GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

‘Tasio’, gaur

Nafarroako Biloria herrian txondorrak egiten dituzte oraindik. (Josu OZAITA)

Tasio filma ikusi ahal izango da gaur Donostiako zinemaldian. 40 urteren ostean, pelikulak ez du galdu bere dirdira. Ikatzaren prozesura hurbilpena izateaz gain, bizimodu baten aldarria da; hausnarketa. Nafarroako Lana eskualdeko bizimodua jasotzen da bertan, non etxe gehienak ikatzetik bizi ziren duela hamarkada batzuk. Hainbesterainokoa zen lotura, ezen mendiari lantegia deitzen baitzioten. Industrializazioarekin batera, ordea, aldaketak hasi ziren: migrazioak izan ziren hirira. Herri txikietatik hiriburura. Mendiko lantegitik industriara. Bizi aldaketa horren erresistentzia ordezkatzen du “Tasio”-k. Berarentzat askatasuna zen bere bizimodua. Bizi baldintza erosoago batzuengatik ez zuen nahi saldu mendiarekin zuen bere harremana: ikatza egitea eta isilpeko ehiza.

Gaur egun ere, hainbat produktore, baserritar, artisau, arrantzale... “Tasio” dira. Beste sektore batzuetan aritzeko aukerak izanda ere, maite duten bizimoduetan bizi direlako, nahiz eta askotan larrialdiak igaro eta gizartearen aurrean beraien hautua justifikatzen aritu behar izan.

«Tasio», gaur

Duela 40 urte film honek ikatzaren eta bizimodu baten erorketa iragarri bazuen ere, oraindik geratzen dira arrasto batzuk 2024. urtean.

“Tasio” pelikulan agertzen den frontoi mitikoa duen herrira joan gara, txondor baten prozesua bizitzera. Jose Mari Nieva (1958) izan dugu anfitrioi, eta maisu. Fabrikan 43 urtez aritu ostean, Biloria herrian egiten du bizimodua gaur egun. Zerealak landatu, moxal eta behorrak mendian zaindu, eta udan, txondor batzuk egin; Tasiok maite zuen bizimodura buelta. Hala ere, salbuespena da, galtzeko zorian dagoen praktika. Egun 18 pertsonak egiten dute bizitza bertan, urtero populazioa hustuz doa, urtero txondorren kopurua jaisten den erritmo berean.

Bilorian arbasoen ohiturak dituzte oraindik: udazkenean “zorteak” egiten dira. Sutarako edo ikatza egiteko egurra jasotzeko zozketetan parte hartu dezakete herritarrek. Behin lurzatiak izendatuta, hartzaileak sail hori txukundu beharko du. Ondoren, txukunduta dagoenean, basozainak markatuko du zein zuhaitz bota ditzakeen. Horrekin egingo du ikatza, edota etxeko sua piztu negu luzean.

Txondor baten bizitza

Negua eta udaberria lehortzen eduki ostean, prest ditu pilan jarrita egurrak Jose Marik. Txondor honetan erabiliko dituen 4.000 kiloak 1.000 kilo ikatz bilakatuko dira egosi ondoren, astebeteko prozesua bizita. Txondorra egitea egurra kozinatzea da.

Artea edo zurbeltz egurra erabiliko da batik bat. Enbor lodienak erdian jarriko ditu, erdi paretik gora tximinia moduko bat eginez, egur metaren kokotea izango dena. Hauek jarrita, adar finagoak ezarriko dira, banaka-banaka, tetris bat bailitzan bakoitzari bere txokoa emanez, hutsune guztiak osatu eta gorputz bat osatzeko. Kontzentratuta dabil horretan, presarik gabe. Txondorrean dagoen egur bakoitza ukitu du; erabateko artisau lana da. Txarraka-txarraka, egur pila txikituz doa, eta egur meta handituz. Behin menditxo forma hartuta, harriak (arrucas) jartzen ari da txondorraren oinetan inguru guztian zehar: «Hauek izango dira txondorraren birikak».

Jose Mari Nieva txondorra egiten. (Josu OZAITA)

Adar fin eta hostoak mangerarekin ureztatu eta txondorraren azpialdean jartzen ditu buelta osoan. Ondoren, berak bildutako lastoaz estaliko du dena: egur mendi hau lasto meta bilakatuz itxuran. Mangera hartu eta dena ureztatu du: ondo egosteko trukoa da. Pala hartu eta inguruan duen lur beltza, ehunka txondorretakoa, txondorrera botatzen du.

Lau ordu igaro dira dagoeneko: mendixka beltz bat dago nire begien aurrean. Egurtxo batzuk motozerrarekin moztu eta su eman die alboan, su txiki bat eginez. Eskailera txondorrean etzan, su txingarrak palan hartu eta gora igo da. Goiko zulotik, kokotetik, sua eman dio. Halako batean, tximiniatik kea ateratzen hasi da. Bizia hartu du txondorrak.

Oilo-ipurdia jarri zait, irribarrea azaleratu. Folklorizatutako zerbait, ia galduta dagoena, bizirik ikusten ari naiz zuzenean.

