INFO

Bilboko Konpartsek «erasorik gabeko eremua» sortzea dute jomuga

Bilboko Konpartsen federakundea osatzen duten 29 konpartsek gaur ekin diote muntaiari eta adierazi dutenez, «erasorik gabeko eremua sortzea» da aurtengo helburua. Horretarako, herritarren parte-hartzea eskatu dute.

Bilboko Konpartsek eraso sexisten aurkako parte-hartzea eskatu dute. (Bilboko Konpartsak)

Konpartsek «erasorik gabeko eremua sortzea» dute helburu, gerturatzen ari diren Bilboko Aste Nagusian. Gaur ekin diote txosna guneko muntaiari eta jomuga hori lortzeko jendartearen parte-hartzea eskatu dute.

Gaur bizkaitar hiriburuan egindako agerraldian, helburu horri begira urtean zehar egin duten lan guztia aurkeztu dute. ‘Zu, erasotzaile, Aste Nagusian soberan zaude!’ mezuaren bitartez, Areatza, Zazpi Kaleak eta Bilbo oso «eremu lasaia eta segurua» izateko aldarria zabaldu dute.

Konpartsetatik egiten duten analisian, «patriarkala den jendarte-sisteman bizi gara, indarkeria matxista hainbat modutan nagusitzen da emakumeon bizitza baldintzatuz, eta jaiak ez dira salbuespena». Honen aurrean, «emakumeon askatasunean eta segurtasunean eragiten duten eraso larriez jabetu behar garela» defendatu dute.

Erasoei erantzuteko bidea «beldurrari aurre egitea» dela adierazi dute, eta horretarako «elkartasun-sareak indartzea» eskatu dute. «Tinko erantzungo dugu, gure esku-hartzea ezinbestekoa da-eta erasoak ekiditeko».