2022 IRA. 10 Ana Mari Ezkai eta Jose Juan Castilloren ezkontzara bidean, 1969an Juantxo EGAÑA Batzuetan, argazki funts batzuk kontsultatuz, kasu honetan Jose Juan Castillo sukaldariarena –joan den azaroan hil zen euskal sukaldaritza berriaren sortzaileetako bat–, irudi bitxi batzuekin topo egiten duzu, hala nola artikulua ilustratzen duena. 1969ko azaroaren 22an Ana Mari Ezkai beasaindarraren eta Bermeokoa zen Jose Juan Castillo sukaldariaren arteko ezkontza ospatu zen. Loiolako basilikarako bidean, Mandubia gainean, sukaldaria eta euskal sukaldaritzari buruzko liburu askoren egilea zen Jose Castillo bere aitak gidatzen zuen autoaren atzeko gurpila zulatu zen. Simca 1000 bat zen eta atzetik taxi batean zihoazen ezkongaiek autoaren gurpila aldatzen lagundu zioten. Irudian, Ana Mari Ezkai eta Jose Juan Castillo ikusten dira, zuhaitz enbor batzuk mendian hartuta, autoaren gurpiletan jartzeko, mendatearen maldatik mugitu ez zedin. Gurpila aldatzen Jose Castillo dago Beasaingo Oyarbide taxilariarekin batera. Irudia Josetxo Marinek, Ordizian bizi den argazkilari donostiarrak, egin zuen. Moises Marin Camara bere aita ere sukaldari ospetsua izan zen joan den mendeko 30 eta 40ko hamarkadetan, Donostian. Egilea: Josetxo MARIN. CASTILLO/EZKAI FAMILIAREN FUNTSA.