NAIZ
DONOSTIA

Zendu egin da astelehenean Azkoitian larri zauritu zen langilea

Astelehenean Azkoitiako Ibarmia enpresan izandako istripuan larri zauritu zen behargin gaztea zendu egin dela jakinarazi du LABek. Aurten Euskal Herrian lan istripuz hiltzen den hirugarren langilea da. Prekarietatea «lehen mailako arazo politiko bihurtzeko» garaia dela nabarmendu du sindikatuak.

Ibarmia lantegiaren kanpo aldea. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)
Ibarmia lantegiaren kanpo aldea. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

Ohar bidez, LAB sindikatuak jakinarazi du astelehean Azkoitiako Ibarmia enpresan larri zauritu zen behargin mutrikuarra hil egin dela. Elgoibarko Betelu enpresako langilea, Ibarmiak azpikontratatutakoa, lau metroko altueratik erori zen.

Beharginaren senide eta lagunei elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuak azpimarratu du «beste behin ere, azpikontratazioak dakarren prekarietateak heriotza sortarazten duen ekuazio makabroa bete» egin dela.

Kasu honetan, gainera, LABek istripuaren berri eman zuen arte, hura gertatu zenik ere zabaldu ez zela gogoratu du sindikatuak.

Istripua gertatu zen egun berean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Ibarmia enpresan izan zela aipatuta, LABek adierazi du «larria» litzatekeela istripuaren berri eman ez izanak bisitarekin harremana izatea.

«Prekarietateak arduradun politikoak ditu. Prekarietatea baimendu, bultzatu eta inposatu egiten da. Sustatzen ari den enpresa ereduak,langileen arteko bereizketan, azpikontratazioa eta prekarietatean oinarritzen da, langileen osasunaren gainetik enpresen dibidenduak jartzen dira. Garaia da prekarietatea Euskal Herrian lehen mailako arazo politikoa bihurtzeko», gaineratu du sindikatu abertzaleak.