INFO
Elkarrizketa
Amaia Gozategi Urbieta
ZainBIZI elkarteko sortzailea

«Heriotzak bizitzarekin konektatzen gaitu»

Heriotzaren inguruan naturaltasunez hitz egiteak dituen onurak ikusita, Amaia Gozategik urte asko daramatza ikuspuntu hori zabaltzen. Bere iritziz, heriotza ez da hizketarako gai erraza, baina horretarako «espazioak» sortuz gero, jendeak gustura parte hartzen du.

Amaia Gozategi.

Hamasei urte inguru dira Amaia Gozategi barne oreka lantzeko talde bat bultzatzen hasi zela bere herrian, Orion. Harrezkeroztik, ibilbide luzea egin du eta gaur egun heriotzaren aurrean jarrera egokiena bilatzen laguntzen saiatzen da, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko beste taldeekin elkarlanean.

Zuen ibilbidean jardunaldi asko antolatu dituzue. Baina, zein izan da egindako lanaren ardatza?
Gure helburua beti izan da norberaren ongizatea bilatzea. Hasieran mandalak eta meditazioa lantzen hasi ginen Mandalara taldean, baina gero beste gai asko jorratu genituen, adibidez, dolua, behar handia zegoelako. Gure jarduera ongizatea bilatzeko tresnak eskaintzera bideratua zegoen eta ongizate hori lortzeko burujabe izatera, hau da, inoren menpe ez egotera. Izan ere, sinetsita geunden lanketa horiek eginez gero, egungo gaixotasun asko ekidin daitezkeela.

Orain, beste fase bati ekin diozu ZainBIZI elkarte berria sortuz.
Bai, eta helburua bide beretik doa, «zaintza bizitzan», hortik elkartearen izena, ZainBIZI. Horretarako, denetariko ekitaldiak antolatzen ditugu: hitzaldiak, tailerrak, musika emanaldiak, antzerkia, bertsolaritza… Euskaldunak garen neurrian, euskal kultura oso baliagarri egiten zaigu gure jardunean. Orain gutxi, adibidez, bost bertsolarik heriotza izan zuten hizpide San Telmo Museoan egindako “Azken bidaia” saioan; Nafarroako aktore batzuk ere clown edo pailazoen bitartez heriotzaren inguruko antzezlanak egiten dituzte, irribarrearen bitartez gai sakonak landu daitezkeela erakusteko.

Zure iritziz, beraz, heriotzak gure egunerokoaren parte bat izan beharko luke…
Bai, ze heriotzak bizitzarekin konektatzen gaitu. Gure ikastaroetara etortzen den jende askok esaten digu ez dakiela ikastaroa heriotzari buruz ala bizitzari buruz izan den. Nik uste dut heriotza presente dagoenean, bizitzaren aurrean beste modu batean jartzen gaituela. Eta hori pandemia garaian oso garbi ikusi da.

Pandemiak heriotza gertuago ikustera eraman gaitu?
Pandemiak etxeko lanak egin gabe harrapatu gaituela esan daiteke. Hau da, gurasoekin heriotzaren inguruan hitz egin gabe, zer nahi zuten jakin gabe… Konfinamendu garaian, adibidez, astean 40 dei erantzuten ibili nintzen, jendearen zalantzak argitzen laguntzeko. Gizarte-pedagogia handia egin dugu eta jendeak asko eskertu digu lan hori.

Horregatik erabaki zenuten azaroan heriotzaren inguruko lehen jardunaldiak antolatzea?
Bai, baina urtebete lehenago bide hori hasia nuen, Kutxa Fundazioaren bitartez “Transitando hacia el final de la vida” proiektua prestatua nuelako. Pandemia iritsi zenean, egitarau hori online ematen hasi ginen eta, egia esan, oso aberatsa izan zen, modu presentzialean baino askoz jende gehiago elkartu zelako. Gainera, ekimen horren bitartez jende oso interesgarria ezagutu nuen eta ekimen gehiago antolatu genituen elkarrekin, adibidez “Agur esateko aukerak covid garaian” hitzaldia. Horren ildotik, inoiz baino behar gehiago zegoela ikusi genuen eta azaroko jaialdia antolatzea okurritu zitzaigun.

