Maria Chivite eta Imanol Pradales lehendakariek bilera egingo dute asteazken honetan Iruñean. Bertan landuko dute finantzaketa eredua, AHTren loturak aztertuko dituzte eta 2021ean bi erkidegoek sinatutako lankidetza protokoloa ere errepasatuko dute.
Astearte honetan Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena Lakuako bozeramaileak azaldu du Pradalesek Chiviterekin izango duen bilkuraren berri eman diela eta asteazken honetan, 12.00etan Iruñean izango dela zehaztu du.
Azaldu duenez, bilera horretan, finantzaketa ereduaz edo AHTren loturez gain, 2021eko abenduan bi erkidegoek sinatu zuten lankidetza protokoloa ere errepasatuko dute.
Ubarretxenak azaldu duenez, protokolo horrek lankidetzako hainbat gai jasotzen ditu, hala nola osasuna, enplegua, etxebizitza, berdintasuna, kultura, hizkuntza-politika, gazteria, hezkuntza edo segurtasuna.
AHTren loturez
Abiadura Handiko Trenaren inguruan galdetuta, Ubarretxenak bi aukera daudela gogoratu du: euskal ‘Y’ delakoa Nafarroarekin Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik lotzea. Momentuz, Arabako eta Gipuzkoako aldundien artean jarrera kontrajarriak daude, bi aldundiek EAJ buru dutela. Gaur bertan, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu du Lakuako Gobernuak «duela urte askotik» Ezkio-Itsasoko lotunearen aldeko apustua egiten duela, baina horren inguruan galdetuta ez du busti nahi izan Ubarretxenak.
Hala, Gasteizko Gobernuaren bozeramaileak gaineratu du epe luzerako garrantzi handiko azpiegitura dela AHT, eta beharrezkoa dela «txosten guztiak izatea, hartu beharreko erabakian huts ez egiteko».
Horregatik, berretsi du, Lakua gaur gaurkoz espainar Gobernuak Ezkioko konexioaren bideragarritasunari buruz egindako txostenaren zain dago, Aralar mendilerroa bezalako inguruneetan duen eragina eta kostua handiagoa izan daitekeelako.
«Informazio guztia izan arte ez dugu iritzirik emango, arduraz, seriotasunez eta informazio guztiarekin hartu beharreko erabakia delako», errepikatu du.
Harremanak
Beste gai bati helduz, gogorarazi du duela aste batzuk bi gobernuek akordio bat sinatu zutela EiTBren irrati eta telebisten hedapena Nafarroan bermatzeko.
Lakuako ordezkariak nabarmendu duenez, Nafarroak eta EAEk «harreman berezia» dute, «lotura historiko, kultural, linguistiko eta soziala» duena. «Lankidetza eredu bat» ere badutela gaineratu du, kultura eta hizkuntza izaerako erakundeen sorreran eta garapenean batera parte hartzera bultzatu dituena, bai eta finantzaketa ereduak partekatzera ere.