A.A.

Fede Van Lacke beste urtebetez lotu du GBCk

Argentinarrak 38 urte ditu, baina maila aparta eman zuen aurreko denboraldian.

Gipuzkoa Basketek Sergio Valdeolmillos aurkeztu zuenean, entrenatzaileak argi utzi zuen beretzat talde bat eraikitzeko bi oinarri nagusiak antolatzailea eta pibota direla. Pibota aipatu zuenean argi eta garbi Henk Norel zuen buruan, baina herbeheretarrak taldea uztea erabaki zuen egun batzuk geroago.

Fede Van Lacke argentinarrak –zaila da antolatzailea edo eskolta den zehaztea– ere sekulako denboraldia egin zuen Porfi Fisacen aginduetara, taldea maisuki gidatuz, eta kasu honetan bai, jokalariak taldean jarraitzea lortu dute GBCko agintariek. Hori bai, jokalari beteranoa da, 38 urte ditu jada, eta pentsatzekoa da ezingo dituela minutu gehiegi jokatu partida bakoitzean.

Aurreko denboraldian, esaterako, 22 minutu egin zituen kantxa gainean partidako, 7,4 puntu sartuz batez beste, ia bi asistentzia eta bi errebote gehituz bere jardunari. Ez dira inor beldurtzeko zenbakiak, baina haren esperientzia zabala eta lasaitasuna asko eskertzen dira sailkapenean larri ibili beharko lukeen talde gazte batean.

Esperientzia horren berri argi ematen du bere ibilbide profesionalak. Lehen urteak Argentinan egin ostean, Kantabria, Murtzia, Los Barrios, Huelva, Granada, Valladolid eta Joventut taldeetan jokatu zuen Espainiako ligetan. 2012an Argentinara itzuli arren, 2014an Estudiantesek deitu zion berriz. Eta 2015etik 2017ra bere herrialdean jokatu ostean, iaz GBCra etorri zen, urteak pasa arren bere maila ez duela galdu erakutsiz.

GBCk albistea jakinarazteko ateratako prentsa oharrean jokalariak Gipuzkoako zaleen «konfiantza» lortu duela nabarmentzen zen, «bere esfortzua eta sakrifizioa erakutsiz».