dago eta... goooooooool!!!». Futbol partida baten kontaketaren zati bat besterik ez da, baina, muinera joan eta hitz horiei ahotsa nork jartzen dien aztertzen hasiz gero, ia %100ean gizon bat izango da. Izan ere, egoera orekatzen ari den arren, eta kirol erredakzioetan gero eta emakume gehiagok lan eginagatik, oraindik orain kirol kazetaritzak gizonezkoak erabat nagusi diren mundu bat izaten jarraitzen du, eta batzuek eta besteek egiten dituzten lanak eta dituzten ardurak desberdinak dira kasurik gehienetan.

Errealitate hori nabarmenagoa zen duela urte batzuk. Orduan arraroa zen emakume bat kirol gaiak jorratzen ikustea. Testuinguru hartan eman zituzten lehen urratsak kirol kazetari moduan zenbait emakumek. Paloma del Rio, esaterako, duela 29 urte iritsi zen TVE Espainiako telebista publikoko kirol erredakziora. 1986. urteko udaran amaitu zuen karrera eta telebistan praktikak egiteko iragarki bat ikusita probetara aurkeztea erabaki zuen.

«Ikasketa espediente ona nuen eta hartu egin ninduten. Gainera, kirol sailera bideratu ninduten, nik gustuko nuenera, hain zuzen. Hala, hiru hilabetez bekadun aritu ostean azaroan sinatu nuen nire lehen lan kontratua telebistan, sei hilabeterako. Epe horretan oposaketak egin ziren eta plaza atera nuen», kontatu du.

Urtebete geroago hasi zen Euskadi Irratian lanean Arritxu Iribar. Iribarrek Euskal Filologia amaitu berritan izan zuen lehen hartu-emana irratiarekin, baina hasiera hartan ez zen kiroletan ibili, baizik eta goizeko saio batean Joxerra Garziarekin batera. «Nik kirol kazetari izan nahi nuen, eta, ingurukoak ere horretaz jabetu zirenez, txirrindularitzari buruzko gauzatxo batzuk egiten hasteko aukera eskaini zidaten irratian hasi eta bi urtera. Gero, kirol erredakziora pasa nintzen, jada oposaketak gaindituta».

Belaunaldi hartakoa da GARA egunkariko kazetari Miren Saenz ere. Duela 26 urte ekin zuen bere kazetari ibilbidea “Egin”-en, baina, Iribarren moduan, Saenzek ere ez zuen kiroletan izan lehenengo geralekua: «Bestelako sekzio batzuetan jardun nuen lehenengo urtean, baina, ondoren, kiroletako arduradunak deituta egin nuen jauzia, eta kiroletan dihardut ordudanik».

Del Rio ez zen emakumezko bakarra Espainiako Telebista Publikoko kirol erredakzioan. Mercedes Milak –egun Tele 5 kateko “Gran Hermano” saioko aurkezlea– 1 Formulako lasterketen emankizunak egiten zituen eta Mari Carmen Izquierdo, Olga Viza, Maria Escario eta Maria Antonia Martinek ere kirol gaiak jorratzen zituzten: «Esan daiteke emakume horiek ireki zutela bidea lehenengoz, eta ni haiekin batera aitzindarietako bat izan nintzela ordura arte gizonezkoena zen mundu batean». Iribarrek eta Saenzek, berriz, bakarrik egin behar izan zuten bide hori, baina nabarmentzen dute oso harrera ona jaso zutela gainerako lankideengandik eta hasieratik normaltasunezko tratua izan zutela. «Garai hartan ni nintzen ‘Egin’-eko kirol erredakzioko emakume bakarra. Geroago hasi zen kolaboratzaile gisa Amaia Ugarte Lasagabaster. Halere, oso ondo hartu ninduten lankideek eta erabat logikoa iruditzen zait, izan ere, ‘Egin’ edo GARA bezalako egunkarietan berdintasuna bezalako baloreak bultzatzen dira, eta, beraz, hor diskriminazio bat egitea kontraesankorra litzateke. Hemen matxismoak ez du lekurik, printzipio kontua da», azaldu du Saenzek.

