{ ANALISIA }

Luciana Cadahia: «Ez gara libre jaiotzen, libre egiten gara»

Cadahiarentzat, «munduaren errepresentazioak disputan daude» eta askatasunaren kontzeptua da giltzarrietako bat: besteekiko edo besteekin askatu, hor dago koxka.

Luciana Cadahia hitzaldia ematen, mukuru betetako Baluarte Jauregiko aretoan. Sekulako gaitasun erretorikoa erakutsi zuen.
Luciana Cadahia hitzaldia ematen, mukuru betetako Baluarte Jauregiko aretoan. Sekulako gaitasun erretorikoa erakutsi zuen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Amesgaiztoko mundu bat totalizatu eta horretaz bakarrik hitz egingo dugu? Edo beste gizarte-lotura batzuk sortzen ari diren bizitzen esperientzia “afirmatibo” horiek guztiak berreraikitzeko ahalegin intelektuala ere egingo dugu?». Galdera eta erronka hori plazaratu zituen Luciana Cadahia (Buenos Aires, 1982) filosofoak Iruñeko Baluarte Jauregian.

Duela aste batzuk egin zuen hori, ehunka pertsonen aurrean, “Iruñeko Topaketak” ekimenaren barnean. Orduz geroztik amesgaizto ugari bilakatu dira errealitate: trikornio berdeak Green Capitalen eta Iruñean bertan, indarkeria matxista kasuak, DANAk dena suntsitu, Trumpen garaipenarekin mundua are gehiago “trumpatu”… Aitzitik, Cadahiak aldarrikatu zuenez, ez dago zertan esperientziok totalizatu. Osotasun horretan badaude esperantzarako printza eta arrakalak ere, «existentziari eta bizitzari beste forma bat ematen diotenak».

Nola pentsatu eta zabaldu horiek? “Forma erreakzionario berriak, emantzipazio forma berriak” izenburupean, Luciana Cadahia hori pentsatzen saiatu zen bere hitzaldian.

Bulkada zahar-berriak

Cadahiak azaldu zuenez, gure garaia bi bulkada nagusiren arteko talkak ezaugarritzen du: «Emantzipazioaren bulkada, “afirmatiboa”, bizitza, bizimoduak eta gizarte loturak modu jakin batean eraikitzen dituena; eta aurrean, erreakzioaren bulkada, baiezkoa izan beharrean, erreaktiboa dena». Lehenengoa bulkada komunitarioa da, bizitza bere aniztasunean baieztatu eta zabaltzen duena; bigarrena, berriz, immunitarioa da, norbera baieztatzeko besteak ukatzen dituena.

Argentinarrarentzat, “neo-” eta “post-” garaia izanik, joerok berriak dira, baina, «era berean, oso zaharrak dira». XX. mendeko 20ko hamarkada begiztatuz gero, esaterako, egun gertatzen ari diren fenomeno ugarirekin «familia airea» suma daiteke: izurriak, gerrak… Orduan bezalaxe, liberalismoa krisian dago gaur, eta indar erreakzionario zein emantzipatzaileak noranzkoa lehiatzen ari dira.

Mende oso bat ez da alferrik pasatu, ordea. Funtsezkoa da hiru indar historiko horien (liberala, faxista eta emantzipatzailea) analisi gaurkotua egitea.

Merkatu-demokrazia

Cadahiaren ustez, (neo)liberalismoaren egungo krisia ulertzeko Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean Iparralde Globalean nagusitu zen errelatoa ulertu behar da.

Errelato horren arabera, behin faxismoa garaituta, «behingoz posible izango zen demokraziaren eta merkatu librearen artean aliantza egitea. Hau da, merkatu libreko demokrazia eraikitzea». Mundu librea merkatu librearekin berdinduta, “iraganeko” gatazka eta ideologiak albo batera utzi eta “etorkizunerantz” jotzeko apustua egiten zuten. Berlingo Harresia eroritakoan, indartu egin zen esperantza hori: Fukuyamak aldarrikatu zuenez, “historia amaitu da”, aurrerapenak ez zuen atzera bueltarik.

