NAIZ
Elizondo

Arizkunen «putre funts batek» familia bat etxetik bota nahi duela salatu dute

Arizkunen «putre funts batek» familia bat etxegabetu nahi duela salatu dute Mendialdeko Etxebizitza Taldeak eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformak, tartean adin txikiko bi pertsona daudela.

Mendialdeko Etxebizitza Taldea eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformaren agerraldia Elizondon.
Mendialdeko Etxebizitza Taldea eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformaren agerraldia Elizondon. (MENDIALDEKO ETXEBIZITZA TALDEA)

Baztanen Bizi Nahi Dugu eta Mendialdeko Etxebizitza Taldeak deituta, agerraldia egin dute hainbat herritarrek Elizondoko pilotalekuan, Arizkunen «putre funts batek» gauzatu nahi duen etxegabetzea salatu eta laguntza behar dutenentzat martxan jarri dituzten baliabideak aurkezteko.

Azaldu dutenez, Arizkunen familia bat bere etxetik bota nahi du «putre funts» batek, tartean adin txikiko bi pertsona daudela.

Ohartarazi dutenez, azken bi hilabeteotan «denbora irabaztea» lortu badute ere, etxegabetzeak «aurrera segitzen du eta arriskua bere horretan da. Hau ez da inondik inora akitu».

Salatu dutenez, familiak presioak jasan ditu «bankuaren eta putre funtsaren partetik»: «Akordio estrajudizial batera iristeko presionatuak izan dira etxebizitza utzi dezaten miseriazko lau sosen truke», ziurtatu dute. Erantsi dutenez, ez da akordiorik egon, «familiak ez baitu deus egiterik diru horrekin, bizitoki alternatibarik gabe».

Bi taldeok diotenez, Arizkungoa «ez da izango seguruenik Baztango etxegabetze kasu bakarra, ez azkena».

«Bizitzaren garestitzea orokortua den honetan, geroz eta gehiago dira beren bizi baldintza oinarrizkoenak ere ukatuak dituztenak, eta hoien artean dira, noski, etxebizitza merkatutik bortxaz kanporatuak direnak. Aurrekoaren adibide argia dugu etxegabetze hau, non eta putre funts batek familia bat etxetik bota nahi duen irabazi ekonomiko hutsetarako», deitoratu dute.

Horren aurrean «behar-beharrezkoa» deritzote etxegabetzeen aurka «mobilizatu eta borrokatzea» eta, ildo horretan, abenduaren 14an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.