Del Riori ordea, tokatu zitzaion oso bestelako egoera desatsegin eta gordin bat bizitzea: «Kazetari gazteekin ez zegoen problemarik, arazoa futbola jorratzen zuten eta garai hartan 50 urte inguru zituzten kazetari beteranoak ziren. Haiek beti mesfidantzaz begiratzen ziguten eta nik haietako batekin esperientzia arraro bat izan nuen. ‘Zuk polita, kirol kazetari moduan aurrera egiteko ideia duzu edo erizaintzara bueltatuko zara?’ –erizain moduan ere lan egin zuen kazetaritzan hasi aurretik– eta horrelakoak esaten zizkidan eta niri tonu hura ez zitzaidan batere gustatzen. Behin, gainera, berarekin bakarrik geratu nintzenean ukituak egin zizkidan eta nik berehala erantzun nion esanez ea jokabide hura normala iruditzen zitzaion eta ea gustatuko litzaiokeen bera egiten ari zen gauza berbera bere alabari egitea. Nire ustez mentalitate matxista hura beraien arloan beraiek baino hoberik ez zegoela uste zutelako eta han beste inor sartzerik nahi ez zutelako ematen zen», kontatu du.

Gazteagok dira Natalia Arroyo (“Ara” egunkaria), Sara Gandara (ETB) eta Ainara Hernando (“Ciclismo a Fondo” aldizkaria), eta, hortaz, askoz geroago barneratu ziren kirol kazetaritzan. Haatik, topaturiko egoera antzekoa izan zen. Arroyok 22 urterekin utzi behar izan zuen futbola –Bartzelona eta Espanyol taldeetako jokalari ohia da– jasandako lesio larrien ondorioz. Dena den, artean lotura estua mantentzen du futbolarekin, izan ere, kirol kazetaria izatez gain, Kataluniako emakumezkoen futbol selekzioko hautatzailea ere bada: «‘Ara’ egunkarian hasitakoan bost erredaktore finko ginen lantaldean eta horietatik bi emakumezkoak, ni eta beste bat. Harrera oso ona izan zen. Erredakzio gaztea gara eta lankideek ikuspegi zabal eta irekia dute. Beste hedabide batzuetan ausartzen ez diren gaiak jorratzen ditugu ‘Ara’-n eta niregan konfiantza handia dute», argitu du.

Gandara Euskal Telebistara iritsitakoan beste bi emakume baino ez zeuden kiroletako lantaldean: «Ana Ramos eta Elena Azpeitia ziren emakumezko kirol kazetari bakarrak. Gaur egun, Janire Fragua ere badabil Athletic lantzen». Hernandok, bere aldetik, autonomo gisa egiten du lan, baina hilero idazten du “Ciclismo a Fondo” aldizkarian, eta, halaber, “La Razon” egunkariarentzat Frantziako Tourreko kronikak egin ohi ditu. Halere, kirol kazetaritzara lehen gerturapena “Noticias de Alava”-n egindako praktiketan izan zuen 2005ean. «Egunkarian oso gazte hasi nintzen, karrerako lehenengo urtean, eta emakume bakarra zegoen kirol arloan. Ondoren, Gasteizko Onda Cero irratian lan egin nuen eta bertan ez zegoen emakumerik. Orain, ‘Ciclismo a Fondo’-n ere ni naiz bakarra».