Eta lehen edizioaren ondotik, bigarrena…
Bai, lehenbizikoak izugarrizko arrakasta izan zuen, nahiz eta presentzialki gauza batzuk ezin izan genituen egin, eta horregatik animatu gara bigarren edizioa antolatzera. Aurten gauza gehiago egingo ditugu presentzialki, eta, gainera, streaming bidez zabalduko ditugu. Horrela, edozein tokitatik ikusteko aukera izango da, eta ez ikusteko bakarrik, hitzaldietan edo zineforumetan galderak egiteko aukera ere izango da.

Iaz arrakasta handia izan zuen «Hil aurretik nahi dut…» hormaren ekimenak, nahiz eta pandemiaren eraginez herri gutxitan egin zen. Aurten herri gehiagotan egiteko asmoa duzue?
Bai, gure egitarauaren barruan ekitaldi nagusietako bat da. New Orleansen sortutako ekimena da eta kalean “Hil aurretik nahi dut…” izenburua daraman arbel handi bat jartzen da, bertatik pasatzen den jendeak hil aurretik zer egin nahiko lukeen idazteko. Oso interesgarria iruditzen zait, batez ere galdera sinple batetik hausnarketa handiak eragin ditzakeelako, jendeari zer pentsatua ematen diolako.

Heriotza iritsi arte, ez gara horretan pentsatzen jartzen?
Askotan ez, eta horregatik gizartean zabaldu nahi dugun ideia da heriotza iritsi aurretik erabaki batzuk hartu behar direla, adibidez, nola hil nahi dudan. Eta horretarako nire ingurukoekin hitz egin behar dut, eta azaldu nire azken egunak nola izatea nahi dudan, batzuentzat gogorra izan daitekeen arren. Askok uste dute bizitza edozein modutara luzatu behar dela, baina horrek ez du zergatik horrela izan behar.

Azken erabakiak aspaldi daude legez babestuta, ezta?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan 1982az geroztik dago indarrean gaixoaren autonomia babesten duen legea. Baina ezjakintasun handia dago horren inguruan. Eta pandemia garaian argi ikusi da hori, jende askok jo behar izan baitu bioetikako departamenduetara bere eskubideak bermatu ahal izateko. Estatu mailan, EAE da aurreratuen dagoen elkarte autonomoetako bat, baina, aldi berean, ezjakintasun handiena dagoena ere bai, baita medikuen artean ere. Horregatik animatzen dugu jendea hil aurretik azken borondateen dokumentua idatzita uztera.

Medikuen artean ere ezjakintasun handia dago?
Bai, hala da, medikuen formakuntzan ez dago zainketa aringarrietan lan egiteko espezialitaterik, eta beraien kabuz lortzen dute formakuntza osagarri hori. Horregatik gure ikastaroetara erizain eta mediku asko ere etortzen dira. Esaten digutenez, beraien formazioa bizitzara zuzenduta dago, ez heriotzara, horregatik heriotza porrot bezala hartzen dute. Niri atentzioa ematen didan beste gauza bat da medikuei ez dietela erakusten albiste txarrak ematen. Horregatik, gure ikastaroetan gai hori ere lantzen dugu, eta medikuek asko eskertzen digute. Ze gauza ez da gaixoari bakarrik laguntzea, baizik eta ondoan dagoenari ere bai.

Osasun arlotik ez datozen herritarrek ere parte har dezakete formakuntza horetan?
Bai, noski, eta gainera mediku eta herritarren arteko ikuspuntu desberdinak oso aberasgarriak izaten dira. Lehen esan dudan moduan, heriotzak bizitzaren aurrean beste modu batean jartzen zaitu. Hasieran tristura eta haserrea senti ditzakezu, baina gerora uzten duen sentsazioa oso bestelakoa da. Jende askok esaten digu heriotzaren prozesua ondo eramanez gero, pertsona hobea sentitzen dela.

Irakasleekin ere lan egiten duzue, ezta?
Bai, irakaskuntzan mugimendu handia dago, eta pandemia garaian ikastetxe askotan landu duten gaia da, ikasle askok familiako norbait galdu dutelako edo egunero telebistan heriotzaren inguruko albisteak entzuten dituztelako. Hemen ere irakasleak beraiek dira behar hori ikusi dutenak eta lanean jarri direnak. Urte batzuetan lan horrek bere fruitua emango du.