Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Bizimoduez

Ederra da udazkena: goizeko freskuran ihintzak estalitako bidezidorretan galtzea; hego haizeak eraitsitako orbelak zapaltzea; nahi baino lehen ilundutako arratsaldeetan gaztainak jatea. Ederra da udazkena, eta are ederragoa horretaz gozatzeko asteburu luze bat izanez gero. Halakoa izan da azaroko lehena, ia-ia uda zaporekoa.

Gure etxean ere igarri da udazkenaren etorrera. Ardien zintzarri hotsak entzuten dira etxe inguruko zelaietan. Atzean utzi dituzte udako mendi larreak. Udazkeneko sasoiaren seinale ez ezik, negukoarena ere badira haien sabelalde mardulak. Laster aldatuko zaie bizimodua, arkumeak erditzen hastean. Eta, artaldeak nola, gurasoek ere nabari dute neguaren etorrera: su-egurra eginda, eta ukuilua bazkaz lepo, arkume sasoirako prest. Haiei ere aldatuko zaie bizimodua egun gutxi barru, enegarrenez. Uda urrundu ahala, argi-orduak gutxitu eta gauak luzatu dira. Ordea, gure gurasoei, lo-orduak urritu ez ezik, lanorduak ugalduko zaizkie.

Askotan entzun izan ditugu aita-amak bizimoduaz hizketan: eurena ez dela ofizio soil bat, artzaintzak zaletasunetik eta maitasunetik asko duela, konpromisotik eta neketik bezainbeste... Eta, entzun ez ezik, ikusi eta sentitu ere egin dugu guk hori, familiako bizimodua ardaztu baitu. Ez dira alferrik pasatu ia bost hamarkada ofizio horri heldu ziotela, aitak lehenik, eta biek elkarrekin gero. Udaberrika kontatu ohi ditugu urteak; haien gorputzetan, aldiz, negu bakoitzak utzitako aje eta arrastoak sumatzen dira.

Eta ohartu gara, urteek aurrera egin ahala, aje horiek geroz eta gehiago pisatzen dutela, arrasto horiek geroz eta sakonagoak direla. Osasun arazo eta zaintza beharrak azaltzen joan dira tantaka-tantaka azken neguetan, galdera pisutsuei hitzak jartzen hasteraino: «Noiz arte euts diezaiokegu bizimodu honi?». Isiltasunak berak iradoki digu ez dela luzaz izango. Eta, gurasoei ez ezik, etxeko ondorengo belaunaldiari ere badatorkigu itauna: «Prest al gaude egungo gure bizimoduak utzi eta gure etxea ardaztu duen horri heltzeko?». Gure ezezkoak ere gurasoen isiltasunak adinako zama du.

Iragan urteko neguaren gorrienean, erretiroa hartzeko eta artaldea kentzeko hotsak inoiz baino ozenago entzun ziren gurean. Zaila egin zitzaigun arren, bizimodua aldatzeaz hitz egin dugu ordutik. Bizimodua aldatzeaz, eta moduz bizitzeaz, eskutik baitoaz gurasoen kasuan: gutxirekin bizitzera ohituak, jubilatutakoan ere hala bizi beharko dutela ederki dakite. Eta, arian-arian, duin bizitzeaz eta zaintzaz ere hitz egin dugu; edo, zintzoak izateko, duin zahartzeaz eta hiltzeaz.

Baina uda itxurarekin hasitako azaroak elkarrizketa batzuk lurrundu dizkigu. Gorputzaldi onarekin heldu diote gurasoek udazkenari, aurten negurik ez baletor bezala. Eta bizimodua aldatzeaz egindako galdera haren osteko isiltasunari “ikusiko dugu”-k hartu dio tokia. Guk, ezezko biribila eman dugunok, badugu erantzun argiak jasotzeko beharra; bizimoduak, zahartzaro duinak eta zaintza lanek kezkatzen gaituztelako. Eurenek; baina, bereziki, geureek.

Eta hala hasi dira jaiotzen lehenengo arkumeak, negua datorrenaren seinale. Ikusiko dugu zer dakarren. Bitartean, udazkenaz gozatzen jarraituko dugu; garai ederra da bizimoduaz, moduz bizitzeaz, zaintzaz eta zahartzaro duinaz aritzeko, ihintzak estalitako bidezidorretan galduz, orbelak zapalduz, edo gaztainak janez. •