Gabonetako mobilizazio egutegian aurrera eginez, manifestaldia burutu du Sarek larunbat eguerdi honetan Donostia erdialdian, Bulebarretik abiatuta. Aurten Martutenetik hiri erdira ekarri nahi izan dute aldarrikapena, «hiri guztian zehar ikus dezaten».
Aurretik Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan gertatu den bezala, ‘Behin betiko’ leloa erabili dute. Bi aste barru, urtarrilaren 11n, Bilboko urteroko mobilizazio nagusian izango den berdina, alegia. «Behin betiko» honek hiru «abizen» ditu: «Bakea, konponbidea, elkarbizitza».
Nahikari Iturbek bildu ditu mobilizazioaren nondik norakoak abiatu aurretik eta Izaro Lozanok egin du bukaerako hitzaldia. «Urtearen amaierarekin batera iritsi zaizkigu Gabonak, egun bereziak, lagun eta familia giroan urtean pasatakoak gogoratu eta jai giroan ospatzeko erabiltzen ditugunak. Baina Gabonetan badira ere momentu tristeak, ondoan falta ditugunak gogoratzeko momentuak ere badira eta, biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joanak, edo espetxean lau hormen artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak», oroitarazi dute.
«Etorkizunera begira jarriak gaude jada, eta espetxeetan euskal presorik egongo ez den etorkizuna da amesten duguna –nabarmendu dute–. Izan ere, ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urtetara oraindik ere, 133 euskal preso daude espetxean, 19 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena».
«Horregatik eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da oro har, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea», erantsi du Sarek. Bilbon bi aste barru horixe bera aldarrikatuko dute: «Aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen. Finean, Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari, elkarbizitzari begira jarri gaitezen».
Urteko azken ostirala
Larunbateko mobilizazio honek azken ostiralekoei jarraipena eman die. Dozenaka herritan (55 elkarretaratze guztira egin ziren) 2.620 lagun bildu ziren.
Iruñean Udaletxe Plazan burutu zuten elkarretaratzea oraingoan, ‘Behin betiko’ zioen pankarta handia zabalduz.
Ipar Euskal Herrian ere ekimen ugari izan zen urteko azken ostiral honetan: Baionan, Hendaian, Donibane Lohitzunen, Itsasun, Azkainen...
Urteak eman duenaren balantzea egiteko baliatu zuten hitzordua Sarek eta Etxeratek: «Urte garrantzitsua izan da etxerako bideari dagokionez, hamaika dira dispertsioaren amaierarekin batera espetxe ibilbideari ekin eta lege arrunta jarraituz etxerako bidea hasi duten euskal presoak. Balorazio ona egiten dugu noski honekiko, gatazkaren ondorioak amaitzea helburu dugun momentutik, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea izan dugu eta izango dugu jomuga».
«Biolentzia ezberdinen biktimei dagokionez ere, izan dira aurrerapausoak 2024 honetan, biktimek merezi duten egia eta aitortzaren bidean pauso nabariak ikusi bait ditugu. Etxerako bidean zein biktimen egia edo aitortzan ordea, bide luzea dugu egiteko oraindik, gatazkak utzitako ondorioek ondorio izaten jarraitzen bait dute», erantsi dute.
Gauzak honela, «urte berriari, aurrez emandako pausoetan mantendu eta pauso horietan sakontzea eskatuko diogu», adierazi dute, «2024an ezarritako bideorriari jarraiki, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi baitugu biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortzarekin batera».