Gehiago demostratu beharra

Ikuspegi atzerakoia duten gizarteko zenbait sektoretan errotuta egon da urte luzez emakumeek kirolaz hitz egiteko eta berau ulertu eta aztertzeko behar besteko gaitasunik ez duten pentsamendua. Gaia mahai gainera atera orduko bota du atzera Del Riok tesi hori: «Hori sekulako zentzugabekeria da, emakumeok gizonen adinako gaitasuna dugu kirolak ulertzeko, gakoa interesean dago. Emakumeek kirolak eta berauen arauak ulertuko dituzte interesa badute, gizonekin gertatzen den moduan; ez da gaitasun intelektualarekin zerikusia duen zerbait. Gizonekin ere gertatzen dira horrelakoak, nire lankideetako inor ez da gai patinajeko hiru salto desberdin bereizteko, eta nik ez ditut gutxiesten horregatik, nork bere espezialitatea du-eta».

Iritzi berekoa da Iribar ere: «Badirudi mutilek genetikoki kirolak gustuko dituztela eta ulertzen dituztela eta gure kasuan, aldiz, hori beti zalantzan jartzen dela. Elkarrizketa batera joan eta ‘zuk honetaz badakizu?’ eta horrelakoak entzun behar izan nituen. Harritu egiten ziren. Guk erakutsi eta demostratu behar izan dugu profesional onak garela onartuak izateko».

Hari horri tiraka, Hernandori ere egokitu zaio egoera xelebreak bizitzea: «Lasterketetara joaten hastean denek galdetzen zidaten ea txirrindulariren baten neska-laguna edo arreba nintzen, eta, kazetaria nintzela eta haiek bezala lanean nengoela esaten nienean, arraroa egiten zitzaien. Lasterketen prentsaurrekoetara joandakoan ere ehun kazetaritik emakumeak bat edo bi besterik ez gara izaten».

Horrez gain, egoera puntualen batean sentitu izan da gutxietsia Hernando: «Hainbat kazetari elkarrekin talde bateko kirol zuzendaria elkarrizketatzen ari bagara, nahiz eta galdera nik egin, erantzuterakoan begirada gizonezko kazetariei zuzentzen die normalean. Horrelako gauzak askotan pasatzen zaizkit. Txorakeria dirudi, baina neurri batean gutxietsi egiten zaituzte».

Gaitasuna zalantzan jarria

Horiek horrela, lanbideko kideek zein jendeak haiek eginiko lana merezi bezala baloratu eta onartzeko gizonezko kazetariek baino gehiago demostratu behar izan dutela sentitzen dute batzuek. Horietako bat da Gandara; «erredakziotik kanpo sumatu izan dut kirolari buruz hitz egiteko nuen gaitasuna zalantzan jartzen zutela batzuek. Zuk zer dakizu futbolaz eta horrelakoak entzutea egokitu zitzaidan hasieran; ‘barkatu, baina nik futbolean jokatu dut, prestatuta nago, eta, beraz, zerbait ulertzeko gai naizela uste dut’, erantzun izan dut haserre. Praktikak amaitutakoan behin-behineko kontratuak izan nituen hiru urtez. Ezegonkortasun handiko uneak igaro nituen eta egoera zailak ere bai. Ondorioz, hiru urte egin nituen kazetaritzatik aldenduta. Gero Hamaika Telebistan itzuli nintzen kazetari lanetara eta berriro jauzi egin nuen ETBra. Jendeak gauza horiek ez dakizki, ezta nagoen lekura iristea zenbat kostatu zaidan ere», kontatu du.

Hernando ere erabat ados dago baieztapen horrekin. Halere, argi du hori ez dela kirolean gertatzen den kontu bat soilik, gizarte osora hedatzen den egoera bat dela baizik: «Sukaldean ere gauza bera gertatzen da. Beti emakumea egon izan da sukaldean eta gizon bat hasi orduko chef bilakatzen da. Beste hainbeste gertatzen da modaren munduan. Suposatzen da emakumeoi mundu hori gehiago interesatzen zaigula eta gehiago ulertzen dugula, baina, gero, gizonezkoak dira diseinatzaile ospetsuenak», argitu du.

