2024 AZA. 09 XABIROI BILDUMA Superheroiak euskal gatazkara ekarri dituzte Iban Zalduak eta Julen Ribasek «Botere handi batek» izena du Xabiroi komiki aldizkariaren bildumako azkenak. Iban Zalduak eta Julen Ribasek osatu dute lana -batek gidoia eta besteak marrazkiak-, eta bi zutoinen gainean josi dute istorioa: superheroiak eta euskal gatazka. Historiak baino istorioak dauka garrantzia, egileek nabarmendu dutenez. Irudian, ezker-eskuin, Iban Zaldua eta Julen Ribas, gidoilaria eta marrazkilaria. (Jon URBE | FOKU) Amagoia Mujika Fusio, Fisio, Depresore, Barrenero, Lady Toledo, Atari, Porlana, Makadama eta Zatiki superheroiak dira. Denak sortu zituen Armada espainolak, Bardeetako laborategi sekretu batean, 1960ko hamarkada amaieran. Super-gizakiak sortzeko esperimentuak egiten ari zen Gobernu espainola, eta 1975ean Franco diktadorea hil zenean, botere hutsune bat sortu zen bertan. Nahasmen hori baliatu eta alde egin zuten superheroiek, eta gehienak Euskal Herrian geratu ziren bizitzen. Garai politiko oso mugituak bizi zituen Euskal Herriak, eta testuinguru horretan lurreratu ziren superheroiak. Hori da Xabiroi komiki aldizkariaren “Botere handi batek” azken bildumaren abiapuntua. Ikastolen Elkarteko proiektuak 18. bilduma osatu du honekin, eta 20 urte betetzear da, 2025ean, hain justu. Spider-manek esaten zuenez, «botere handi batek erantzukizun handi bat dakar». Ideia horretatik jantzi diote izena Iban Zalduak eta Julen Ribasek elkarrekin egin duten bildumari. Izan ere, superheroien aldeko aldarri bat da lana, eta Marvel unibertsoarekin parekidetasun bat dauka: superheroiak ez ditu fikziozko mundu batean kokatzen, gurearen paretsua den errealitate batean baizik. Hartara, 1970eko hamarkada erdialdetik 1990eko hamarkadaren bukaerara arteko Euskal Herria begiztatu daiteke komikiaren binetetan, eta garaiko gertaera latzak suma daitezke. Ez da kronika zehatza, baina iradokitzen dituen egoerak ezagunak dira Euskal Herrian. Iban Zalduaren hitzetan, «ez da historia edo kronika liburu bat, ez du asmorik errelatoaren borrokan mugarri bat izateko edo endredatzeko, ez zuzenean behintzat. Ez du helburu gisa ekarpen bat egitea euskal gatazkaren konponketan. Gure helburua abenturazko komikiaren eremuan lan on bat egitea zen». Ariketa bat planteatzen du bildumak: «Saiatzen gara esploratzen zein bilakaera izango lukeen gure gatazkak superbotereak dituzten izaki batzuek zeharkatuko balute», gaineratu du. Superheroien generoa Superheroiak dira, zalantzarik gabe, lanaren zutoina, Zalduak berak oso maitea duen generoa. «Superheroien generoa interesatzen zait, ez bakarrik gaztaroan eta haurtzaroan nigan izan zuen eraginagatik, baizik eta aro industrial kapitalistaren mitologia modernoaren oinarria delako. Jainkoen eta demonioen mitologia zaharra zientzia fikzioarekin gurutzatzen du. Eta pentsatu nuen, ‘zergatik ez gure historia garaikidearen eremura ekarri; gure historia garaikidearen azken gertakari lazgarri eta inportanteekin gurutzatu’. Euskaraz ez da asko jorratu generoa. Gutxi jorratu da perspektiba honetatik, superheroien komiki kanonikoaren ikuspegitik. Ekidin ezineko erreferentzia da Patxi Gallegoren ‘Xabinaitor’. Baina horrek umoretik eusten dio superheroiaren arketipoari. Nik album serio bat egin nahi nuen. Lan dramatiko bat da eta, zentzu horretan, superheroien komiki klasikora gerturatzen da». Julen Ribas marrazkilariarentzat ez zen hain ezaguna superheroien mundua. «Nik ez neukan jakinduria handirik superheroien inguruan, eta 70eko hamarkadetako komikietara jo nuen». Lanak bere konfort gunetik aterarazi du Ribas, eta hori beti omen da «ikasteko bide interesgarria».