Dudak uxatu eta garaipen garbia eskuratu du Artolak Arteagaren aurrean (22-11)
Dudaz beteriko hasiera baten ostean, Iñaki Artolak buelta eman dio bere buruari eta partidari eta Axier Arteaga baino askoz gehiago izan da. 22-11 nagusitu da Alegiakoa. Final-zortzirenetan Erik Jaka izango du aurkari, hurrengo ostiralean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Abiatu da buruz-burukoa.
Jokoaren ekimena Arteagarena izan da lehen tantoetan. Artolak ez zuen asmatzen eta lekua ezin aurkitu ibili da. Horrek ere izan du isla markagailuan eta lasartearra 2-5 jarri da aurretik. Bi akatsekin arnasa eman dio alegiarrari eta ez du aukera pasatzen utzi.
4-7 gainetik zebilen Arteaga eta une horretan askatu da Artola, askoz biziago jokatzen, pilota urruti jartzen eta aurkaria behartuz. Erreskadan hamairu tanto egin ditu Baikoko aurrelariak, partida hautsiz. Honela, partida 17-8an jarri da abiada bizian.
Pilota gurutzatu eta Arteaga frontisetik urruti izan. Hauek izan dira Artolak jarritu dituen argibideak. Eta ezin hobe atera zaio. Lasarte-Oriako pilotaria, aldiz, hasierako erreztasunik gabe, ezinean ibili da. Aukera handirik gabe eta asko arriskatuz, baina asmatu gabe.
Tanto-ilara amaituta, Arteagak sakea berreskuratu du eta horrekin batera itxaropen apurrak. Baina, lau tanto poltsikoratu ostean, airez izandako aukera garbi batean huts egin eta bertan amaitu dira bere aukerak. Artola zuzenean joan da 22.era.
Garaipen honekin final-zortzirenetarako txartela eskuratu du Alegiakoak eta bertan du zain urte hasiera beldurgarria daraman Erik Jaka. «Inork ez zuen nahi buruz-buruko honetan Erikekin topatu», onartu du Artolak. Gaur zortzi neurtuko dituzte indarrak Tolosako Beotibar pilotalekuan.