INFO

Roglic izango da Euskal Herriko Itzuliko tropelburua; Pogacar ez da lehiatuko azkenean

Primoz Roglic (Jumbo Visma), 2021eko Itzuliko irabazlea, izango da aurtengo lasterketako tropelburua. Iaz, Pogacar herrikidearekin izandako dema estua, ordea, ez du izango aurtengo Itzuliak. 23 talde eta 160 txirrindulari baino gehiago arituko dira Euskal Herriko errepideetan. 

Roglic, 2021eko Itzulian, Arrateko igoeran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean aurkeztu dira 2022ko Itzuliko maillot ofizialak. Bertan, apirilaren 4an hasiko den lasterketan parte hartuko dutenen zerrenda ofiziala ere aurreratu da. Lasterketa hori Arraten amaituko da, hilaren 9an, sei etapa jokatu ondoren.

Hala, Primoz Roglic (Jumbo Visma), 2021eko edizioko irabazlea, izango da aurtengo lasterketako tropelburu. Zoritxarrez, baina, Itzuliak ez du jasoko bere herrikide Pogacarrekin eduki zezakeen dema estua –pasa den urtean erakutsi legez.

23 talde eta 160 txirrindulari baino gehiago izango dira tropelean eta, besteak beste, izen hauek nabarmenduko dira: Roglicen taldekide Jonas Vingegaard, iazko bigarrena, eta Sepp Kus, Enric Mas (Movistar), Jon izagirre (Cofidis), Geraint Thomas eta Adam Yates (Ineos Grenadier), Julian Alaphilippe eta Remco Evenepoel (Quick Step Alpha).

Hondarribian abiatuko da Itzulia eta lehendabiziko etapan 7,5 kilometroko erlojupekoan lehiatuko dira txirrindulariak. Bigarrengoa Nafarroatik igaroko da, Leitza eta Viana lotuko ditu 207,92 kilometroko lasterketak, Itzuliko luzeena. 

Laudion hasi eta Amurrion bukatuko da hirugarren etapa, 181 kilometro lehiatu ostean. Araban hasiko da laugarrena ere eta Zamudioko Igeteam Parkean amaituko da (185 kilometro). Azkenaurrekoak, Zamudio eta Mallabia batuko ditu (163 kilometro) eta azken egunean, apirilaren 9an, Eibarren hasi eta Arraten bukatuko da lasterketa (135 kilometro).

Julian Erasok, Euskadiko Txirrindularitza Erakundeen presidenteak, azken bi urteak ekarri ditu gogora, pandemiagatik «gogorrak» izan direnak. Aipatu du badirudiela pandemiatik ateratzen ari garela eta horren ondorioz, aurtengo Itzulian jende gehiago hurbilduko dela mendateetara txirrindulariak animatzeko asmoz. Nola nahi ere, iragarri du oraindik ere txirrindulari eta taldeen artean, burbuilak mantendu egingo dira, kirolariak «babestu» asmoz. 

«Egun zailak dira», ziurtatu du Erasok, kezkatuta baitago garraiolarien grebarekin. Espero du eraginik ez izatea eta «Itzulia une txar hauek gainditzeko akuilu izan dadin saiatuko» direla adierazi du. 

Ostegun honetako ekitaldian Itzuliko maillot ofizialak ere aurkeztu dira. Sailkapen nagusiko liderra nabarmenduko duen horiak Banco Sabadellen babesa izaten jarraituko du, eta Eusko Labelek Mendiko puntu gorrien maillota babestuko du, Gipuzkoa Kirolakek erregulartasunaren berdea eta Euskadi Basque Countryk Gazte Onenaren urdina.