Denen egoerak, ordea, ez dira berdinak, eta Arroyo, Saenz eta Iribarrek ez dute sentipen hori. Aitzitik, bidea inongo oztoporik gabe egin dutela aitortzen dute eta pribilegiatu batzuk direla iruditzen zaie. Era berean, emakumeek gauza batzuetarako abantaila izan dezaketela dio Iribarrek: «Emakumea izateak ematen du harremanak izateko beste sentsibilitate bat, eta zenbait momentutan agian beste tratamendu bat lortzen dugu kirolariekin. Nire kasuan, gainera, emakumea izanik eta euskaraz soilik lan eginda, oso gertuko mundu batera eraman nau eta horrek nire ibilbidean kalte baino gehiago asko lagundu dit. Betiere, noski, desberdinduz zer den harreman pertsonala eta zer harreman profesionala».

Egunkarietako kirol erredakzioetan diharduten kazetariek mota desberdineko lanak jorratu ohi dituzte: Hala nola, albisteak, elkarrizketak, erreportajeak eta kronikak. Bestalde, telebistan edo irratian dabiltzanek, genero horiez gain zuzenekoak, aurkezle lanak, esatari lanak eta aditu lanak ere egiten dituzte. Horietako lanik gehienetan sarritan ikusten dira emakumeak. Aldiz, zuzeneko emankizunetan esatari lanak egiten edo esatariarekin batera analisiak egiten ez. Egoera horren zioa azaldu du Del Riok: «Telebistan ikusten den kiroletik %80 inguru futbola da, eta futbola gizonezkoek soilik kontatzen duten kirola da. Halere, gainerako kirol minoritarioetan TVEn emakume dezente ditugu zuzeneko emankizunak egiten; Eva Aguilera, Julia Luna, Lourdes Garcia Campos eta ni neu, besteak beste».

Hain zuzen, horregatik da berezia Arroyoren kasua: emakumeen futbol partidetan aditu lanak egiten hasi ostean, iragan urtean Gol Television bezalako kate indartsu batean gizonen partidetan lan berbera egiteko aukera eskaini zioten. Gainera, hedabide desberdinetako tertulietara ere gonbidatzen dute: «Ni beti egon naiz une eta leku egokian. Kataluniako TV3 katetik emakumeen partidekin hastean deitu ninduten eta ordutik beste hainbat gauza atera zaizkit. Niri agian mesede eta dena egin dit emakumea izateak. Lana ondo egiten nuela ikusita bidea ireki didala esango nuke, baina jakitun naiz ez dela joera orokor bat. Halere, ni askotan ez naiz egoeraz ohartzen, niretzat normaltasunaren barruan dagoen zerbait delako. Baina egia da lagun askok esan didatela ni naizela gizonezkoen futbola zuzeneko emankizunetan eta kate garrantzitsuetan aztertzen dudan emakume bakarra».

Adituen gaiarekin jarraituz, Del Riok aitortzen du TVEn ez dutela emakumerik futbol emankizunetan, baina bai ordea bestelako kirol minoritarioetan, nahiz eta pauso hori emateko majo izerditu behar izan zuten: «Ikaragarri kostatu zitzaigun Vivi Ruano, Gala Leon edo Conchita Martinez emankizunetan aditu lanetan jartzea, izan ere, erabakiak hartzen zituen jendearen mentalitatea zen jendeak gizonezkoen komentarioak entzun nahi zituela».

Irudiari lotuta

Iribarrek ere badaki ez dela ohikoena, baina nabarmendu du Euskadi Irratian izan direla eta badaudela emakumeak horrelako lanetan: «Nik neuk futbol emankizunak egin nituen kirol erredakziora iritsitakoan. Realaren zein Athleticen partidak egin nituen, baita pilota, arraun eta ziklismo emankizunak ere. Analisiak egiterakoan ere nire iritzia eman izan dut arraunean eta ziklismoan. Orain, Maitane Urbieta ere hor dugu».

