Martxelo Diaz Aristizabal
Elkarrizketa
Julieta Itoiz, «La chula potra»
Rap abeslaria

«Semeei herentzia uzteko egin dut diskoa. Ez dut uste nire abestiek dirua baino gutxiago balio dutenik»

Iruñeko musikariak «Poeticamente incorrecta» diskoa kaleratu berri du azkenhamar urteotako abestiak bilduz. Orainkantok agertoki ugaritan aurkezten ari da.

Diskoa kaleratu berri du azken hamar urteotan egindako kantuak bilduz Julieta Itoizek, La Chula Potra gisa ezaguna den rap abeslari nafarrak. Pozik da horregatik eta azkenaldian kontzertu ugari eskaintzen ari delako. Euskaraz ongi moldatzen da, baina hizkuntzan sakontzeko beharra sumatzen du oraindik.

Nola zoaz euskararekin?

Maila duin batera heldu naiz euskararekin. Orain arte ez nuen gehiago ikastearen beharra sentitzen. Euskal Herriko edozein txokoko edozein euskaldunekin hitz egin dezaket. Edozein herriko jaietan. Baina orain gehiago behar dudala sentitzen dut, hiztegia aberastu behar dut. Esamoldeak hobetu. 19 urterekin hasi nintzen euskara ikasten. Kalean hitz egin ahal izateko euskara ikasi nahi nuen. Orain komunikatzea nahi dut eta euskaraz eta gazteleraz ongi egin ahal izatea itzela izango litzateke. Gero frantsesarekin hasiko naiz. Eta ingelesarekin. Badugu lana! Burmuina gazte mantentzeko hizkuntzak ikastea bezalakorik ez dagoela diote.

Eta «Poéticamente incorrecta» diskoa atera berri duzu. Bertan arima biluzten duzula diozu.

Abestiak idazten hasi nintzenean ez nuen buruan disko batean bilduko nituenik. Hamar urte eman ditut horretan eta letra mordoa nituen. Grabatzea erabaki nuen. Batez ere, semeei herentzia uzteko. Ez dut uste dirurik utziko diedanik, baina, hori bai, ez dut uste nire abestiek dirua baino balio gutxiago dutenik. Hor nire filosofia dago. Faltatzen naizenean semeek nire pentsamendu politikoa biltzen duten abestiak izango dituzte. Hori izan zen diskoa egiteko lehen arrazoia, baina grabatu nuenean aurrean mundu berri bat nuela ikusi nuen. Nire arima da. Abesti batean euskal gatazkaz hitz egiten dut. 1970ean jaio nintzen, eta, beraz, Franco hil zenean bost urte nituen. Trantsizio prozesu guztia haurra nintzela bizi izan nuen. Tiroak ere entzun ditut, atentatuak bizi izan ditut. Auzokoak nola atxilotzen zituzten ikusi dut. Norbait hil berri zutela iragartzen zuten kartelak ikusi ditut. Nire bizitzaren zati bat da. Rapa egiten dugunok oso egozentrikoak gara eta nitaz ere aritzen naiz. Nitaz, nire gauzez. Hori egiten duzunean biluztu egiten zara. Amodiozko kanta bat ere badago tartean. Hori ere biluzteko modu bat da.

Borroka, amodioa. Bizitzaren gai nagusiak.

Benetan kezkatzen nauten gaiak dira. Pertsona bati gertatzen zaizkion gauza garrantzitsuenak etxean jazotzen dira. Eremu pribatuan. Arlo publikoan gertatzen denak eremu pribatukoa finantzatzea bermatzen dizu. Zer da garrantzitsuena? Nire feminismo pertsonaletik egiten dudan kritika da. Emakumeok espazio publikoa aldarrikatzen dugu sarri. Ongi dago hori, baino arlo pribatuaren garrantzia ahaztu egiten dugu. Eta hor gertatzen dira gauza garrantzitsu eta interesanteenak. Jendearekin enroilatu egiten zara. Jendea sortzen duzu. Jendea jaio eta hil egiten da. Hazten eta hezten zoaz. Negar egiten duzu, barre.

Hamar urteko ibilbidea jasotzen du diskoak. Zuk ere eboluzioa izango zenuen. Ez zara duela hamar urteko Julieta bera izango.

Noski ezetz. Hamar urte hauek oso garrantzitsuak izan dira niretzat, ama izan naizen urteak direlako. Hiru seme izan ditut eta horrek lan asko suposatu izan dit. Zure beharra duten hiru pertsona daudenean ikuspegia erabat aldatzen duzu. Ez zaude bakarrik. Semeak kontuan dituzu, eta zaharrak, eta beste amen seme-alabak. Hamar urteotan ikasketak ere burutu ditut. Gainbegiratze eta coaching arloan prestatzen izan naiz. Eta munduarekin komunikatzeko perspektiba berria lortu dut.

