Rebordinos eta Depp, aliantza patriarkalak
SSIFFek, Zinemaldiak, Donostia eraldatzen du urtero. Filmen kartelek, argazkilariek, luxuzko kotxeek eta alfonbra gorriak hiriaren erdigunea hartzen dute turistek lan-eskubiderik ez duten migratzaileek egindako pintxoak jan eta -etxebizitza sozialak ez bezala- gero eta gehiago diren hoteletan txortan egin dezaten beautiful Kontxari begira. Zinemaldia, kulturaz haratago, Basque Country turistikoa indartzeko balio duen ekitaldia delako.
Turistak alde batera utzita, turista horien erreklamo gisa funtzionatzen duten aktoreak ere Donostian izango dira. Badakizue nor izango den aurtengo erreklamo nagusietako bat? Johnny Depp tratu txar emailea. Aukera ona litzake aurten Zinemaldia probestea Palestinari babesa emateagatik industriak albo batera utzi dituen aktoreei ikusgarritasuna emateko, ondo legoke Susan Sarandon edo Melissa Barrera Donostian ikustea genozidioaren aurkako haien keinua sarituz. Baina ez, Rebordinosek saritzea erabaki duena emakumeen aurkako biolentzia da, Depp Donostiara ekarri eta aurpegia garbitzea. Eta norbaitek esan lezake Rebordinosek saritzen duena ez dela hori, baizik eta bere ibilbide artistikoa; bai, ados, baina hori dioen jende bera joango al litzake Hitlerren koadroen erakusketa bat ikustera Tabakalerara?
Dena den, hau ez da Depp Donostiara etorri den lehen aldia. Abuztuaren 20an irakurri nuen berria NAIZen, «Johnny Depp Zinemaldira itzuliko da 2021ean sortutako polemikaren ostean». Dirudienez, orain zure emazteari tratu txarrak ematea ez da biolentzia patriarkala, polemika baizik.
2021ean Deppen emazte ohi Amber Hearden aurkako epaiketa egiten ari zen, 2016an Heardek salatutako tratu txarrak ukatzeko helburuarekin Deppek ezarritako difamazio salaketaren harira. Epaiketa mediatiko hark kolpe gogorra suposatu zuen mendebaldeko feminismoarentzat, garrantzi handia izan zuen, MeToo mugimendua ahultzeaz gain, mugimendu anti-feminista yankiarentzat beti balio zuen argudioa sortuz: “Bortxaketa, tratu txar, abusu salaketak? Bai, Heardek Jack Sparrow koitaduari egin zion difamazioa bezala”. Egoera horren erdian, Rebordinosek, elkarrizketa batean, bere burua epaile bihurtu eta Deppen errugabetasun presuntzioa defendatu zuen, ezagutzen ditugun gizonen arteko aliantzak ongarrituz.
Baina lasai, ze, aliantza patriarkalez haratago, LGTBI+ komunitateak ere badu lekua Zinemaldian, Sansebastine sariaren bitartez Gehituk festibaleko LGTBI film onena omentzeko aukera du eta. Hori da neoliberalismoak gure borrokekin egiten duena: etsaitasuna ezabatu eta dena berdindu. Feminista zara? Etorri Zinemaldira! Bertan (ordainduz gero, noski), genero problematika kritikatzen duten dozenaka pelikula aurkituko dituzu! Anti-feminista zara? Etorri Zinemaldira! Anti-feminismoaren ikur bihurtutako Depp saria hartzen ikustera. Zinemaldia festibal anitza da, eta aniztasun hori dela eta, pantaila berean egon daitezke Almodovar, Josu Urrutikoetxea, Sansebastine saria irabaziko duen filma edo Depp tratu txar emailea.
Aniztasun neoliberala da hori, non anitz gisa onar daitekeen soilik sistema zalantzan jartzen ez duena. Feminismoa, bai, kontsumo elementu den heinean eta ezer kuestionatzen ez badu; adibidez, Depp tratu txar emailearen etorrera edo Rebordinosek harekin erakusten duen konplizitatea. •