Gandarak Euskal Telebistako albistegietako kirol tarteak aurkezten ditu euskaraz, baina esatari lanak egiteko aukerarik ez du izan. Hori bai, gustatuko litzaioke egunen batean aukera hori izatea: «Ez da normala esatari moduan hain emakume gutxi egotea. Niri pertsonalki asko gustatuko litzaidake eta uste dut ondo moldatuko nintzatekeela. Proposatzea falta da».

Aurkezle lanak egiten dituzten emakumeak sarritan dira eztabaida iturri, izan ere, gehienak fisikoki oso erakargarriak izaten dira, eta, badirudi, ezaugarri hori betetzen ez duten emakume kazetariek ez dutela lekurik egungo telebistan. Egoera horren aurrean ondorengo hausnarketa egiten du Saenzek: «Aurpegi polit bat bilatzen dute askotan profesional moduan duten gaitasuna aintzat hartu gabe, eta niri ez zait logikoa iruditzen. Egia da emakume horiek normalean ondo prestatuak egoten direla, baina beste kontuei balore handiagoa eman beharko litzaiekeela uste dut». «Gauza horiek ez dira onak ez lanbidearentzat, ezta guretzat emakume bezala ere», gaineratu du Hernandok.

Hain zuzen ere, aurkezle izatearena da Gandaren lana eta aztertu berri ditugun arrazoiekin lotutako hitz desegokiak jasan behar izan ditu noiz edo noiz: «Jende gaiztoa egon badago eta entzun behar izan dut nire itxura fisikoarengatik nagoela telebistan. Baieztapen horiek txorakeria hutsak dira eta ezjakintasunetik eginak».

Halere, bada norabide hori hartu eta atzerako bidea egin duen kate garrantzitsurik, BBC Erresuma Batuko telebista publikoa kasu. Iribarrek plazaratu du adibidea: «BBCn egin zuten aurkezle lanetan kazetari erakargarriak jartzeko proba, baina gero atzera egin zuten. Izan ere, albisteak ematen dituenak sinesgarritasuna eman behar du. Horregatik, esperientzia handiagoko kazetarien aldeko hautua egitea erabaki zuten berriro».

Urteotan guztietan bizitakoa kontuan hartuta lanbidean sumatu duten garapenaren gainean galdetuta, iritziak kontrajarriak dira. «Egoera aldatu da eta postuak eta lanak gaitasunaren eta gustuen arabera banatzen dira, ez sexuaren arabera», dio Del Riok. Ez du ikuspegi berdina Hernandok: «Ez dut aldaketa handirik nabaritu. Egia da emakume gehiago gaudela lanbide honetan, baina ez dut uste hobeto baloratuta gaudenik».

Emakume kirolarien presentzia

Haien lanbidearekin lotuta, emakume kirolariek hedabideetan duten presentzia da etengabe buruan bueltaka darabilten gaietako bat. Ez zaie logikoa iruditzen 2015ean egonda eta eskuratzen ari diren lorpenak aintzat hartuta, emakume kirolariak kasurik gehienetan bigarren planoan geratzea. Dena den, aipatzen dute puzzlea osatzea eta egoera iraultzea ez dela samurra: «Hemen kontua da futbolak gainerako guztia jaten duela. Euskal Herrian, gainera, gizonen hiru talde ditugu Lehen Mailan eta horiek bertako hedabide guztietan lekua ziurtatuta dute. Egoera orekatzeko diskriminazio positiboa egin beharko litzateke. Gu ahal den neurrian saiatzen gara emakumeei merezi duten lekua eskaintzen. Guri emakumeen kirola interesatzen zaigu», azaldu du Saenzek.

