2024 AZA. 23 Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB): ikasleen ekarpenak Informatikari Euskaldunen Bilkuran parte hartu zuten ikasleak. (UTZITAKOA) Edurne LARRAZA MENDILUZE Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU UEU, Udako Euskal Unibertsitateak urte asko daramatza Euskal Unibertsitaterako bidea egiten. Hasieran udako ikastaroen bidez, eta urteen poderioz eta gaur egun, graduondoko, jardunaldi eta unibertsitate mailako etengabeko formakuntzarekin ere bai. Horregatik, garrantzitsua da profesional euskaldunek haren ezagutza izatea. Informatikariontzat, Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB) da UEUk bi urtean behin antolatzen duen ekitaldi nagusietako bat. Euskaraz sortutako tresna eta aurrerapen informatikoak aurkezteko espazioa. Aurten, XIII. edizioa izan dugu, Adimen Artifizial (AA) sortzailea ekarri nahi izan dugu mahai gainera, egitarau ederrarekin. Hala ere, azken urteotan gazte jende gutxi gerturatzen zela ikusita, aurtengo edizioan Gradu eta Master Amaierako Lanak (GrAL/MAL) aurkezteko deialdi berezia egin da. Deialdi arrakastatsuak lanbide heziketako lanen bat ere erakarri du, eta Informatikaren etorkizuna agerian utzi du. Aurkeztutako lanen artean, informatika gizarte-arazoen konponbiderako tresna boteretsua dela nabarmendu da. Pentsaera Konputazionala (PK) Kimikan eta jolasen bidez landu daitekeela ikusi ahal izan dugu, eta PK programazioaren bidez landu nahi izanez gero, konputagailurik gabe egin daitekeela, bloke bidezko programazio analogikoarekin eta ondoren Adimen Artifizialaren (AA) laguntzarekin programa digitalizatuz. Bestalde, sare sozialetan suizidioaren zantzuak aurreikusten saiatu diren bi lan ere aurkeztu dira. Batek suizidioarekin lotutako ezaugarri morfologiko eta lexikoak identifikatu ditu, eta besteak, mezu horiek laburrak eta akatsdunak izanik, identifikazioak fidagarriagoak izan daitezen, eraikitako tresnak datu eta trebakuntza gehiago behar dituela azpimarratu du. Bloke honetako azken lanak familiartekoek Alzheimer edo dementzia duten pertsonen telefono-deiak hartu ezin dituztenean robot batek elkarrizketan laguntzea bideratu du. Ondoren, hizkuntza-ereduen blokea heldu da, euskarazko ereduetan arreta jarriz. Lan horien artean, hizkuntza-ereduak entrenatzeko erabiltzen diren datu eta algoritmoek duten alborapena aztertzen duena; euskarazko C1 azterketaren ebaluatzaile automatiko bat sortu duena, baina muturreko azterketak ongi ebaluatuta ere tartekoentzako hobekuntzak behar dituena; euskarazko akats gramatikalen zuzenketarako ereduak eta ebaluazio-datu multzo berriak garatu dituena; Euskal Herriari buruzko ezagutza zuzena sortzen laguntzeko hizkuntza-ereduen hobekuntza aztertu eta oraindik mugak topatu dituena; hizkuntza-ereduek gezurrak esateko duten joera aztertzeko euskarazko marko bat garatu duena. Azken bi lanek AAren funtzionalitate zabalagoak aztertu dituzte. Bata, espazio fisikoa eta objektuen arteko harremanak ulertzeko hizkuntza-ereduen ebaluazioa burutzen duena, eta bestea, neurona-sareen arkitektura optimoen bilaketa egiten duena, hobekuntzarik lortu gabe. Ikasle askok azpimarratu dute hizkuntza-ereduak garapen azkarrean daudela eta zenbait lan zaharkituta geratu direla jada, baina arlo berean ikertzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute hainbatek, eta laster lan hauen ondorengoak ezagutu ahal izango ditugu IEBn zein IkerGazten.