NAIZ
Altsasu

Altsasuko Iortia plaza errefuxiatuentzako babesleku izango da maiatzaren 15ean

Migratzaile eta errefuxiatuek babeslekua izago dute maiatzaren 15ean Altsasuko Iortia plazan. Hamabostaldi solidarioan kokatzen da gaur aurkeztu duten ekimen hau. Mezu xenofoboen aurrean Sakana Ongietorri eremua dela aldarrikatu nahi dute antolatzaile diren Mankomunitatea eta beste eragileek.

Ekimenaren aurkezpena egin dute gaur Altsasun. (Iñigo URIZ/FOKU)
Ekimenaren aurkezpena egin dute gaur Altsasun. (Iñigo URIZ/FOKU)

Migratzaile eta errefuxiatuei ongietorri hamabostaldi solidarioaren baitan, maiatzaren 15eko ‘Ongietorri’ elkartasun ekimen berezia egingo dute Altsasun. Bertan iragarri dutenez, 10.00etatik 14.00etara Errefuxiatuen Kanpamendua eraikiko dute Iortia plazan.

«Kanpamendu horren baitan, ekimenak izango dira goiz osoan. Besteak beste, zurrumurruen aurkako ekimenak, Zaporeak proiektuaren ekarpenak, Pantxika Lamour artistaren lana, txikientzako ekintzak eta Irantzu Dantza eskolako Oihuarima Taldeak Izaro abeslariaren ‘Errefuxiatuena’ abestia dantzatuko du. Gainera, Help-NA Nafarroako suhiltzaile eta boluntarioen elkarteko kideek errefuxiatuen errealitatea hurbilduko digute eta haiekin egindako lana eta esperientziak ere bai. Errefuxiatuen papera egingo duten boluntarioak egongo dira. Kanpin denda barruetan, edo kanpoan, edota karpa azpian», azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

«Azkenaldian han eta hemen entzuten ari garen mezu xenofoboen aurrean, guk Sakana Ongietorri eremua dela aldarrikatu nahi dugu, errefuxiatu eta migratzaileentzat ere bai, nola ez. Sakana anitza nahi dugu, eta, horregatik, Mankomunitateak 14 urte darama lanean, Anitzartean zerbitzuaren bidez, aniztasuna eta elkarbizitza landuz. Sakandarrak hamabostaldi honetako ekimenetan parte hartzera deitzen ditugu, bereziki maiatzaren 15eko ‘Ongietorri’ ekimen solidario berezian», adierazi du David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak.

Begoña Cestau Anitzartean Sakanako Mankomunitatearen Kulturartekotasun zerbitzuaren arduradunak azaldu ditu ekimenaren eta hamabostaldiaren xehetasunak. Gogora ekarri du ekimenaren abiapuntua: «2020ko iraila-urri aldera Lesboseko errefuxiatu kanpamenduen sutea zela eta Tarima Beltza taldeak Anitzarteani proposamen hau egin zion: ‘A la deriva’ lana antzeztea eta sarreretako dirua Zaporeaki bideratzea, han jarraitzen dutelako lanean».

Hortik atera zen hamabostaldiaren ideia, eta ekimenaren helburuak azaldu ditu Cestauk: «Errefuxiatuei elkartasuna adieraztea; Zaporeak taldeari laguntza ekonomikoa ematea, sakandarren elkartasuna berriro adieraziz; errefuxiatu eta pertsona migratuei ongietorria ematea, are gehiago egun bizi dugun egoera zail honen aurrean; giza eskubideen inguruan hausnartzea: unibertsaltasunaz, bermeaz edota urraketaz; jaioterriaren arabera daukagun zorteaz edo zoritxarraz jabetzea; zurrumurruen eraginen inguruan hausnartzea eta Sakanako ahalik eta eragile gehienak inplikatzea ekimen honen garapenean».

Zentzu horretan, agerraldian izan dira ere Youssef Chahor, Mankomunitatearen bitartekari linguistiko eta kulturartekoa; Juanpe Higuero Sakana Harrera Harana herri plataformako kidea; Josu Rubio, Sakana Harrera Harana herri plataformako kidea eta Anitzartean batzordeko kidea; Ignacio Bergera, Sakana Harrera Haranako kidea; Fernando Garcia Arevalo, Itsasartearen zabalenean argazki erakusketaren egilea; Zapa, Tarima Beltzako antzerki taldeko kidea; Javier Ruiz Redin, Zaporeakeko koordinatzailea; Irantzu Gonzalez, Irantzu dantza akademiako arduraduna; Pantxika Lamour artista eta Merkatarien elkarteko ordezkariak.