GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Europako liderrek beldur handia diote egiari


Ukrainan gerra hasi eta gutxira, kazetari batek Peter Handkeri galdetu zion zer pentsatzen zuen gertatutakoaren inguruan. Idazle austriar eta Literaturako Nobel saridunak esan zuen, gutxi gorabehera, bere emazteak horrelako galderei erantzutea debekatu ziola. Handke ezaguna da NATOk Jugoslavian izan zuen esku-hartzearen aurrean izan zuen jarrera kritikoagatik, eta ziur aski kazetariak pentsatu zuen erraza izango zela titular mamitsuren bat ateratzea, baina ezin. Istorioak ezin hobeto ilustratzen du Europan dagoen giroa: diskurtso ofizialetik ateratzen den edozein iritzi berehala arbuiatua izaten da, eta egilea irainduta.

Zoritxarrez, ez da diskurtso kontua bakarrik. Kargurik gabe askatu ondoren, Pablo Gonzalezi elkarrizketa bat egin zion RT telebista kate errusiarrak. Bertan, Poloniako espetxean jasan zituen tratu txarrak eta presioak kontatu zituen. Hurrengo egunean, Poloniako Fiskaltzak jakinarazi zuen Pablo Gonzalezen aurkako ikerketak aurrera jarraitzen zuela. Eta egun bat geroago, Pablo Gonzalez auzipetua izan zela iragarri zuen. Gertatutakoa zuzenean kontatzea nahikoa izan zen Poloniako Fiskaltzak bi urte eta erdian egin ez zuena bi egunetan egiteko. Pasadizo honek Lopez Aguilarrek bataiatu zuen kontzeptua gogoratzen du: «Inputazioak eraikitzea». Fiskaltzaren erreakzioak Pabloren testigantza berretsi baino ez du egiten.

Erreakzio horrek, bestalde, zer pentsatua ematen du. Kazetari soil baten kontakizun egiazaleak horrelako erantzuna eragiten badu, horrek esan nahi du kontakizun ofiziala oso hauskorra dela, edo, behintzat, hala ikusten dutela Europako agintariek. Eta indar seinale bat baino gehiago, ahultasun sentsazio bat transmititzen du. Egia ezkutatzeko grina biribiltzeko, Pabloren prozesamenduarekin batera Nord Stream gasbidearen leherketari buruzko enegarren bertsioa agertu da. Orain badirudi hiru ukrainar mozkorrek egin dutela. Trama zenbat eta korapilatuago egon, orduan eta ezkutuago geratzen da benetako gaizkilea.

Horretan guztian bada arreta jasotzen ez duen beste alderdi bat. Ahots kritikoak isilarazteko ahalegin hori Europako herritarren eskubide zibilen urraketa nabarmena da. Ematen du Europak gerra-estatua edo lege martziala ezarri duela, baina publikoki aldarrikatu gabe. Esplizituki egin izan balu, Europa -edo NATO- gerran dagoela aitortzearen parekoa litzateke. Momentuz, badirudi ez dutela jendea gehiago beldurtu nahi. Nolanahi ere, eskubideen murrizketa isil horrekin, kalte larria jasotzen duena demokrazia da, Europako liderrek hainbeste goraipatzen dutena. Eztabaida politikorik gabeko giza eskubideen murrizketak agerian uzten du Europako demokrazia oskol hutsa dela.

Badirudi oraingoz Pablo Gonzalezek beste apopilo ospetsu batekin, Edward Snowdenekin, partekatu beharko duela bizilekua Moskun. Han amaitu zuen Snowdenek AEBetako espioitza agentziek oinarrizko giza eskubideak urratzen zituzten zaintza masiboko programak erabiltzen zituztela agerian utzi zuenean. Nork esango zukeen duela hogeita hamar urte gaur egungo disidenteak Moskun biziko zirela? Arrazoia eman beharko zaio George Orwelli, «engainu garaian, egia esatea ekintza iraultzailea da» idatzi baitzuen •.