Demokrazia eta merkatu librea elkartzean, demokraziaren eta libertatearen kontzeptuak berrasmatu egin zituzten. Demokrazia askatasunarekin berdindu zuten, berdintasunaren printzipioa ahaztuta. Askatasuna, berriz, «esku hartzerik eza balitz bezala hasi zen pentsatzen. Hau da, ni aske naiz, baldin eta ezerk eta inork ez badu nigan esku hartzen. Askatasuna, orduan, nik nahi dudana egin ahal izatea da, hori eragotziko didan inolako araurik egon gabe». Hala, askatasuna norbanakora eta merkatura murriztu zuten: «Aske izatea, funtsean, kontsumitzeko aukera izatea zen: produktuak, esperientziak…». Esan nahi baita, merkaturako askatasuna izatea.

Behin hala definituta, berdintasuna, ahaztu ez ezik, askatasunarentzako (eta ondorioz, demokraziarentzako) mehatxu gisa jo zuten: autoritarismo, homogeneizazio eta totalitarismoaren ernamuina omen zen. Horri lotuta, estatua eta bestelako instituzioak ere susmagarritzat jo zituzten. Neoliberalismoaren ideologoentzat, estatua eta burokrazia bere horretan txarrak ziren eta murriztu egin behar ziren, enpresei eta norbanakoei «askatasun gehiago bermatzeko».

Ondorioz, merkatu libreko demokrazian, merkatuaren (edo hobeto esanda, merkatari handienen) askatasunean zetzan demokrazia. Merkatu-demokrazia zen, ez demokrazia merkatuarekin.

Aliantzaren etena

Cadahiaren iritziz, su haietatik datoz ke hauek. Izan ere, horrek «maila ezberdinetako demokraziak» ekarri zituen: «Gutxi batzuk oso ondo bizi zitezkeen milioika eta milioika pertsonaren sufrimenduaren kontura». Hasteko, Iparralde Globalean errelato hori barreiatzen zen bitartean, Uruguai, Txile, Bolivia edota Argentinan diktadura zibiko-militarren bidez ezarri zen “Chicago Boys”-en programa. Segitzeko, herritarren artean ere ezberdintasunak nabarmenak ziren.

Alabaina, Europako estatu askotan lortu zen ongizate egiturak eta politika berdinzaleak bultzatzea. Garaiko borrokak eta indar harremanak zirela medio, zerbitzu publikoak edota lan eskubide batzuk lortu eta zabaldu ziren. Hala, demokraziak merkatuak eragindako ezberdintasunak zertxobait berdintzea lortu zuen, sektore zabalei ongizate maila jakin bat bermatuz.

(Idoia ZABALETA / FOKU)

Cadahiak azaldu zuenez, baina, 2008ko krisiak «Europaren sudakizazioa» ekarri du. Latinoamerikan 70 eta 80ko hamarkadatan ezarritako politikak Europan orduan hasi ziren ezartzen: pribatizazioak, murrizketak... estatuak «geroz eta gehiago neoliberalizatzen hasi ziren», dimentsio soziala ahulduz eta autoritarioa indartuz.

Horren ondorioz, desberdintasunak biderkatzeaz gain, merkatu librearen eta demokraziaren arteko aliantzaren errelatoa pitzatu egin da: demokrazia merkatuaren askatasunarentzat traba bilakatu denez, ahalik eta gehien husten eta boteregabetzen saiatu dira. Hots, desdemokratizatzen.

Erantzun neofaxista

Cadahiarentzat, neofaxismoa ez da merkatu-demokraziaren kanpo mehatxua, baizik eta banaketa hori bururaino eramateko saiakera. Ezberdintasunak are gehiago handitu eta «logika señoriala» ezartzea da xedea: «Jauntxoak eta jopuak, ez neba-arrebak, ez berdintasunezko itun bat, baizik eta jendea goian eta jendea behean, jendea menderatzen eta jendea menderatuta».

Horretarako, batetik, askatasunaren ulerkera neoliberalean sakondu nahi dute. Adiera honen arabera, askatasuna botere pertsonal mugagabea izatea da, «besteekiko nagusi izatea». Zentzu horretan, heziketa sexualaren, “genero ideologiaren” edota esku hartze ekonomikoen aurrean “askatasuna” aldarrikatzen dute; alegia, esparru horietan gehiago izan ahal izatea, inork mugarik ezarri gabe.

