Garik eguneroko gauza txikiei jarri die arreta disko berrian
Bilboko Arte Ederren Museoan aurkeztu du goizean ‘Beste denbora batean’ disko berria Garik. ‘68aren ostean’ arte erakusketaren baitan, Euskal Herriko musikari eskainitako galerian, disko azalen artean, binilozko diskoa irudikatzen duen borobil handiaren gainean, kitarra eskuan hartuta ekin dio aurkezpenari Garik, Iñaki Larrañagaren laguntzarekin.
We are Standard (WAS) taldeko Jon Agirrezabalaga ekoizleak Deustuko El Tigre eta Urdulizko Tio Pete estudioetan grabatu ditu Gari eta Maldanbera taldea. ‘Estutu’ aurreko diskoa ere Agirrezabalagarekin grabatu ostean, oraingoan Garik disko alaiagoa osatu du 8 kantu hauetan. Diskoa aditu dutenek aitortu dutenez, «Jonekin lan egiteak bien arteko konfidantza areagotzea ekarri du, eta horren islada da ‘Beste denbora batean’ disko autoekoiztu hau». Pop ukituak eta tono alaiagoa du Garirenak.
Zortzi kantuotan, Jon Benito, Mari Luz Esteban, Igor Elortza eta Juan Luis Zabala idazle eta letraegileen laguntza izan du Garik. «Jon Benitorekin aspaldiko harremana daukat, eta ideia sinpleei buruz aritzean zen gure ideia, betiko hitz luze eta potoloak alde batera utzita, azkenean esanahia ere galtzen dutelako» aitortu du Garik.
Juan Luis Zabalak jadanik argitaratutako poema batzuk aurkeztu zizkion Gariri, baina honek ez zion tonoa aurkitzen letrei, ezin kantua osatu beraz. Beranduago, oraindik argitaratu barik zituen letrak eskaini zizkion Zabalak, eta «beste tono bat» topatu zuen Garik hauengan. Eta diskora ekarri ditu.
ETAren armagabetzea inspirazio iturri
Eguneroko gauza txikiei arreta jarriz osatu ditu kantuak oraingoan Garik, «gai potolo eta transzendentalak, eguneroko sare sozialetan ikusten ditugun glamour kontuak alde batera utzita», eta ETAren armagabetzearen gaineko albiste, zutabe eta iritziak irakurritakoan adibidez, arnasa hartzea izan zen kantariarentzat Mari Luz Estebanen ‘Desira’ poema irakurtzea. Irakurri, gozatu eta kantua osatu zuen. Diskoko azken grabazioa da eta free jazz doinuek janzten dute kanta, hasieran Gariren ahotsa eta kitarra besterik ez dira entzuten hiru bat minutuan, eta amaieran talde osoak zuzenean parte hartzen du jazz giro bat sortuz, eta guztiaren artetik Gorka Benitezen saxoa gailentzen da.
Abenduaren 29an Elgetako Espaloia kafe antzokian aurkeztuko du diskoa Garik, urtarrilaren 4an Donostiako Victoria Eugenian arituko da, eta otsailean Bilboko Arriaga antzokian eskainiko ditu bere kanta berrienak azken hamarkadetan agertoki gainean dabilen musikariak.