Gotzon Aranburu
LEITZA

Emakumeen Mundu Martxak Leitzan zabaldu zuen aldarria

Eguerdi aldera iritsi zen Emakumeen Mundu Martxa, furgonetetako megafonia ozen, Leitzako plazara. Ongietorria alaia egin zieten herriko dozenaka herritarrek udazkeneko eguzkipe gozoan bilduta. Marrazkiek eta pankartek ere animo mezuak erakusten zituzten han eta hemen. Torrea herriko tabernan zeukaten bazkaria prest, eta mahai inguruan egiten zuten bat iritsitakoek eta bertakoek.

Erabat nafarra izan da asteartea, argitako orduetan bederen, Emakumeen Mundu Martxan (EMM). Iruñea utzita, lehenengo geldialdia Altsasun egin dute, non institutuko ikasleak zituzten zain harrera egiteko, Sakana osoko beste hainbat gizon eta emakumerekin bat eginda ekitaldian. Handik Leitzera abiatu dira, eta arratsaldea Baztanen eman dute, beti ere feminismoaren izaera eta aldarrikapenak ezagutarazten. Afal ordurako Ipar  Euskal Herrira iritsiak izango dira, Hazparnera hain zuzen ere.

Badira aste batzuk EMM Kurdistanen abiatu zela, eta ez da harritzekoa aurreneko neke zantzuak azaltzea hasieratik martxan datozen emakumeengan. Horregatik, hauek Bizkaraino jarraitu dute zuzenean, atseden pixkat hartzeko, eta Nafarroako etapa hauek bertakoen esku gelditu dira. Horietako bat da Amaia Zufia, belaunaldi feminista gaztearen ordezkaritzak har daitekeena. Izan ere, berak dioen moduan, «berdintasun faltsuaren garaian kozkortu diren horietako naiz ni, alegia, emakumeen arazoak dagoeneko konpondutzat eman diren garaikoa, etxetik kanpora lan egin ahal dugulako, berdintasuna ustez eskuratu delako. Baina ez da egia, emakumeok jasaten dugun bortizkeria, ageriko edo mozorrututakoa izan, hor dago oraindik».

Paella zen plater nagusia Torreako menuan. Baina jaten zena baina garrantzitsuagoa zen mahaian hitz egiten zena, furgonetetan iritsi ziren emakumeen eta bertakoen (gizonak ere badira) arteko elkarrizketa, esperientzia trukaketa. Leitzan ez dago egun emakume talde antolaturik, baina seguru asko atzo eman zen horretarako lehen pausoa.

Josebe Iturriozek badaramatza kilometro batzuk aurtengo Martxan, eta askoz gehiago mugimendu feministan. Oso grafikoki azaldu digu zergatik datozen martxan, biltzar bat edo antolatu beharrean: «Ez ditugu feministak herrietatik ateratzen, baizik eta feminismoa herrietara eramaten. Ez dugu «txapa» sartzen, ez gara lezioak ematera datozen intelektualak. Sustapen lana da egiten ari garena, bai Martxan eta bai hau prestatzen aritu garen aurreko hilabeteetan».

Emaitzak begi bistakoak dira. Martxaren Europa mailako arduradunak harrituta daude Euskal Herrian mugimendu feministak zer indar daukan jabetuta, gurean Martxako zenbat geldialdi eta ekitaldi antolatu diren ikusita. Alderaketa egiteko, Katalunia osoan bi geldialdi baino ez ditu egin ibilaldiak, Bartzelonan eta Terrassan, eta Euskal Herrian 25 izango dira guztira.

Bazkalondorenean berriro abiatu behar errepidean, baina aurretik prentsako arduradunek haien lana burutu zuten. Torreako txoko batean ordenagailuak piztu eta egunak ordura arte eman zuenaren kronika osatu zuten, testu eta argazki. Bideo grabazioak ere egin zituzten herriko emakumeekin, hauen testigantza jasota geratu dadin.

Leitzatik agur egiteko, ohorezko pasilloa egin zioten Martxari, bildutako gizon-emakumeak eskuetan bandera moreak hartuta. Furgonetek bozinarekin erantzun zuten eta guztien artean mugimendu feministaren aldarria ozenago entzunarazi zuten Nafarroako txoko eder honetan.