2024 IRA. 21 { KOADERNOA } Hamarkaden argi-ilunak Iker BARANDIARAN 80ko hamarkadaren inguruko ekimenetan parte hartzen dut gustura. Sasoi horretan kokatzen dut niretzat hain esanguratsua den punkaren sorrera; eta, gainera, gurean behintzat garai ilun bezain aberatsa izan zen, bestelako espresabide sozial eta politikoen sorreran. 80koa nire haurtzaro eta gaztaroaren parte izan da eta hori hor daramat, baina garai guztiek dituzte gauza onak eta txarrak, eta nire ustez oraina bizi behar da, iraganari duen balioa emanez. Hala, 80koaren mitifikazioari aurre egin eta, bizi ez zutenek ezagutu eta hortik ondorioak -bakoitzak bereak- atera zitzaten, Ez Donk Amaitu oroimen ariketa egin genuen. Baditut lagun batzuk, gazteagoak, 80ko hamarkadarekiko daukadan begirada luze honekiko interpelatzen nautenak txantxa eran, “Hil ezazu aita” esamoldea gogora ekarriz. Haiek erreibindikatzen dute 80ko hamarkada grisaren aldean emankorragoa eta loretsuagoa izan zela jarraian etorritako 90eko hamarkada. Eta azken hauei ezin arrazoi puntu bat ukatu; neuk 80koan jasotako bizipen eta irakaspenetatik abiatuta eta gaztaroa aurrera zihoan heinean, gauzak aldatzearen eta egitearen beharraz kontzientziatu eta gauza (askoz) gehiago egiteari ekin nion 90ekoan. Eta ez nik bakarrik; suntsitzetik berria -gure gustukoa- zena eraikitzeari ekin genion askok; eta beste batzuek zabaldutako bideak -ez beti!- oinarri bihurtu ziren askotan egitura sendoago, iraunkorrago eta jasangarriagoak sortzeko. 80ko hamarkadan ilusionagarria baina prekarioa zen ia guztia; diktadura azpitik irteten dena zegoen eraikitzeko eta kasu gehienetan ez zen epe ertainerako begirada nagusitzen, momentuko eztanda, purrustada edo gozamena, eta listo! Gerora, 90eko hamarkadan, aurreko hamarkadako bat-bateko apar gorakadaren ostean, etorri zen gauzak egin bai, baina hobeto pentsatuta eta mamituta egiteko joera. Eztandatik harago bizitzak jarraipena izango zuelakoan, begirada luzatu egin zen. Musikaren esparruan antzekoa pasa zen. 80ko hamarkadan nagusi zen punka, bortitza, gordina eta bat-batekoa, inongo filtrorik gabekoa. Ez zuen axola ondo jotzen jakiteak, ez zen ekipo handirik behar, ez zitzaion soinuari garrantzirik ematen, jotzeko oso leku gutxi zeuden eta edonolakoak ziren, sarrera ordaintzea ez zen garrantzitsua, ezta musikarekin dirua irabazi edo gastuak estaltzea ere, diskoak ateratzea ere ez zen premiazkoa... Eta salbuespenak salbuespen, garaiko eskaintzan musika estilo desberdin oso gutxi zeuden aukeran. XX. mendeko azken hamarkadan, baina, musikaren alorra egonkortzeko eta kasu batzuetan profesionalizatzeko pauso garrantzitsuak eman ziren: Gaztetxeen sarea are gehiago handitu zen, kontzertuak egiteko baliabideak dezente hobetu ziren, soinu, katxe, promozio, diskoetxe, kontzertu areto, grabazio estudio, promotore, El Tubo aldizkari, lehiaketa eta bestelakoen bitartez. Era berean, errazagoa zen diskoak eta musika instrumentuak eskuratzea, jotzen ikastea... Horrek guztiak ekarri zuen askoz kontzertu gehiago egitea, musika estilo askotako talde ugari sortzea... eta, hala, garai askoz loratuagoa izatea. Bada, honi eta 90eko hamarkadako beste musika kontu askori buruz mintzatu gara Eneko Barberenak gidatutako Fukuyama 7 podcastean. • 80koa nire haurtzaro eta gaztaroaren parte izan da eta hori hor daramat, baina garai guztiek dituzte gauza onak eta txarrak, eta nire ustez oraina bizi behar da, iraganari duen balioa emanez