Gasteizko kaleak hartu dituzte ehunka gaztek Ernaiko Jardunaldi Nazionalei amaiera emateko
Ernai gazte antolakundeko Jardunaldi Nazionalei amaiera eman diete ostegun honetan ehuna gaztek Gasteizko campusetik abiatu den manifeztarioarekin. Goizean zehar, burujabetza eta ekologismoa, unibertsitate eredua eta Estatu espainolaren mugak bezalako gaiak jorratu dituzte gazteek.
«Gazteok larrialditik duintasunera» lelopean Gasteizko Campusetik abiatu den manifestazio batekin amaiera eman dio Ernai gazte antolakundeak hezkuntza eta burujabetza ardatz izan dituen Jardunaldi Nazionalei.
Letren fakultatean 18.30ean hasi den mobilizazioan, azken egunetan hausnartu, eztabaidatu eta pentsatutakoa aldarrikapen bilakatu dute gazteek, eta jarraian Gasteizko Gaztetxean hainbat kontzertu antolatu dituzte.
«Gaur Gasteizko kaleak hartu ditugu. Lanpostu prekarioak betetzen ari garenak, ikasteko prezio geroz eta jasanezinagoei aurre egiten ari garenak, emantzipatzea ezinezkoa dugunok... Gu, gazteak», nabarmendu dute manifestazioaren amaieran egindako irakurketan.
Unibertsitate eredua aipatu dute Ernaiko kideek, eta honen «agorpena» eta ikas baldintzak okertzearen eraginez prekarizazioaren azkartzea eman dela gogoratu dute. Gaineratu dutenez, testuinguru honetan datoz unibertsitate lege berria eta baita elkarbizitza legea ere.
Datorrenari aurre egiteko, ezinbestekoa izango da Ernairen ustez «ahalik eta eremu gehienetan antolatuta egotea», ikasle mugimendua historikoki izan baita «herri emantzipatzaileen motore, eta gurean ere hala izango da».
Horien arabera, hezkuntzak «herriarekin eta herritarrekin etengabeko harremanean» egon behar du, eta «etengabeko ekarpena» egin behar dio hezkuntzak burujabetza prozesuari eta baita alderantziz ere.
Heldulekua badute, azaldu dutenez, pasa den ikasturtean eztabaidatu, landu eta ondu zuten bideorria, hain zuzen ere. «Eta adostu genuen norantz joan nahi genuen: Unibertsitate eredu, burujabe, nazional, publiko, komunitariorantz», gehitu dute.
Jarraian, gazteen egoera izan dute mintzagai. Azaldu dutenez, «etorkizuna amestu eta eraikitzeko aukerak lapurtu» dizikiete, baita «desjabetu» ere, kapital metaketarako «pieza» eta «numero» bihurtuz. Covidaren aurretik ere, gazteen bizitzek baliorik ez zutela azpimarratu dute, baina pandemiak «egoera larritu» duela adierazi dute ere.
«Espektatiben-krisi batean» bizitzera behartzen dituen egoerak «erantzuleak» ditu Enairen hitzetan. Besteak beste, «kapitala» eta «IBEX 35aren mesedetan lanean dauden gobernu eta instituzioak», baita «espainiar kapitalismo heteropatriarkal eta autoritarioa eta haien mesedetara lan egiten duten alderdi erregionalistak» ere.
«Isilik eta hotzan nahi gaituzte haiek, bai. Baina ez diegu halako plazerrik emango. Ez gaude konforme, ez gara eskaintzen diguten ogi apurrekin konformatuko. Gasteizko campusa bete dugu egunotan, burujabe izan nahi dugula mahaigaineratzeko, burujabe zentzu guztietan. Gazteok geure buruak gobernatu nahi ditugulako, herri aske eta burujabe batean», nabarmendu dute.
Sistema gelditu eta «guztiz irauli arte» borrokatuko dutela adierazi dute, eta «errotiko aldaketak bultzatzeko burujabetza dugu ezinbesteko tresna». Baita «mobilizazio soziala» eta «kaleak hartzea» ere, zehaztu dutenez. «Gaur egin dugun bezala, edota hurrengo asteburuan Bilbon egingo dugun moduan», gehitu dute.
Bigarren jardunaldia
Gaurkoa bigarren eguna izan da Ernaiko Jardunaldi Nazionaletan. Nikole Ziarrusta eta Jon Arrietan Unibertsitate burujabe, publiko, komunitario eta euskaldun baterantz mahainguruarekin eman diote hasiera egunari Gasteizko Pabeloian.
Egungo unibertsitate eredua aztertu, bere gabeziak eta hobetzekoak azpimarratu eta ikasleek zein Euskal Herriak nolako unibertsitate eredua beharko lukeen izan dute hizketagai.
Bestetik, laster eztabaidagai den unibertsiteetako elkarbizitza legea landu dute. Funtsean ikasle antolakuntza kriminalizatzera eta eta unibertsitate barneko mozal lege moduko bat aplikatzera eramango dituela salatu dute.
‘Espainiar Estatua arrakalatzen’ hitzaldian gazte antolakunde ezberdinek hartu dute parte. Guztiak dira espainiar estatuko nazio zapalduetako eragileak: Arran, Darreu, Yesca, Isca eta Briga.
Egun espainiar estatuak dituen mugen, oztopoen eta aukeren inguruan jardun dira gazteak. Batetik, prozesu konstituziogileetarantz jo behar dela hausnartu dute, eta horietan, «burujabetzak zapalkuntza guztiak gainditzera eraman behar gaituela».
‘Burujabetzatik ekologismora’ hitzaldian, Tasio Erkizia, Oihan Mendo, Jokin Bergara eta Ainhoa Intxaurrandieta bildu dira mahaiaren bueltan. Ainhoa Intxaurrandietak Euskal Herria «etxe moduko bat» dela azaldu du, guztien artean zaindu beharrekoa, eta «leihoak, ateak.... guztia apurtzen ari diren mafiak etxetik bota behar ditugula» azpimarratu du, horretarako borrokatu behar dela gogoratuz.
Jokin Bergara ikerlariaren ustetan, ekologismoa kapitalismoari osorik emendakina egiteko eta hegemonia disputatzeko «diskurtso potenteena» da.
Gero, ‘Sumendi espazio’ autogestionatuan izan da bazkaria, eta ondoren, bertso saioa antolatu dute, Joanes Illarregi eta Ekhiñe Zapiainekin.