NAIZ
Bilbo

McDonaldsen presentzia arbuiatu dute Santutxun: «Israel hiltzaile, McDonalds laguntzaile!»

McDonaldesek Santutxun irekiko duen egoitza berria dela-eta, ehunka lagun atera dira ostiral honetan kalera, Israelekin dituen loturengatik boikoterako deia eginez. «Israel hiltzaile, McDonaĺds laguntzaile!», salatu dute.

Ehunka lagun Santutxuko kaleetara atera dira, McDonaldsek Bilboko auzo honetan irekiko duen egoitza berri honi boikota eskatzeko. Ritxi plazatik abiatuta, «Boikot Israel, Palestina askatu!» eta «Israel hiltzaile McDonalds laguntzaile!» bezalako oihuen artean,  Santutxuko kaleak zeharkatu dituzte.

Zabalbide kalean, McDonalds berri honen aurrean, sirena hotsak entzun dira. Une horretan, ehunka pertsonak lurrean etzan dira, Israelek Palestinan erailtzen dituen pertsona horien irudia Bilbora ekarri nahian. 

«Jatetxe ospetsu kate hauen multinazionalaren atzean arma- salerosketagatik edo Israelekin harreman zuzena izateagatik Palestinako herriaren sarraskiari nazioarteko sostengua ematen dioten korporazioak daude», adierazi dute antolatzaileek ohar baten bidez. «McDonaldsen akziodun diren enpresa horien artean daude: BlackRock, Vanguard, Capital Group Wellington, JPMorgan Chase, Morgan Stanleyedo Geode Capital», zehaztu dute.

«Israelen dituen frankiziak behin baino gehiagotan eman dio laguntza armada genozidari». Manifestazioa konbokatu duen Bilbo-Palestina taldearen arabera McDonald's «janari zaborraren, esplotazioaren, kapitalismoaren, kolonialismoaren eta genozidioaren ikur nagusietako bat da». 

Horregatik, eta Bilbo «hiri antisionista» bihurtzeko duten asmoen bidean, «mundu osoan indarrean dagoen McDonaldsen aurkako boikota kanpainan aktiboki parte hartzea nahi izan dute manifestazio honekin».