Mads Pedersen, Trek-Segafredo taldeko txirrindulari daniarrak irabazi du Paris-Niza lasterketako hirugarren etapa, 190,8 kilometro Vierzon eta Dun-Le-Palestel artean. 2019ko munduko txapeldunak bere ezaugarrientzat bikaina zen amaiera baliatu du aurkariak atzean utzi eta besoak altxatzeko.
Azken bi kilometroetan errepideak apur bat goraka egiten zuen. Ez zen mendate izatera iristen, baina indarreko ziklista azkarrentzat egokia zen helmuga, eta Pedersen bikain moldatu da egoera horretan. Jasper Stuyven taldekideak erritmoa azkartu dio aldapa hasi bezain laister eta bere atzetik eraso bortitza jo du daniarrak.
Bere kurpilean oso adi ibili da Wout Van Aert flandriarra, gaurkoan garaipena lortzeko beste faborito nagusietako bat, baina Jumbokoak ezin izan du Pedersenen erritmoa jarraitu. Azkenean, atzetik etorrita, Bryan Coquard frantziarra (Cofidis) izan da bigarren, Van Aert hirugarren sartu da, Jasper Philipsen flandiarra (Alpecin) laugarren iritsi da eta Anthony Turgis frantziarrak (TotalEnergies) amaitu du bosgarren.
«Atzo oso zorte txarra izan genuen, Alex Kirschek arazoak izan zituen eta nik ere bai katearekin. Gaur buelta eman nahi genion eta taldeak lan bikaina egin du egun osoan. Alexek eta Jasperrek (Stuyven) sekulako lana egin dute», adierazi du garaileak helmugan. «Denbora luzean lortzen dudan WorldTourreko lehen garaipena da eta pozgarria da niretzat denboraldia horren ongi hastea. Laister iritsiko diren klasikoetarako bide onean nagoela esan nahi du», gaineratu du.
Azken metro urduri horietan beste gertakari aipagarri bat izan da, eroriko bat izan delako eta Christophe Laporte liderra lurrera joan delako. Hori bai, lasterketa azken hiru kilometroetan sartuta zegoenez ez diote atzerapenik ezarri sailkapen nagusian eta berak jarraituko du lehen postuan, nahiz eta gainsarien ondorioz segundo bakarreko abantaila duen orain Van Aert bigarren sailkatuarekiko eta bederatzikoa Primoz Roglic hirugarrenarekiko, biak taldekideak hori bai.
Sailkapen nagusia asteazken honetan argituko da asko, txirrindulariek 13,4 kilometroko erlojupeko gogorra izango baitute Domerat eta Montluçon artean.
Paris Niza - 3. etapa
1. Mads Pedersen (Trek) 4:23:29
2. Bryan Coquard (Cofidis) d.b.
3. Wout van Aert (Jumbo) d.b.
4. Jasper Philipsen (Alpecin) d.b.
5. Anthony Turgis (TotalEnergies) d.b.
6. Biniam Girmay (Wanty) d.b.
42. Gorka Izagirre (Movistar) d.b.
52. Ion Izagirre (Cofidis) d.b.
56. Imanol Erviti (Movistar) d.b.
105. Omar Fraile (Ineos) 8:58ra
Paris Niza - Nagusia
1. Christophe Laporte (Jumbo) 11:34:44
2. Wout van Aert (Jumbo) 1era
3. Primoz Roglic (Jumbo) 9ra
4. Mads Pedersen (Trek) 29ra
5. Bryan Coquard (Cofidis) 33ra
6. Pierre Latour (TotalEnergies) d.b.
32. Ion Izagirre (Cofidis) 1:17ra
67. Gorka Izagirre (Movistar) 7:22ra
80. Imanol Erviti (Movistar) 9:04ra
125. Omar Fraile (Ineos) 22:44ra
Merlier azkarrena Sovicillen
Tim Merlier (Alpecin) izan da azkarrena Tirrenoko bigarren etapa erabaki duen esprintean. 219 kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek Camaiore eta Sovicille artean, mendate aipagarririk gabe, eta tropela osorik iritsi da helmugara.
Peter Sagan (TotalEnergies) izan da esprinta abiatu duena, baina Merlierrek aise hartu dio aurrea eslobakiarrari eta atzetik aurrera eginez Olav Kooij (Jumbo) eta Kaden Groves (BikeExchange) ere lehenago sartu dira helmugan. Sagan laugarren izan da azkenean.
Esprinta eragozten saiatzeko eraso aipagarriena Marc Soler katalanarena izan da. UAEkoak 20 kilometroren falta egin du aurrera eta hiru falta zirenean harrapatu dute. Saiakera horrek erakutsi du Pascal Ackermann taldekidea ez zegoela seguraski esprinta lehitzeko moduan.
Aurrez, Davide Bais eta francesco Gavazzi italiarrak (Eolo) izan dira ihesaldia gauzatzen saiatu direnak, arrakastarik gabe hauek ere.
Sailkapen nagusian Filippo Ganna italiarrak (Ineos) jarraituko du lidertzan. Asteazkenean hirugarren etaparen txanda izango da, 170 kilometro Murlo eta Terni artean.