Kazetaria / Periodista

Zer gertatu da Springfieldeko katuekin eta txakurrekin?

Trumpen eta Harrisen artean egondako lehen eztabaidatik etorkizunerako geratu den esaldi ezagunenetakoa presidente ohiak «katuak eta txakurrak jaten ari diren» etorkinei buruz esandakoa izango da. Ohioko hiri bat eta haitiar komunitatea jomugan jarri zituen, funtsik gabeko zurrumurru bat hauspotuz.

Donald Trumpen kontrako protesta.
Donald Trumpen kontrako protesta. (Gina M. RANDAZZO | ZUMA PRESS | DPA | EUROPA PRESS)

Springfield izenak jende gehienari “The Simpson” telesaila ekarriko dio gogora. Ez da kasualitatea izen hori hautatu izana umorezko saioaren hirigune gisa: AEBetako leku arrunt bat irudikatzeko jarri zioten, eta ez da oso urrun joan behar herrialdeko edozein estatutan izen hori daukan herri edo hiriren bat aurkitzeko. Ohion ere badago Springfield bat, noski. Langile hiri industriala da, AEBetako kontraesanen ispilu: XX. mende hasieran Hegoaldeko Jim Crow segregazio-legeetatik ihesi zihoazen biztanle beltzen aurkako dozena bat lintxamendu izan ziren. 1966an, berriz, Ohioko lehen alkate beltza izan zuen Springfieldek. Automobilgintzak, Armadarako eraikitzen zituen kamioiei esker, milaka lanpostu sortu zituen. Industria-krisiak oso gogor jo zuen 70eko hamarkadatik aurrera, eta biztanleen herenak galdu zituen  Springfieldek.

Duela hamar urte, immigrazioari begira hasi zen, inguruko Dayton eta Cincinnatiren antzera. Ordurako hasiak ziren hainbat etorkin iristen; besteak beste, etxebizitzen prezioek erakarrita. Rob Rue alkateak dioenez, hiriak %25eko hazkundea izan du, immigranteei esker nagusiki. Springfieldeko konderriko 15.000 etorkinen zati handiena haitiarrak dira. Ez zen berariazko programarik izan, lana eta etxebizitza zeuden, eta ahoz aho zabaldu zen haitiarren artean. «Ohio mugitzen ari da, eta Springfieldek berpizkunde handia izan du, enpresa asko etorri dira –esan du Mike DeWine estatuko gobernadore errepublikanoak–. Haitiarrak konpainia horietan ari dira lanean, eta oso langile onak direla diote enpresek, pozik daude eta ekonomiari lagundu diote». Azken bi urteotan, 210.000 haitiarrek baliatu dute Joe Bidenen Gobernuak Mexikoko mugako presioa arintzeko abiarazitako programa; hala, lanerako baimenarekin eta legez iritsi dira AEBetara.

 

Eskuin muturraren jomugan jarri da Springfield. Eskolak bertan behera geratu ziren bonba mehatxuengatik, baita hiriko unibertsitate txikia ere.

 

Baina hori guztia berdin izan zaie hautagai errepublikanoei xenofobia hauspotzerakoan. Donald Trumpek, ABC katean Kamala Harrisekin izandako debatean, haitiarrak Springfieldeko herritarren «katuak eta txakurrak» jaten ari zirela esan zuen. Barkamena ez eskatzeaz gain, biharamunean Trumpek gaineratu zuen hauteskundeak irabazitakoan deportatuko zituen lehen «legez kanpoko etorkinak» Springfieldekoak izango zirela. Bost axola, haitiar etorkin horiek legezko paperekin egotea. Hurrengo egunean, hiriko alkate errepublikanoak gaitzetsi egin zituen presidente ohiaren adierazpenak. Eskuin muturraren jomugan jarri da Springfield. Eskolak bertan behera geratu ziren bonba mehatxuengatik, baita hiriko unibertsitate txikia ere.

Zurrumurrua nondik irten den egunotan galdetuta, JD Vance-ren taldeak Poliziari egindako salaketa baten berri eman zuen. Salaketa jarri zuen Anna Kilgoreren etxera joan zen Kris Maher kazetaria. Trumpen aldeko kamiseta eta bisera aldean, Kilgorek azaldu zien abuztu amaieran galdu zuela katua, baina egun batzuk beranduago itzuli zela. Hobeto esanda, sotoan aurkitu zuela. Haitiar auzokideei barkamena eskatu ziela erantsi zuen Kilgorek.

Baina ordurako berdin zen. Antzara bat hanketatik helduta buruz behera zeraman gizon baten argazkia ere bolo-bolo zebilen sare sozialetan. Auto batek jotako animalia zauritua zen, eta gizona ez zen haitiarra; estatubatuar beltza zen. Bost axola zuen. JD Vancek lotsarik gabe esana die «immigrante ilegal» esaten jarraituko diela legez iritsitakoak direla gogorarazi diotenei.

Iaz, Springfield ondoan, gidabaimenik gabeko gidari haitiar batek istripua izan zuen eskola-autobus baten kontra eta hamaika urteko mutil bat hil zen. Umearen aitak irten behar izan du, azkenean, JD Vance eta Trumpi eskatzera bere semearen kontura kanpaina arrazistarik ez egiteko. «Erail» esatea gaitzetsi zuen Nathan Clarkek; «nire semea istripu batean hil zuen Haitiko etorkin batek. Nahiago nukeen 60 urteko gizon zuri bat izan balitz, eta gorrotoa darion jende horrek bakean utziko gintuzkeen».