«Goierrin bertan erreferentziazko toki bat dute, nora jo ez dakitenean laguntza jasotzeko»
Sara Irastorzak (Zegama, 1998) ia urtebete darama eskualdeko herritarrek energiari buruz dituzten galderei erantzuten. Elkarrizketa honetan, hilabeteotako ibilbideari buruzko zenbait xehetasun eta zerbitzuaren oinarriei buruzko azalpenak eman dizkigu.
Nola joan da lehen urtea?
Lehen hilabete hauek proba bat ziren, jendearen erantzuna ikusteko, eta, egia esan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak babestutako ekimen honek harrera ona izan du. Jende asko etorri da, eta oso eskertuta, gainera. Martxan jarri baino lehen egindako komunikazio plana garrantzitsua izan zen goierritarrei jakinarazteko. Etxeetara eskuorri bat bidali zen, eta hasieran asko etorri ziren horrekin. Orain ahoz ahokoa da; asko etortzen dira esanez ‘ez dakit nor’ etorri dela edo ‘hark’ esan diela.
Zein da zalantza iturri nagusia?
Abendutik urrira 258 kontsulta eta 385 hitzordu eduki ditugu. Pertsona batzuk behin baino gehiagotan etorri dira galdera desberdinekin. Gehienbat 35-64 urte bitartekoak dira, %60 emakumezkoa. Asko etortzen dira 65 urtetik gorakoak ere. Egoera dagoen bezala egonda, gasaren eta argindarraren fakturari buruzkoak dira asko, %76. Faktura ulertzea, zein termino eta atali begiratu behar diogun, hobe daitekeen, aurreztu... Horri lotuta, bonu soziala da beste gai nagusia. Hotza hasitakoan, berogailuarekin gastua asko igotzen da, eta gas fakturekin dezente etorri dira neguan. Argindarrari buruzkoak, urte osoan nahiko berdin, antzeko erabilera egiten dugulako. Eta bonu sozialari buruz uda inguruan etorri dira galdezka.
Bestelako galderarik jaso al duzue?
Aurreratuago doan jendeak energia berriztagarriak, komunitate energetikoak... bide horretatik jotzen du. Komunitate energetikoen lanketa eskualdean, Goiekin bertan, Energia Mahaitik egiten ari dira. Horrez gain, nabaritu dugu telefonoz egindako tramiteek zalantzak sortzen dituztela; atzetik dagoen produktu edo enpresa batzuetan ez da argi geratzen, zerbait kontratatu den edo ez, gaizki ulertuak... Kontuz ibili behar da dei hauekin.
Horrez gain, herritarrak hezi eta sentsibilizatzeko tailerrak ere egiten dituzue. Zer landu duzue?
Aukera dago, kontsulta bakarka egin beharrean, talde bat elkartu eta tailerra emateko. Argindarra eta gas fakturak ulertzeko eta hobetzeko, autokontsumo bat edo orain oso modan jarri den autokontsumo partekatua zer den jakiteko, komunitate energetikoak...
Goierritarrengandik hurbil egoteko herri txikietara ere bertaratzeko apustua egin duzue.
Astelehen goizetan, Lazkaon; asteazken goizetan, Beasainen; eta ostiral goizetan, Ordizian egoten naiz; eta arratsaldetan, Goiekin, Ordizian. Herri txikietako jendea ohituta dago edozer gauza egitera herri horietara joaten, eta presazko zerbait badute, etortzen dira. Kontsulta bat jasotzen badugu eta itxarotea badute, edo udalen batek eskatzen badu, herrian zabaltzen dugu zerbitzua emango dugula. Pertsona bakarrari eman ordez, jende gehiago laguntzeko aukera dut. Telefonoz edo whatsappez (843 739 988) eta emailez (energia.goieki@goierri.eus) jar daitezke harremanetan.
Zer iritzi jaso duzue herritarrengandik?
Oso gustura daude eta eskertuta, Goierrin bertan erreferentziazko toki bat dutelako, nora jo ez dakitenean laguntza jasotzeko. Etorri direnei inkesta bat bidali diet, nahi izanez gero betetzeko, eta balorazio orokorra 10etik 9,5 da. Aukera dute iruzkinak egiteko, eta gehien errepikatzen dena da herritarrentzat oso zerbitzu ona dela, arreta ona eskaintzen dela eta ekimen garrantzitsua dela, ulertzen ez ditugun gauza hauek ulertu ahal izateko laguntza eta aholkularitza jasotzeko.
Zergatik jo beharko lukete goierritarrek Energia Bulegora?
Neguari begira, garrantzitsua da fakturak berrikustea. Urteak pasatzen diren heinean, gure kontratuko prezioak eta baldintzak aldatzen joaten dira, eta normalean ez gara konturatzen. Berrikustea garrantzitsua da, gastu horretan aurreztu ahal izateko.