Hedabideek duten joeraz jabetzeko adibide argigarri bat kontatu du Del Riok: «2003an Gimnasiako Munduko Txapelketatik bueltan Espainiako Selekzioaren hegazkin berean egin nuen buelta, eta bertan zegoen urrezko domina lortu berri zuen Helena Gomez. Kasualitatez, aireportuan Txapeldunen Liga jokatzera zihoan Real Madril taldearekin egin genuen topo eta kazetariek ez zioten jaramonik ere egin Gomezi, denak Rauli segika zeuden, hori zen axola zitzaien bakarra; Raul maletari tiraka grabatzea, hain zuzen. Ez du inongo logikarik, baina hori da editoreek nahi dutena. Futbolak gainerako dena jaten du».

Egungo egoera hori izanagatik gaiaren gainean nork bere hausnarketa egin beharko lukeela uste du Iribarrek, arazoa ez baita hedabideena soilik: «Uste dut kontu horrekin denak hipokrita samarrak garela. Hau da, erraza da demanda egitea hau edo bestea ez dutela ematen, baina galdetu pertsona horiei ea zein futbol, eskubaloi edo pilota partida ikusten duten. Euskal Herriko Itzulian errepideak jendez beteta egoten dira eta Emakumeen Biran, aldiz, ez da ia inor egoten; eta munduko onenak ikusteko aukera izaten da. Beraz, pertsona horiei galdetu behar zaie ea zer egiteko prest dauden arazoa konpontzeko».

Presentzia urri hori defendatzeko hedabideetako arduradunek erabiltzen duten argudioak audientzia eta interes eta errentagarritasun falta dira, baina Arroyok dio emakumeen kirola ematen denean ere oso gutxi iragartzen dela eta horrela oso zaila dela egoera aldatzea. Ados dago Del Rio ere: «Emakumezkoen kirolak zuk nahi duzun audientzia sortzen du. Hori bai, audientzia hori egiten duzun iragarpenaren, duen babeslearen eta ematen diozuen tarte eta garrantziaren araberakoa izango da. Begira itzazu Carolina Marinek [Badmintoneko Munduko txapelduna] Europako eta Munduko txapelketako finaletan jokatu zituen partiden ikusle kopuruak. Kirolari bat domina bat lortzera doanean berdin du emakumea edo gizona den, jendeak erantzuten du. Begiratu waterpoloko edo eskubaloiko emakumezkoen selekzioek txapelketetan aurrera egin dutenean ere nolako audientzia kopuruak eman izan dituzten».

Presentziaz gain, haien gainean idazten denean erabiltzen den terminologia aztertzea merezi duen beste puntuetako bat da, eta, hain zuzen, hor jarri du azpimarra Hernandok: «Zerbait irabaztean gizonek eta emakumeek jasotzen duten tratua oso desberdina da. Igeriketako neska batek domina bat lortzean, ‘sirena’ deitzen diote eta bere edertasuna goraipatzen da bere kirol jardunari buruz ia ezer aipatu gabe. Aldiz, inork ez du ezer esaten jokalarien hankei edo abdominalei buruz».

Berdintasuna urrun

Pausoak eman diren arren, nahi baino txikiagoak direla esan dute sei kazetariok eta bat datoz esatean bidean aurrera egiteko lagungarria litzatekeela kirol erredakzioetan eta agintaritza postuetan emakume gehiago izatea. «Emakumeok normalean gurekin dugu begirada eta sentsibilizazio hori, eta, beraz, giltzarri izan liteke», dio Arroyok. «Ni zuzendaria banintz apustu sendoagoa egingo nuke emakume kirolarien alde. Eta ez bakarrik emakumeak direlako, baizik eta haien lorpenekin albiste direlako», gehitu du Gandarak.

Kontuak kontu, ez diote muzin egiten errealitateari, eta, eragiten segi beharra dagoela dioten arren, ez dute uste epe laburrean berdintasuna iritsiko denik. Hitzokin jarri du amaiera Del Riok: «29 urte daramatzat borroka honetan, eta, egia esateko, oso gutxi aurreratu da. Halere, egia da emakumeok bozkatzeko aukera bera 1931n lortu genuela Espainian eta orain denak egoera berean gaudela. Hortaz, erraza izango ez den arren, ez da amore eman behar».