Ramon Sola
DONOSTIA

Erabakitzeko eskubidearen alde eskua luzatu du Xabier Olanok

EH Bilduk Xabier Olano aurkeztu du Gipuzkoako ahaldun nagusirako, EAJ-PSE itunarekiko aldea nabarmentzeko. Orain arteko politikak berretsi, urrats berriak eman eta erabakitzeko eskubidearen aldeko apustu irmoa egin du bere hitzaldian.

Xabier Olano EH Bilduren hautagaia, bere hitzaldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Xabier Olano EH Bilduren hautagaia, bere hitzaldian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Erabakitzeko eskubidea izan da Xabier Olano EH Bilduko ahaldungai nagusiaren hitzaldiaren abiapuntu eta helmuga. Gure Esku Dagoren ekimenak utzitako zapore gozoa aipatzen ekin dio bere hitzaldiari, eta bukaeran berau dela honen aldeko gobernua bermatzen duen hautagai bakarra adierazi du. Baina honetaz haratago, hauxe eskaini dio Markel Olanori: «Desberdinen arteko zubiak eraikitzeko garaia da; Euskal Herriaren etorkizuna denon artean eraiki behar dugu. Proiektu politiko guztiak, autonomismotik independentziara, gauzagarriak izateko bitartekoak jarri behar ditugu, betiere printzipio demokratikoetan oinarrituz. Eta argi utzi nahi dut gure disposizioa, talde guztiekin akordioak bilatzeko norabide horretan».

Gainerakoan, EH Bilduk Gipuzkoako Aldunditik garatu duen eredu alternatiboa berretsi du eta horretan sakontzeko prest agertu da Xabier Olano. Esaterako, fiskalitate arloan, Soziateen Mozkinen gaineko zerga aldatzea planteatu du, «gaur egun irabazien %10a ordaintzen dutelako enpresek eta pertsonok, aldiz, gure errenten %20a inguru batez beste». Aberastasunaren gaineko zerga defendatu du, hiritarren %1ek baino ez duela ordaintzen eta urtero 60 milioi euro eragiten duela gogora ekarriz.

Enpleguaren esparruan ere hainbat ekarpen egin ditu Xabier Olanok: «enplegu zuria» (gizarte zerbitzuei dagokiena) eta «enplegu berdea» (ingurugiroa) aldarrikatu ditu, horretako proposamen zehatzak eginez.

Bere hitzartzearen %95a euskaraz egin du EH Bilduko hautagaiak. Zehatzagoa izan da bere hitzaldia, Markel Olanorena baino. Baita luzeagoa ere: ordubete pasata, EAJk gastatutako 30 minutu eskasen aurrean.