Konstituzio espainolari txistu egin dio ozen Sortuk Bilbon, «herrien kartzela» dela salatzeko
Konstituzioaren Egunean horren kontrako protesta ikugarria (eta entzuteko modukoa) egin du Sortuk Bilbon. Gobernu espainolak bertan duen egoitzaren aurrean txistukada egin du, bai eta Franco eta egungo eta aurreko erregeen argazki handiak buruz behera jarri ere.
Gobernu espainolak Bilbon duen Ordekaritzaordetzaren aurrean protesta ikusgarri baten bidez egin dio harrera Sortuk Konstituzio espainolaren gaurko ospakizunari.
Bertan, Francisco Franco, Borboiko Juan Carlos eta haren seme Feliperen argazki erraldoi bana buruz behera jarri dituzte Sortukideek, eta Espainiako ereserkia bozgoragailuen bitartez entzunaraziz txistukada egin dute ozen-ozen, era honetan musika estaliz.
️Konstituzioari ozen egin diogu txistu, Bilbon, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaordearen aurrean
— SORTU #HERRItmoaBIZItu (@sortuEH) December 6, 2019
️Gran pitada a la Constitución, frente a la Subdelegación del Gobierno en Bilbao#GoraHerria pic.twitter.com/3c3dNSflhX
Plaza Eliptikoan egindako ekintza honetan 35 aktibista inguruk hartu du parte, Sortuko elastiko zuriak jantziz.
Txistukadaren batera pankarta zabaldu dute argazkien aurrean, ‘España, herrien kartzela. Askatasuna’ leloa zuena.
Urtza Alkorta eledunak laburbildu duenez, «Konstituzioak ez zuen frankismoa hautsi eta Francok ezarritako bi oinarriak bere egin zituen: Espainiaren batasuna eta kapitalismoa. 1978ko erregimena elite ekonomikoen eta oligarkiaren mesedetan aritu da eta ari da, langile klasearen kaltetan».
«1978ko erregimena, horrenbestez, herrien eta pertsonen kartzela dugu –erantsi du Urtza Alkortak, ekintzaren nondik norakoak azaltzeko–. Guk argi dugu: beharrezkoa da haustea, askatasuna eta autodeterminazioa eskubidea gauzatzeko».