2016 MAR. 19 Oporretan gaixotzea Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta eta osteopata Ikasturte osoa lan gogorrean pasatu duzu, ahal bezala eusten, eta justu oporrak hartu dituzunean... gaixotu egin zara. Hori da hori suerte txarra izatea! Beste kasu bat: urteak pasa dituzu guraso zaharren kargu, elbarriak agian, haien eguneroko ajeak sendatzen eta ahal duzun bezain ondo zaintzen, ia-ia zure burua ahaztuz: haiek hil eta denbora gutxira, ostera... zeuri hasi zaizkizu minak. Nola liteke? Hau misterioa. Behin pasatzen zaionarendako gauza misteriotsua izan daiteke, bai, baina osagileok sarri ikusten dugun fenomenoa da honakoa. Gorputzaren ahalmen txundigarriaren adibidea baino ez da, gaur egunean Osasun Zientziek osoki ulertzen ez duten eremu misteriotsuko parte. Ez dago hor ezer paranormalik, halere, bai, ordea, hainbat diziplinatatik ikertzeko moduko gaia: neurologia, minaren pedagogia, psikologia, erreumatologia, immunologia... baita fisioterapia ere, noski. Esandako moduan, badugu gorputzak egin dezakeenaren berri (badakigu, adibidez, fakir batzuek bere burua labainarekin zauritzen dutela minik hartu barik), baina ez dakigu zehatz eta mehatz zergatik. Halere, dakigun apurrarekin gure gorputzaren portaera ulertzeko pausuak eman ditzakegu, eguneroko bizimodurako baliagarriak diren hainbat aholku emanda. Uler dezagun, hasteko, gorputzak autosendakuntza ahalmen handia duela. Izan ere, eguneroko bizimoduak gure gorputza etengabe higatzen badu ere, arazook agertu ahala konpondu egiten ditugu eta ez gara lesio txikiokin konturatzen (muskuluen zuntzen haustura, esate baterako). Halere, normala den bezala, batzuetan lesioak ez dira hain txikiak izaten eta, orduan bai, mina igarriko dugu. Puntu honetatik buelta gaitezen hasierako adibideetara: lesio bat egin dut (muskuluaren kizkurdura, giltzaduraren hantura....), baina lanez gainezka egon naizenean ez dut igarri ere egin; oporretan agertu zaizkit minak. Gorputzaren «superbotere» ezezagunen artean dago analgesia ahalmena. Prozesua oso konplexua da, eta osasungintza espezialitate klasikoak gainditzen ditu, baina honela laburbil dezakegu: estres egoera batean min hartzen badugu, gorputzak autoanestesia sistema bat piztu dezake. Hau da: gorputzak lana bukatzea lehenesten du, eta, beraz, lana bukatu arte mina kentzeko “botika analgesikoak” autoekoitz ditzake (ez indar gutxikoak, gainera: opioaren parekoak). Analgesia hori epe motzerako (partida amaitzen duen futbolariaren kasua) zein epe luzerako lor daiteke (guraso zaharrak zaintzen dituenaren kasua). Modu horretan, pertsonak bere lana amai dezake ia minik sentitu barik. Zer gertatzen da lana amaitutakoan? Estres egoera gainditzean, gorputzak zera dioela: «Amaitu da salbuespen egoera, lana aurrera atera dut, orain, nire txanda da». Eta analgesiko estra horiek ekoizteari uzten dio; ordura arte gerran aritu den immunitate sistemako armada txikiari oporrak ematen dizkio; gauza horietan guztietan behar den energia kopuru izugarria xahutzeari uzten dio, azken finean. Eta, lehentasuneko lana amaituta, gorputzak esfortzu horretatik atseden hartzeko, sendatzeko eta sendotzeko denbora hartzen du. Beraz, oporretan “gaixotzen” garenean hobe dugu gure buruarekin ez haserretzea; horren ordez, eman diezaiogun eskerrak gorputzari, lana aurrera ateratzeko eman digun laguntzarengatik. Ondo merezitako atsedena irabazi du. • www.abante.eus