Bestetik, hala egin ahal izateko, demokraziari esplizituki aurre egiten diote, haientzat demokrazia funtsean kolektibismoa eta komunismoa baita: «Joan den mendean berdintasunaren nozioa askatasunaren nozioak ordezkatu bazuen eta askatasunaren eta demokraziaren arteko lotura ezarri bazen, gaur egun askatasunak, edo hobeto esanda, askatasunaren nozio neofaxistak, jada ez du demokraziaren nozioa ere behar». Horren lekuko, Bukelek El Salvadorren, Mileik Argentinan edo Trumpek AEBetan, demokrazia egiazko askatasunerako «traba» gisa ezaugarritzen dute. Ayusoren leloak dioen bezala, ataka argia da: komunismoa/demokrazia edo askatasuna.

Hortaz, neofaxismoak merkatu librearen eta demokraziaren arteko aliantza behin betiko haustea planteatzen du: Iparralde globalean orain arte merkatari handien libertatea demokraziaren izenean legitimatzen bazen, neofaxistek horren aurka zabaldu nahi dute.

Emantzipaziorantz

Horren aurrean, zer egin? Cadahiarentzat, ez dago zertan autoritarismoaren eta neofaxismoaren ikerketa eta salaketara mugatu. «Munduaren errepresentazioak disputan daude», eta bestelako mundu bat marrazten duten esperientziei ere arreta eskaini behar zaie. Adibidez, Internazional Erreakzionarioaren oldarraldia egon badago, bai, baina baita Nazioarteko Matxinada Feminista ere; Trumpek hauteskundeak irabazi ditu, jakina, baina hamarkadatako ezinaren ostean Kolonbian eta Mexikon ezkerrak gobernuan egotea lortu du azken urteetan, nahiz eta apenas aztertu eta ospatu dugun.

Indar emantzipatzaile hauen kasuan, askatasuna berdintasunari eta demokraziari kontrajarri beharrean, uztartzen saiatzen da: «Demokraziaren papera bere gain hartzen du, bazterrezina den zerbait bezala. Hau da, faxismoek demokrazia arbuiatzen badute eta neoliberalismoak demokraziaren bertsio urardotua eskaintzen badu, indar horiek berdintasunaren aldarria berreskuratzeko eta askatasunaren nozioa zentzu neoliberalaz oso bestelakoan indartzeko apustua egiten dute».

Izan ere, askatasuna ez da esku hartzerik eza: «Ez gara libre jaiotzen, libre egiten gara. Ez gara aske inork nigan esku hartzen ez duen heinean, zeren eta, inork ez banau zaintzen, inork ez banau babesten... azken batean, inork ez badu nigan esku hartzen, erabateko bakardade eta tristura dira nagusi. Kontrara, besteekin batera askatasuna eraiki ahal izateko, esku hartze asko behar ditugu gure bizitzetan». Bakarka ezin denez, «askatasunaren baldintza materialak kolektiboki eraiki behar dira».

(Idoia ZABALETA / FOKU)

Bide horretan, analisi hotzez gain, «pasio alaien» beharra azpimarratzen du argentinarrak. Ohartarazten duenez, neofaxistek «arterik, filosofiarik, soziologiarik, literaturarik eta, finean, humanitaterik gabeko mundu bat irudikatzen dute». Horren aurrean, garrantzitsua da kulturaren eskutik irudimena lantzea. Tokian tokitik, «auzoetako oinarrizko lanetik instituzio desberdinak irudikatzera».

Kolonbiako adibideak azaldu ondoren, Cadahiak baikortasunez amaitu zuen hitzartzea: «Bizitza hobeak eraiki daitezke, dagoeneko egin dugulako eta egin ahal izango dugulako». Ondoren jasotako esku-zartek iradokitzen zutenez, ez da hori sinetsi nahi duen bakarra.

