NAIZ

Emakume bat atxilotu dute Arnegin, bikotekide ohia autoarekin nahita harrapatzea egotzita

Polizia frantsesak emakume bat atxilotu du, astelehen arratsaldean Arnegin bere bikotekide ohia autoarekin nahita harrapatu eta homizidio saiakera egotzita. Gizona larri zaurituta eraman behar izan zuten Bidasoako ospitalera.

Polizia frantsesak emakume bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean, bere bikotekide ohia autoarekin nahita harrapatzea leporatuta. Gizona, 40 urtekoa, larri zaurituta eraman zuten Bidasoako ospitalera.

France Bleu Pays Basque irratiak azaldu duenez, gertaera asteleheneko 19.45 aldera izan zen Arnegiko errepidean, Nafarroa Beherean. Antza, gizon bat oinez zihoan eta auto batek harrapatu egin zuen. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean gizona autoaren azpian harrapatuta zegoen eta bertatik suhiltzaileek atera behar izan zuten. Larri zaurituta, helikopteroz Irungo ospitalera eraman zuten 40 urteko gizonezkoa.

Homizidio saiakera

Irrati kate horrek zabaldu duenez, kotxeko gidaria zaurituaren emazte ohia zen. Gendarmeriaren lehen ikerketen arabera, emakumeak nahita harrapatu zuen gizona baina istripu bat izan zen itxura egin zuen. Emakumea atxilotuta daukate Donibane Garaziko komisaldegian eta asteazkenera arte behintzat han izango dute. Emazteak Arnegi inguruko benta batean lan egiten du eta Hego Euskal Herrian bizi da. Gizonezkoa, berriz, Arnegin bizi da. Laupabost urte zeramatzaten banandurik, iturri horren arabera.

Baionako Fiskaltzak hartu du bere gain auziaren ikerketa. Emakumeari homizidio saiakera leporatzen diote.