2024 IRA. 14 Feismoa Joxean AGIRRE Orain dela pare bat aste aldizkari batek, eta adimen artifizialaren laguntzarekin, Laudio, Beasain eta Barakaldo izendatu zituen EAEko herri itsusien, bat herrialdeko, eta bertako bizilagunak ikusi nituen kexuka Teleberrin eta arrazoiarekin gainera, feismoa edo itsustasunaren lanketa, izatez, leku jakin, eraikin edo paisaiaren leku zehatz batzuei buruz hitz egiteko erabiltzen baita eta ez herri oso bat kalifikatzeko. Galizian lanak egin dira feismoaz eta hala erabili dela iruditzen zait. Gure artean feismoaren eredu nagusiak baratzeak dira. Badaude baratze ederrak, baita Versaillesen miniaturak diruditenak ere. Askotan egon naiz begira Bermeon, Aritzatxuko hondartzara bidean dauden batzuei. Bertan pozik asko bizitzeko moduko lekuak dira, beren lorategi, igerileku txiki eta guzti. Baina asko dira itsustasunaren gorazarreak diruditenak. Joan den mendearen bigarren zatian etorkin asko jaso zituzten herrietan bereziki multzoak ikus zitezkeen eta ikus daitezke oraindik ere. Baratze horiek birziklatzearen erresumak dira. Somierrak erabiltzen dituzte itxiturak eta ateak egiteko, autoen gurpilak loreontzi gisa eta bainuontziak ura biltzeko edo komun bat ikus dezakezu izkina batean, nik al dakit zertarako. Barruan diren etxoletan denetik ikus daiteke: gorputz osoko ispilu bat aurki dezakezu edo barrunbeak bistan dituen besaulki bat edo hozkailu bat argindarrik gabe, han, ezertarako. Feismoaren erreinu horiei begira pentsatu izan dut ez ote diren gizontasunaren gordeleku bilakatu, emakumeak etxeak kolonizatzen joan diren heinean gizonezkoak beren gogora sentitzeko, beren neurrira egindako bizilekuak behar zituztelako. Zorionez edo zoritxarrez, baratze molde hori desagertzen ari da, baserri atarietako feismo kasu larriak desagertzen ari diren bezalaxe. Orain gutxira arte baziren baserriak non traktore zahar bat herdoildurik, arrankatu ezinik geratutako pare bat kamioi zahar eta horiekin batean garbigailu pare bat jartzen zituzten, feismoaren museoak balira bezala, eta haien artean bizpahiru kateko zakur eta oilo taldeak bizi ziren. Feismoa artea izan liteke, itsusia ederra bezain interesgarria eta esanguratsua. Bilboko San Frantzisko auzoko txoko askok Ereagako hondartzak baino zer pentsatu gehiago eman diezaguke. Arkitektura Eskolako gure ikasleek katalogo interesgarririk egin dezakete eta barne turismoa, leku ederrik eder egin beharrean, tarteka itsusitik itsusira egingo genuke eta ez liguke kalterik egingo. •