Kea, beroa eta beste

Plaza deitzen diete txondor eremuei, eta herrian hainbat plaza daude. Duela hamarkada batzuk, mendira joaten ziren txondorrak egitera. Bertan egiten zituzten 20.000 kiloko txondorrak, eta bat baino gehiago batera mantendu. Alboan, adarrekin egindako txabola bat bizitoki. Badira urte batzuk, ordea, menditik herrira jaitsi zituztela txondorrak. Etxe alboko plazetan egiten dituzte orduz geroztik, txondor basatiak etxekotuta. Hala, aukera dute erraz zaindu eta beste lanetan aritzeko. Egunean zehar, hainbat aldiz joaten dira bisitan, su hartu ez dezan. Egunero, goizeko 3.00etan jaiki, txondorrera joan, begiratu, betagarri lanak egin, eta lotara... Jaiki, eta lehendabiziko lana bertaratzea da. Betagarri lana egiten diren zuloak estaltzea da, egur puska eta aurreko txondorrean ondo egosi gabeko sasi ikatz pusketekin. Ikazkin lana, batez ere, zaintza lana da.

Egun batzuetan, kez egongo da ingurua, alboetan egiten zaizkion txuloetatik arnasa hartzen duela; ito gabe, eta erre gabe, egoste egokia bilatu behar da. Ke zakarra darie, gogorra, indarrarekin. Biriketara sartzen da, poroetatik gorputzean itsasten. Usaina zurekin eramango duzu, ezingo duzu kendu, eta atrapatuko zaitu. Haizeak kea mugitzen duela ikusten da, kontziente egiten du airearen eta suaren arteko jolasa. Txondorraren taupada horietan, Jose Marik makila batekin martxan dauden 14 zuloetatik biri eragiten die, ia itzalita zegoena suspertzeko. Kearen irudimen horrek parrillako ikatzera eramaten zaitu.

Egun batzuk igarota, egunero goizeko hiruretan jaikita eta itzuli batzuk eginda, goitik behera egurra egosita, prest dagoela sentitu du Jose Marik. Astebete igaro da egur meta hari su eman zionetik. Orain ke urdina dario, eta hori eginda dagoenaren seinale dela esan dit.

Arreba laguntzaile izaten du Jose Marik. (Josu OZAITA)

Eskuarearekin suabe-suabe, gozotasunez, lasto guztia kentzen dio. Ondoren berriro pala hartu eta lur guztia botatzen dio. «Orain itzali egingo da, ito», esan dit, jada zulorik gabe arnasa har ez dezan. Ezpainak belztuta, betaurrekoak hauts beltzarekin zipriztinduta, ur mangera hartu eta erregadioaz blaitzen du. «Txistu beltza botako duzu egun osoan», esan diot. «Ez pentsa! Hau sanoa da. Behin, osaba batek perretxiko toxiko bat jan zuen, eta ikatz hautsa urarekin nahastuta eman zioten», erantzun dit irribarre batekin.

Bi egun beranduago itzuli naiz: «Gaur ere goiztiar zabiltza», esan dit, ordularia oraindik ez da goizeko 7.00etara iritsi. Izan ere, uda egun hauetako eguerdiko beroaldiak harrapatu aurretik, ohikoa da goizean goiz eta iluntzean lan egitea, tarteko orduak ekidinez.

Pikoa hartu eta menditxoa deuseztatzen ari da, zati handienak menderatuz. Zirkulu bat egingo du jada ikatz bilakatu diren egur zati beltzekin, sardearen laguntzaz. Ondoren, arrebak lagunduta, zakuak betetzen ditu. 50 zaku kontatu dituzte: goiz osoko lana, aste guztiko emaitza, baso lanak kontuan izan gabe. Zakuak sakabanatu eta pare bat egunez bertan utziko dituzte, badaezpada. Su punttu bat aski da dena sutzeko. Hala, zakuak sakabanatuta, eta denborari lana egiten utzita, segurua izango da uzta.

Txondor bakoitza desberdina da. Txondor bakoitza bakarra da. Ez daude bi berdin. Ezinezkoa!! Egur desberdina, eguraldi desberdina, egosaldi desberdina, zona desberdina, egite desberdina... Ederra da.

Txondorra egitea bizia ematea da zerbaiti. Egosi. Egin. Piztu, itzali. Eta ondoren ikatza nonbaitera joango da, berriro piztuko da, eta momentu polit bat sortuko du parrillaren bueltan.

Olentzero joan zaigu...

«Mendira lanera...», zioen abestiak. Baina jada Olentzero ez da zikina, garbitu dizkiote ikatzaren aurpegiko markak. Ikatza desagerrarazi diote, egun batean txondorrak Bilorian itzaliko diren bezala, eta lasai lehortu ahalko dira garbitutako arropak herrian, ke usainik gabe. Zerbait faltako zaio, ordea. Edo, ez. Zerbait sortuko da agian: Tasioren izpiritua bizirik baitago; dena ez da oroitzapena.