Espainiar Estatuko espetxeetan dauden 185 euskal preso politikoetatik 21 geratzen dira lehen graduan sailkatuta, hau da, kartzelako erregimen itxi eta gogorrenean. Datu honek behera egin du, nabarmen, azken hilabeteetan. Izan ere, Behatokiak otsailean adierazi zuenez, orduan 78 ziren gradu horretan sailkatutakoak eta 154 ekainan.
Orain, beraz, presoen %11 dago gradu horretan eta datu hori, 2017an, %96koa zen EPPK-ko kideen artean.
Orduan lehen eta bigarren graduen artean aurkitzen zuten harresi hori orain bigarren eta hirugarren graduen artean topatzen dute euskal preso politikoek. Izan ere, 143 (%77) dira hor sailkatutakoak eta soilik 11 (horietako sei etxean preso) hirugarren graduan. EPPKk ostiralean zabaldutako agirian aipatzen zuenez, presoen heren bat baldintzapean aske izan beharko litzateke jada.
Gerturatzeak
Azken hilabeteetan ere astero iragarri dira presoen gerturatzeak. Gutxi batzuk Euskal Herriko espetxeetara eta gehienak Euskal Herritik gertuago daudenetara. Gaur egun 42 dira Euskal Herriko kartzeletan daudenak, 144 espainiar Estatukoetan eta 27 frantziar Estatukoetan.
Otsailean presoen %13a zegoen Euskal Herriko espetxeetan eta orain %23a da. Espainiar Estatutan, duela bi hilabete, %46a zegoen 400 kilometro baino gehiagotara eta, gaur egun, kopuru hori %21era jaitsi da: %11 400 eta 600 kilometro bitartera eta %10a 600 kilometro baino gehiagora. Beraz, euskal presoen %56a dago Euskal Herritik 200 eta 400 kilometro bitartera.
Frantziar Estatuan daduen 27 euskal presoen %79 «gertuko» espetxeetan dagoela jakinarazi du Etxeratek eta %21a, aldiz, 600 kilometro baino gehiagora.