Zer da zehazki «coaching»-a? Azkenaldian asko erabiltzen den hitza da.

Orain arte psikologia soilik alor batean lantzen zen modu positiboan, kirolean. Oso ona zara, baina gehiago behar duzu. Nola motibatu aztertzeko ikerketa ugari egin dira, muga fisiko batzuetara heltzean burmuinak markatzen baitu diferentzia. Herri anglosaxoietan asko landu den arloa da. Bada, kirolariek erabiltzen zuten tresna enpresarientzat ere, yuppientzat, egokia zela ikusi zuten. Lana konpetentzia gisa hartzen dute. Erdialdeko Europan bada lan asistentzialak kontuan hartzen dituen eskola bat. Jende guztiaren marroiak jaten dituzten sendagile edo erizainek jasotzen duten kaka hori guztia hustu beharra dago. Teoria horiek aurrean dena errespetatzen lagundu didate. Dugunarekin ahal duguna egiten dugula dio lelo batek. Horrela da. Egon daitekeen hiltzailerik makurrenak ere zuenarekin ahal zuena egin du. Ez gehiago. Nire prozesu komunikatiboan umiltasuna eman dit. Eta aurrean dagoena ikusteko ahalmena izatea. Nahiz eta orain arte areriotzat jo izan. Bihotzetik eta maitasunetik zabaltzen diren mezuak eraginkorragoak dira.

Oso interesgarria da yuppiek erabiltzen dituzten teknikak arlo sozialean lantzea.

Bai. Rapa egiten dudanean politika egiten dut. Rapak subjektu politiko bihurtu nau. Erabat autonomoa. Ez naiz inoren menpe. Abestiak egiten ditut eta jendeak esaten dudana entzuten du. Errentagarritasun soziala nahi dut. Metafora ugari erabiltzen dira azkenaldian. Ekologia emozionala, ingurugiro garbia behar dugu, baina baita adimen garbia ere. Yuppien coaching-a hartu eta jendea eta taldeak elkar hobeto ulertzeko tresna bilakatu. Horrela, indar gehiago lortzen da. Oso berria da hau guztia, 90eko hamarkadan hasiko zen-eta coaching-a.

Kontzertu ugari ere ematen ari zara.

Diskoa argitaratu nuenetik bai. Aukera berriak eman dizkit. Inoiz ez nuen bizi disko bat promozionatzeko esperientzia. Diskoa egitea asko kosta zait. Baina behin diskoa eskuetan duzula, kazetari batek elkarrizketatzen zaitu. Eta gero beste batek. Eta kate bat sortzen da. Adibidez, Nafar Telebistan elkarrizketa batean nengoela, bi astetik behin tertuliakide izatea proposatu zidaten. Orain jendeak telebistan ikusten nau, gehiago ezagutzen nau eta kontzertuetarako kontratatu nahi naute.

Zer moduz telebistan tertuliakide gisa?

Medioa ezagutzea, ikastea, aukera ona da. Eguzki Irratian aritua nintzen, baina telebistan keinuak oso kontuan izan behar dira. Gozada bat da PP edo PSNko jendearekin egon ahal izatea bera ere. Nire iritzia eman dezaket. Ez naiz alderdi batekoa eta nahi dudana nahi dudanean esan dezaket. Lehen, etxean telebista ikusten nintzenean, bertan azaltzen zirenei hau edo beste esango niekeela pentsatzen nuen. Bada, orain aukera hori dut. Baina handiena kalera ateratzea eta jendea esan duzuna komentatzen entzutea da. Botere asko du telebistak!

Nafarroan telebistan hitz egitea ezinezkoa zen orain artean jende askorentzat. Aldaketaren ondorioetako bat da.

Parlamentuan edo udal batean dauden politikariek ezin dute bakarrik ezer egin. Jendearen borondatearen tontorra dira. Aldaketan sinesten badugu, erakundeetan ez ezik komunikabideetan ere gauzak aldatzea ezinbesteko dugu. Diskurtso berriak behar dira, gauza berriez aritzen diren jende berriak. Aldaketaren gobernuek lor dezaketen gauzarik eraginkorrena kultura politikoa aldatzea da. Kontua ez da guk, UPNk bezala, botereari 40 urtez eustea. UPN bueltatzean beste UPN bat izan behar da, lehen egiten zituen gauzak egiterik izango ez duena. Jendartea aldatu egin da eta beste gauzak batzuk eskatzen ditu orain. Demokrazian sakontzea da hori. Ni ez naiz ez EH Bildukoa, ez Ahal Dugukoa, ez Geroa Baikoa, anarkista naiz. Baina aldaketaren alde nago.

Nola ikusten duzu aldaketa?