 

EMANTZIPAZIORAKO ERREMINTA KONTZEPTUALAK

Luciana Cadahia oso pentsalari iradokitzailea da. Latinoamerikan kokatuta, eta populismoaren, errepublikanismoaren eta feminismoaren iturrietatik edanda, proposamen originalak egin ditu “Siete ensayos sobre el populismo”, “La Republica de los cuidados” eta beste hainbat liburutan. Bere pasarte batzuk ekarri ditugu orriotara, Euskal Herrirako ere interesgarriak direlakoan.

Abertzaletasunaz

Bada abertzaletasuna balio ilustratuen aurkakotzat jotzen duenik. Cadahiak, kontrara, abertzaletasuna Ilustrazioaren muinean kokatzen du, adiera askatzaile bat emanez: «Garrantzitsua da ohartaraztea hemen [Iraultza Frantsesean] ‘abertzale’ hitzari emandako erabilerak ez zuela zerikusirik gaur egun termino hori lotzen dugun zentzu atzerakoiarekin. Hemen ‘aberri’ hitzak gaur egun goikoen eta behekoen arteko bereizketa bezala ulertzen dugunari egiten zion erreferentzia. Aristokratek beren odol-loturen bidez mundua era menderatzailean egituratu izana salatzeko erabiltzen zen bereizketa hori». Testuinguru horretan, «aberriak elkartasunezko gizakiak biltzen zituen; hau da, nazioarteko loturak menderakuntzaren logikatik kanpo eraikitzen zituzten gizakiek. Aristokraziak nagusitasun domestikoaren bidez antolatutako mundu bat irudikatu bazuen, aberri sentimendutik posible izango zen gizaki askeen mundu bat irudikatzea, askatasunaren eta berdintasunaren elkartasunezko sentimenduek elkartuta».

Populismoaz

Populismoa bere horretan txartzat jotzen da maiz: manipulazioa, sinplekeria... Horren aurrean, populismoa ikuspegi emantzipatzaile batetik pentsatzeko gonbita egiten du Cadahiak: «Populismoa demokraziaren kontrakoa delako baieztapena demokraziaren nozio mugatu bat onartzen dugunean bakarrik gertatzen da, demokrazia adostasunezko prozedura formaletara murriztu eta edozein motatako herri-gatazkatatik aldentzean. Gure garaiko zailtasun handienetako bat ikuskera hori nagusitu eta demokrazia hitzaren jatorrizko zentzua ahaztea da: herriaren boterea. Herri aktibo baten irudia, iruditegi demokratiko garaikidetik desagertzeaz gain, askotan demokraziarentzako mehatxu gisa ezaugarritzen da. Demokrazia mota honen aldekoek esan ohi dutenaren kontra, esan genezake populismoa dela herri ahaldundu baten figura bizirik mantentzen duen esperientzia politiko bakarrenetakoa. Horregatik, populismoa antidemokratikoa dela esan beharrean, demokraziaren dimentsio eratzailea berpizten duen aztertu beharko litzateke».

Publiko eta pribatuaz

Honakoa ohiko eztabaida izaten da Euskal Herrian. Cadahiak honela planteatzen du: «Publikoa estatala denarekin berdintzen duen ikuspegi estatista okerra da. Era berean, hanka-sartzea da pribatua indibiduo bakartuen ekimen askearekin identifikatzea. Gogora dezagun pribatua adjektiboa latinezko ‘privare’ aditzetik datorrela, hau da, zerbait pribatu, gabetu edo kentzetik. Zentzu horretan, ondasun publiko eta pribatuen arteko bereizketa egiten dugunean, ez gara bi polo baliokideei erreferentzia egiten ari, lapurreta ariketa bati baizik: pribatua komunetik pribatu edo ostu zaigun guztia da». Horren aurrean, «publikoa dena ikuspegi feministatik pentsatzen dugunean, ‘res publikoa’ beste modu batera lantzeko aukera berpizten ari gara. Kontua ez da estatuaren eta herri eremuen artean eztabaida faltsu bat ezartzea, baizik eta gure estatuak neoliberalismoaren atzaparretatik askatzea eta erabilera komun batera itzultzea: herrien erabilera dialektiko batera».