INFO

Erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako

Usurbilgo Udalak manifestazioa deitu du abenduaren 13rako, Zubietako erraustegiaren aurka. Probaldi fasean hasi zen atzo eta horrek usurbildarrei eragiten dien kezka jasotzen duen mozioa onartu zuen Udalak.

Ke zuria isuri zuen atzo Zubietako erraustegiak, probaldi fasean sartuta. (NAIZ)

Usurbilgo Udalak erraustegiaren aurkako urgentziazko mozioa onartu zuen atzo egin zuen osoko bilkuran, errauste-planta probaldi fasean sartu zen egun berean. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta berak bakarrik bozkatu zuen alde, EAJk eta PSEk aurka egin zuten. Mozioarekin batera abenduaren 13rako manifestazioa deitzea onartu zuen Udalak, 19.00etan Joxe Martin Sagardia plazatik abiatuta.

EH Bilduk bere testuan nabarmendu zuenez, erraustegia probaldi fasean hasi zen Europako Legebiltzarrak klima larrialdeia deklaratu zuen egun berean. «Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi, baina tamalez ez da broma. Gaurkoa egun beltza eta tristea da», eta horren adierazgarri da «Zubieta gainetik egun osoan zehar» ikusi zen ke etengabea.

Mozioak erraustegiak herritarrei eragiten dien kezka jasotzen du eta Usurbilgo Udalari eskatzen dio Gipuzkoako ahaldun nagusiari bilera eskaera egiteko, «erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko».

Gainera, alkateari eskatzen zaio Gipuzkoako alkate guztiei eskutitza bidaltzeko, «non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien».

Horrekin batera, udaletxeko balkoian «xingola beltz erraldoi bat» zintzilikatzea proposatzen du mozioak, «protesta modura», eta herritarrei gauza bera egiteko eskatzen zaie.

EH Bilduk Usurbilgo kaskotik ikusten zen argazkia eraman zuen bilkurara; bertan erraustegitik ke zuria ateratzen zela ikusten zen. 

Udalak igorritako oharrean zehaztu duenez, «EAJtik, hasieran, argazki horretan ageri dena zer den ez dakitela esan dute». Probaldi fasearen hasiera atzoko iragarrita zegoela argitu ostean, irudi horrek kezka eragiten ote dien galdetu zien Agurtzane Solaberrieta alkateak oposizioko kideei, «eta erantzuna baiezkoa izan da».