Nire ustez, jende asko hobeto bizi da. Iruñeko udaltzainetatik hasita. Horrela esan didate. Ongi dago hori. UPNko jendea amorru bizian ikusten dut oposizioan. Baina UPNkoek ezagutu duten oposizio bakarra gu izan gara, eta ez gara xamurrak. Ikustekoak egin ditugu! Oraingo oposizioa horrelakoa izatea, hein batean, gure ardura ere bada. Ez gara ingeles edo herbeheretarrak oposizioa egiteko orduan. Gauza asko dago oraindik egiteko. Herritarren iritzia jasotzeko bideak ezarri behar dira. Ez dago ez parte hartze kulturarik, ez egiturarik. Ongi egiten ez diren gauzak kritikatu egin behar dira, baina tonua aldatu egin beharko genuke. Ez dut nire burua aldaketaren indarretatik kanpo ikusten, nik ere aldaketa nahi dudalako. Bada jendea UPNri oposizioa egiten ziona eta orain ere oposizioa egiten jarraitu nahi duena. Ni ere erabaki batzuekin desados egin naiteke, baina prozesu horren parte sentitzen naiz. Lehen kritika bortitza zen, baina ez genuen beste aukerarik. Errazagoa da pankarta baten atzetik lagunekin ibiltzea eta gero pote batzuk hartzera joatea. Lan gehiago eskatzen du bilerak egiteak, arazoak aztertzeak, kideak bilatzeak, proposamenak egiteak. Baina hori da parte hartzea eta hori da aldaketa sakonak lortzeko bidea. Ate bat ireki da zeruan orain. Astrologoek diote. 1968an bezala. 40 urtean behin antzeko zerbait gertatzen da. Aldaketari ekiteko garaia da. Atea itxiko da eta errentetatik bizi beharko dugu. Aldaketa hori ahalik eta sakonena izatea lortu behar dugu, gero 40 urte pasatu beharko ditugulako aukerok berriz izateko.

Askotan ez duzula inor ordezkatzen diozu, zure diskurtsoa pertsonala dela. Baina jende askorengana iristen zara.

Hitz egitean ahalik eta zehatzen eta ahalik eta errespetu handienarekin aritzen saiatzen naiz. Badago PPko jendea, Amaya Zarranz kasu, maitagarria dena. Oihuka hurbiltzen bazara komunikazioa eten egiten da. Baina lasai, bihotzetik, errespetutik bazoaz, jende askorengana heltzen zara. Jendeak ez ditu gogoko errespeturik gabeko solasaldiak. Lagun bat zerbait larria gertatu zaiolako urduri eta oihuka etortzen bazaizu, baretzen saiatuko zara. Laguna duzulako eta maite duzulako. Maila kolektiboan ere berdin.

Zure hitzak benetakoak dira. Marketinean oinarrituriko diskurtsoetara oihutuak gaude sarri. Zurea ez da horrelakoa.

Alderdien kontrakoa naiz. Erabat. Alderdikerian erortzen direlako. Ezkutuko agendak dituzte. Bizi izan ditut. Alderdi bat enpresa bat da, azken finean. Eta bere onuren bila dabil, nahiz eta onura sozial eta politikoak izan. Jendearen gainetik alderdia jarri ohi da, nahiz eta jendearentzako lanean daudela esan.

Yolanda Barcinari egin zenion abesti batek famatu egin zintuen salaketa jarri zizulako. Nola ikusten duzu hori guztia urte dezente pasa direnean?

Nire ama pontekoa da! Batzuek Radio 3 dute aita ponteko, beste batzuek Fermin Muguruza. Bada, nirea Yolanda Barcina izan zen. Beharbada nahiago nuke La Mala Rodriguez izan balitz, baina horrela tokatu zen. Ez dut Barcina ukatuko: txanpon beraren bi aldeak gara. Kaletik topatzen badut eskerrak emango dizkiot. Berarengatik ez balitz ez dakit non egongo nintzatekeen egun. Ziurrenik ez ninduen hainbeste jendek ezagutuko! Eta ziurrenik ez ninduten hainbeste maitatuko Barcinaren aurkariek. Esan ohi denez, zure maila zure arerioen mailaren araberakoa da. Bada, Barcina nire arerioa bada, handia izango naiz, Nafarroan gorroto gehien bildu duen emakumea delako. Jendea abestiarekin identifikatu zen Barcinaz aspertuta zegoelako, nekatuta. 2004an egin nuen, Euskal Jai bota eta astebetera. Eta rapeatzen nuen. Gerora egin genuen bideoa. [2011n izan zen Barcinaren salaketaren epaiketa]. Ez genuen espero izandako erantzuna. Youtuben jarri genuen lehen bideoa zen eta izugarrizko erantzuna izan zuen.